Arantxa Urbe Irazusta | Irakaslea eta hikhasitarra

Galderak 54 urte zeramatzan aidean. Harik eta Javier Fernandez de Bobadilla Ikerbasqueko ikerlari eta BCAMEko (Basque Center for Applied Mathematics) irakasleak, Zariski matematikariak 1970ean planteatutako galdera ebaztea lortu duen arte. Bere ustetan, ordea, galderak planteatzea erantzunak lortzea baino garrantzitsuagoa da. Galdera egokiek hurrengo belaunaldietako matematikarien bidea eraikiko dutelako. Esana omen zuen Einsteinek, “Bizitzaren sekretua ez da galdera zaharrei erantzunak ematea, baizik eta galdera berriak egitea bide berriak aurkitzeko”.

Gogoeta, gainera, ikasleei egiten dizkiegun galderetatik harago eraman beharko genuke: gure jardunari, heziguneko hezkuntza egitasmoa gidatu beharko lukeen talde praktikari, kohesioari eta hezkuntza komunitateko kideen arteko harremanei buruzko ertzetaraino. Zer nahiko genuke izatea Eskola? Zein da gure jardunaren helburu behinena? Desberdintasuna areagotzen duen sistema erreproduzitzeko eskulana sortzea edota “beste mundu posiblea” eraikitzeko jendarte honen alternatiba izango diren pertsonak prestatzea?

Eskola bizitzen ikasteko lekua izatea nahi badugu, egunero galdetu beharko genieke geure buruei zer den bizitza guretzako, benetan bizi ote dugun bizitza. Zer egin dezakedan haurrak, edo gazteak, bere buruari artean egin ez dizkion galderak egiteko.

Nituen galderei erantzun nahian pedagogiaren barrunbeetan barneratu naiz. Bidean, erantzunen bila, galdera berriak sortu zaizkit. Eta ohartu naiz, bidaia batean bezala, helmuga baino interesgarriagoa eta aberatsagoa dela bidea bera. Hor gabiltza neska-mutilei bizitza aurreratzen haiek galdetu eta pentsatu aurretik, jakinik ere ikaskuntza hoberenak galdera onetatik sortzen direla. Ba al dute denborarik galderak sortzeko eta egiteko; ba al dakite/ dakigu galderak egiten?

Ederra da ba bizitza norberak bere kabuz deskubritzea. Are gehiago, beharra somatzerakoan maitasunez eta ulerkotasunez lagunduko zaituen norbaiten babesa sentitzen duzunean. Luzaroan zuen buruei Eskola zer ote den galdetzea opa dizuet. Galdera, iparra non jarri erabaki eta harantz joateko maparik baliotsuena delakoan.