Ondoezak eta nahasmendu emozionalak bereizi behar dira.
Presio akademikoa, presio soziala, teknologien presioa… nerabezaroa estuasun handiko etapa da, berez, eta horrek ondoezak ekar ditzake. Baina ondoezak eta nahasmendu emozionalak bereizi behar dira, Garaia osasunerako sustapen zentroko Ainhoa Lauzirika eta Ixone Akarregi pedagogoen arabera.
Gaizki egotea ere, ongi egotea da. Sare sozialek zabaltzen dituzten irribarre antzeztuen garaian, “ongi”, “oso ongi”, “bikain” egotea arau bihurtu da jendartean, eta batez ere, jendartearen ispilu diren nerabezaroan eta gaztaroan. Bai ala bai, eta denbora guztian, “ongi”, “oso ongi” edo “bikain” egon behar dugu, edo bikain egotearen itxura egin behar dugu, sare sozialetan bederen. Haatik, denbora guztian bikain egote hori ez da dirudien bezain sanoa eta arrunta, eta are gutxiago nerabezaroan. Nerabezaroaren ezaugarrietako bat baita ondoeza sentitzea.
Eta ondoez hori denek sentitzen dute—dugu—, uneak eta egoerak hala eskatzen dutenean. Nerabeak, oro har, ongi daudenaren seinale da, hain zuzen ere, ondoez hori sentitzea. Garaia osasunerako sustapen zentroko pedagogo Ainhoa Lauzirikak eta Ixone Akarregik hala diote: “Lehenik eta behin esan behar dugu gaur egungo gazteak ondo daudela, orokorrean. Hori garrantzitsua da”, dio Lauzirikak. Gero estatistiketan ikusten da ehuneko kopuru txiki batek nahasmenduren bat duela, Lauzirikak emandako datuen arabera, % 20k; “baina gazteen % 80 ondo dago”.
Askotan, ordea, “ongi egote hori” zer den ulertzean nahasteak egoten dira; eta gurasoek zein hezitzaileek, nerabe bat egun batzuetan triste ikustean, ondoez emozionalen bat duela pentsatzen dute, etaparen ezaugarriak direla ulertu gabe. “Nerabezaroaren ezaugarri propioak eta benetan laguntza profesionala behar duten egoerak bereiztea ez da erraza askotan, eta ezta ondoez emozional bat eta nahasmendu bat bereiztea ere. Gu ikastetxeetan horregaz topatzen gara: zertaz ari zara hizketan, antsietateaz, estresaz, ondoezaz edo nerabezaroko ezaugarri propioez?”, dio Akarregik. Beraz, sortzen diren gaizki-ulertuak ikusita, osasun emozionala, ondoez emozionala eta nahasmendu emozionala zer diren bereizteko eskatu diegu Garaiako pedagogoei, kontzeptu horiek argi ez daudenez, bideratu beharrik gabeko ondoez kasu askok, nahasmenduak direlakoan —depresio edo estres kasuak direlakoan, gehienetan—, psikologoaren edo terapeutaren kontsultan amaitzen baitute. Akarregik azaldu du zer den egoera bakoitza:
Osasun edo ongizate emozionala eguneroko erronkei motibazioz eta eraginkortasunez erantzutea da. Osasun emozionalak oreka esan nahi du, baina ez du esan nahi beti emozio atseginekin egon behar dugunik, baizik eta emozio atseginak bizi ditugula, baina emozio desatseginak zelan kudeatu ere badakigula ondoeza sentitzen dugunean. Are gehiago, ondoez emozionala osasun emozionalaren parte da.Ondoez emozionala egunero bizitzen ditugun gatazkek —izan bikote harremana uzteak edo azterketa bat ez gainditzeak, edo familiarekin izan dugun gatazkak…— sorrarazten dizkiguten emozio desatseginei era moldagarrian erantzutea da. Normalean iragankorra izaten da, erantzuna ematen baldin badakigu, behintzat. Ondoez emozionalak, printzipioz, ez du inolako tratamendurik behar, baina egoera hori denboran luzatzen baldin bada edo gero eta intentsitate handiagoarekin agertzen baldin bada, eta emozio horiek arazo bihurtzen ari baldin badira bizitza normal eroateko, orduan esku-hartzea egin behar da, eta nahasmenduari buruz hitz egin beharko genuke.
Emozioak arazo bihurtzen direnean nahasmendu emozionalari buruz berba egin beharko genuke.
Nerabeek eurek, bizi dituzten ondoez egoerak deskribatzeko, presioa nabarmentzen dute gehien. Akarregi: “Presioa nerabeen ahotan askotan agertzen den berba da. Presio akademikoa batetik, baina baita sare sozialekin eta teknologia digitalekin lotutako presioa ere, eta baita, nor izatearekin, pertenentziarekin eta autoirudiarekin loturiko presioa ere”. Pedagogoek diotenez, “jendarte honek sustatzen duen normotipo ideal batean sartu nahi izateak” presioa eragiten die nerabeei, “eta helburu hori lortu nahi izatean, antsietatea eta estresa agertzen dira”. Presio akademikoaz eta sozialaz gain, nerabeek familiaren presioa bizi izaten dute, pedagogoen arabera: “Nerabe perfektua edo seme-alaba perfektua izatearen presioa sentitzen dute”. Presioaz gain, antsietatea eta estresa ere nerabeen ahotan sarri agertzen diren hitzak dira. Pedagogoen arabera, sakonago arakatu behar da hitz horiek erabiltzean benetan dagokien adieran erabiltzen ari ote diren ala ez jakiteko.
