Valentziako Unibertsitateko katedraduna da eta irakasle eta hizlari dihardu Gemma Lluch.
EHUk gonbidatuta heziketa literarioaz eta eskolako liburutegiaren garrantziaz mintzatu zen Leioako irakaslegaien aurrean. Hamarnaka liburu eta artikulu idatzi ditu, irakurketaren sustapenaz, liburuak aukeratzeko irizpideen garrantziaz eta irakurketen bidelaguntzaz, besteak beste.
“Guztiok eduki beharko genuke literaturarako eta eskolako bibliotekarako ondarearen eskubidea”, aldarrikatu duzu. Zergatik egin duzu aldarrikapen hori?
Eskubide kulturalen artean ondare literarioaz gozatzeko eskubidea daukagu. Eskubidea hitza erabiltzen dut eta ez betebeharra. Izan ere, hezkuntza literarioa edo irakurtzea esaten dugunean, ohikoa da jendearen pentsamenduetan obligazioarekin loturiko konstruktuak agertzea; literatura esan eta asperdura etortzen zaio burura jende askori. Eta eskolako biblioteka aipatu orduko, armiarma sareak irudikatzen ditugu, edo zigortzen gaituzten leku bat bururatzen zaigu, makinen eta pantailen makinaria hori guztiaren aurrean. Irakurtzea asperdurarekin lotzen duen diskurtso hori ez dator eskolatik, baizik eta komunikabideetatik, sareetatik eta frustraturiko guraso askorengandik dator. Nire asmoa ikastetxe askotan eta liburutegietan egiten ari diren lan onak balioan jartzea da, beste batzuentzat inspiratzaile bihur daitezen eta benetan eskubide literarioaz gozatzen has gaitezen.
Ikerketa eta argitalpen zientifiko asko egin dituzu irakurzaletasunaz eta heziketa literarioari buruz. Zer bilakaera ikusten duzue haurren, nerabeen eta gaztetxoen irakurzaletasunean?
Guztia aldatu da. Garai bateko nerabe irakurleengandik gaur egungo nerabe irakurleetara guztia aldatu da: oso kontuan izan behar dugu scroll infinituaren kontsumo ereduan hazi direla gaur eguneko nerabeak, Tik Tokekin eta Instagramekin bereziki. Helduak eta nerabeak mugikorraren mendeko diren garaiaz ari gara. Beraz, liburuetara gatozenean ere, beste alor guztietan bezala, pantailen eragina oso kontuan izan behar dugu.
Guk denboran zeharreko hainbat ikerketa egin ditugu unibertsitatean. Alde batetik, book influencer-ek gomendatzen dituzten liburuak aztertzen ditugu, baita liburutegietan nerabeek hartzen dituztenak eta ikastetxeetan irakurtzen dutena ere. 2013tik ari gara book influencer-ak jarraitzen. Hasieran blogak ziren, gero youtuberrak eta gaur egun Tik Tokeko eta Instagrameko perfilak jarraitzen ditugu. Oso liburu ezagunak gomendatzen dituzte, nerabeek asko irakurtzen dituztenak. Batzuk berriak dira eta beste batzuk betierekoak: Cazadores de sombra, Ikusezin, Gose Jokoak, Harry Potter… Horrez gain liburutegietan euren kabuz eta bitartekaririk gabe hartzen dituzten liburuei buruzko analisia egin genuen 130 bibliotekatan. Ondorioa da ez dagoela diferentzia handirik book influencer-ek gomendatzen dituzten liburuen eta nerabeek euren kasa hartzen dituzten liburuen artean.
Helduak eta nerabeak mugikorraren mendeko diren garaiaz ari gara. Beraz, liburuetara gatozenean ere, beste alor guztietan bezala, pantailen eragina oso kontuan izan behar dugu
Liburu horiek zergatik harrapatzen dute irakurle nerabea?
Oraindik ikerketak eta ebidentziak behar ditugu zergati horri buruzko erantzun zehatz bat emateko. Dena den, 15 urteotan nerabeen artean gehien saldu den fikzio narratiboa aztertu dugu eta lan horiek guztiek patroi diskurtsibo berbera jarraitzen dute. Alde batetik liburu autonkonklusiboak daude, hau da, izenburu bakarrean hasten eta bukatzen direnak daude; horiek egitura boskoitza jarraitzen dute: hasierako egoera, hasierako ekintza, ekintza, ekintzaren konponbidea eta amaierako egoera. Adibidez, Ikusezin liburua gisa horretakoa da. Oso gustuko dituzten beste liburu batzuk saga moduan argitaratzen dira: iniziazio kontaketatzat hartzen diren sailak eta trilogiak izan ohi dira. Gizateriaren hastapenetatik, ahozko tradizioan ere iniziazio kontakizunakerabili izan dira. Liburu horien gakoa protagonistak egiten duen horretan dago, traman edo suspensean, eta ez pertsonaiak pentsatzen duen horretan. Bilduma moduan antolatzen diren liburu horietan fikziozko unibertso bakarra partekatzen da liburu guztietan. J. R. R. Tolkienek inauguratu zuen fantasia epikoa 1954an Eraztunen jauna-rekin eta zeresana ematen jarraitzen du aurreko mende bukaeratik J.K. Rowlingen Harry Potter-ek. Sail horietan pertsonaia berberek garatzen dute trama aldiro; diskurtsoaren estiloa antzekoa da; narratzailea orojakilea izaten da eta, bereziki, elkarrizketak baliatzen dira, elkarrizketek erritmo narratiboa azkartzen baitute eta hori da, hain zuzen ere, gaur egungo irakurleek behar dutena, irakurketa oso azkarra.