Nerabezaroaren ezaugarri propioak eta benetan laguntza profesionala behar duten egoerak bereiztea ez da erraza askotan, eta ezta ondoez emozional bat eta nahasmendu bat bereiztea ere. Gu ikastetxeetan horregaz topatzen gara: zertaz ari zara hizketan, antsietateaz, estresaz, ondoezaz edo nerabezaroko ezaugarri propioez?
Ixone Akarregi, pedagogoa
Ondoeza eta nerabezaroaren ezaugarriak
Presio horiek, gainera, nerabezaroak berez dakartzan ondoezekin egiten dute bat, Akarregik dioenez: “Presio hori guztia etapa ebolutibo horrek dakarren ondoez guztiagaz nahasten da, hormonen asaldura guztiagaz”. Eta koktel horren erdian, nerabezaroa zeharkatzen ari diren neska-mutilek zer behar duten galdetuta, gurasoen begiradan jarri dute arreta pedagogoek: “Familiagaz komunikazio eza adierazten dute eta faltan botatzen dute komunikazio emankorragoa eta arinagoa izatea, eta, batez ere, eurak entzutea behar dute; etengabe aginduak jasotzen aritzearen sentsazioa dute”.
Komunikazioarekin batera, pedagogoek ulermena aldarrikatzen dute, nerabezaroan bidelagun izateko. Lauzirika: “Lehenik eta behin, nerabeak zer momentutan dauden eta nerabe baten burmuina zer momentuan dagoen ulertu behar da. Gure burmuina ez da 25 urte arte garatzen, eta nerabeek ez daukate kopetako lobulua garatua; planifikazioaz, arrazoimenaz eta erabakiak hartzeaz arduratzen dena. Aldiz, saria oso estimulatua daukate, motibazioaren eta emozioen gora-beheren alderdi guztia”. Freno gutxi izatea, beraz, nerabezaroaren ezaugarria da. Baita “oso hedonistak” izatea ere; “aitortza behar dute”, dio Akarregik.
Helduek, bereziki nerabearen gurasoek baina baita inguruan dituen beste heldu erreferenteek ere, hala nola hezitzaileek, begiraleek, osaba-izebek… kontuan eduki behar dute nerabea ondoan daukan helduaren arabera garatzen eta heltzen dela: “Nerabearen garatu edo heldu gabeko garunaren alderdi hori guztia helduaren arabera eraikiko da, haren erreferentziak eskaintzen dioten esperientziaren arabera joango baita garatzen”, Lauzirikaren arabera. “Horregatik da hain garrantzitsua eredu izatea”.
Komunikazioarekin, ulermenarekin eta eredu izatearekin batera, pedagogoek helduaren begiradari ematen diote garrantzia. Hala biribildu du Akarregik: “Nerabezaroa, askotan, zerbait izugarria balitz bezala ikusten dugu, baina nerabezaroa izugarri-izugarri positiboa da. Begirada ederra izan behar dugu eurengana gerturatzen garenean. Nerabezaroa izugarri ederra da eta helduak lagundu behar dio egitura bat eraikitzen eta emozio horiek arrazoinamenduarekin ahalik eta gehien konpentsatzen, ahalik eta orekatuena izateko. Helduak dauka horren ardura”.
Nerabezaroaz singularrean hitz egin dugu orain arte, baina Lauzirikaren arabera, nerabezaroa pluralean jokatu behar da: “Nerabezaroaz hitz egiten ari garenean, garapen etapa bati buruz ari gara hitz egiten, baina gero, gure aurrean Jokin eta Ane ditugu, eta hori ezin dugu ahaztu. Inportantea da jakitea zein unetan dauden, hori jakin behar baitugu harremanak izateko modua eta motibazioak ezagutzeko, baina, era berean, ezin dugu ahaztu pertsonak direla, testuinguru desberdinekin eta bizipen desberdinekin”.
Ongi ez dauden nerabeak
Buru osasunari loturiko arazoez hainbeste hitz egiten den garai honetan, adituen arabera, kasuak, oro har, ez dira bereziki igo, ezta nerabeen eta gazteen artean ere. Ainhoa Lauzirikak nabarmentzen duenez, osasun mentaleko kasuak egon beti egon dira, orain gehiago azaleratzen diren arren: “Orain osasun mentalaren garrantziaz gehiago dakigu eta gehiago hitz egiten da”. Igotzekotan, oro har, antsietate kasuak diraazken urteetan nerabezaroan eta gaztaroan apur bat igo direnak: 10-14 urte bitarteko % 4k pairatu dute antsietatea eta 15-19 urte bitartean, % 5ek.
Datuek erakusten dutenez, nerabeen % 80 ongi dago, baina % 20k arazoak ditu, edo ez daude, behintzat, osasun emozionalari dagokionez, ongi. Lauzirikak adierazi duenez, osasun mentaleko arazoen erdiak nerabezaroan hasten dira, 15 urte bete aurretik, eta arazoen % 75, 18 urtetik behera: “% 20 horretatik erdia, 15 urteak bete aurretik hasten da nahasmenduekin”.