Liburu horiek harrapatzen dituzte irakurleak, patroi batzuk dituztelako eta irakurleak patroi horiekin identifikatzen direlako, hau da, sailak eskaintzen dieten familiartasuna erakargarria egiten zaielako. Irakurri behar duten hori dagoeneko ezagutzen dute eta, hurrengo liburua irakurtzera doazenean, dagoeneko ezagutzen dituzte pertsonaiak, badakite zer gertatu zaien... Bestalde, bitartekarien kasuan —izan liburutegiko arduradunaren kasua, irakaslearen kasua edo gurasoaren kasua— liburuak erostera doazenean, liburu horiek lasaitasuna ematen diete, bai baitakite nerabeak ezagutzen duten espazio batean murgilduko direla. Ezaugarri hori oso indartsua da liburuekiko mendekotasuna sortzeko garaian. Gainera, idazkeran eta estiloan, Ni-aren erabileran eta elkarrizketaren erabileran, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak ezabatzen dira. Gosearen jokoak sailak, adibidez, erabat ezabatzen ditu muga horiek. Ikus-entzunezkoetatik datorren idazkera da. Hain zuzen ere, horrelako liburuen egileak normalki ez dira ez idazleak ezta irakasleak ere, ikus-entzunezkoetatik datozen gidoigileak dira eta nerabeak harrapatzeko arrazoi garrantzitsua ikus-entzunezko fikzioarekin duen lotura da. Gainera, kontuan izan behar dugu liburu horiek globalizazioari eta unibertsalizazioari loturiko munduak aurkezten dituztela, eta euren kanal birtualekin loturak dituztela, eta ez literaturarekin eta ezta gure iraganarekin edo literatura ikusteko gure moduarekin ere. Horregatik, hezitzaile moduan, geure buruari honako galdera hau egin behar diogu: ze gertatzen da ikastetxeetan nerabeek, ustez, euren gustuko liburuak irakurtzen jarri behar ditugula dioen diskurtsoa erosi dugunean? Alde batetik, ikastetxeetan, ustez, nerabeei gustatzen zaizkien liburuak ari dira sartzen, book influencer-ek gomendatzen dituzten estilo horietakoak, eta era berean, irakurzaletasuna jaisten ari da, zeren gaiari buruzko inkesta guztietan gero eta nabarmenago ageri da “irakurtzea ez zait gustatzen” erantzuna. Irakurzaletasunaren eta fikzio narratiboarekiko interesaren jaitsiera nabarmena ikusten da.
Nerabeek euren gustuko liburuak irakurri behar dituztela esaten da, baina gero eta gutxiago irakurtzen dela diote, hortaz, inkestek. Beraz, gustukoa irakurtze horrek ez dakar gehiago irakurtzea?
Ikerketek berretsi dute irakasle askok euren geletan sumatzen zutena: fikzioaren irakurketa guztiek ez dute literaturaren funtzio guztietarako balio. Denboran zehar egin den ikerketa luze batek erakutsi du fikziozko narratiba askok ez dituztela irakurleen jarrerak, pentsamenduak edo sentimenduak aldatzen, eta gogoratu behar da hori dela literaturari eskatzen zaion funtzioetako bat. Aldiz, literatura lan klasikoek bai, irakurlearen jarreretan eta pentsamenduetan eragina dute eta enpatia hazten dute, baita garapen prosoziala eta egokitzapen soziala ere. Nik ikerketa hori markoan sartuko nuke, ikastetxe guztietan zintzilikatutako nuke eta guraso guztiei erakutsiko nieke. Horrekin ez dugu esan nahi irakurketa mota bat ona denik edo txarra denik, baizik eta eskolako liburutegiak edo eskolak berak eutsi eta babestu egin behar dutela emozioetan, pentsamenduetan eta jarreretan eragiten duen literatura mota hori. Hori da ondare literarioaren ideiarekin babestu nahi duguna.
Ikerketek berretsi dute irakasle askok euren geletan sumatzen zutena: fikzioaren irakurketa guztiek ez dute literaturaren funtzio guztietarako balio
Canon literarioa beharrezko ikusten al duzu ikastetxeetan?
Konstruktu sozial historiko bati deituko genioke literatura canona, berregituraketa eta egokitzapena eskaintzen duten liburu horiei. Gaztelaniazko literaturaren kasuan, La casa de Bernarda Alba aipatuko nuke, hamaika ekoizpenetarako aukera ematen baitu. Liburu horrek oso gaurkoa izaten jarraitzen du, emakumeen kontrako indarkeriaz ari baita. Kasu horretan ama da etxe barruan biolentoa, eta gaur egun gizonak dira biolentoak, senarrak dira… beraz, irakurketa aktualak egiteko aukera handiak eskaintzen dizkigu liburu horrek, ikasleekin ongi lantzen baldin badugu, noski.
Gaur egungo nerabeengandik hain urrun dauden liburuak izanik, batzuentzat zail egiten da ulertzea DBHn Federico Garcia Lorcak 1936an idatzitako La casa de Bernarda Alba edo antzekoak irakurtzea, gaztelaniaz, frantsesez zein euskaraz.
Transzenditzen duten liburuek munduaren ikuspegi aldakorra erakusten digute momentu historiko desberdinetan. Beste adibide bat jarriko dizut: Lehen Hezkuntzako irakurle klub askotan Lazarillo de Tormes-en irakurketak egiten dituzte. Irakurle horiek euren munduarekin zerikusi gutxi duten mundu bat aurkitzen dute liburu horretan, eta haur eta nerabe horiei galdera asko sorrarazten dizkie liburu horrek. Hori da literaturaren balioa; gaur eguneko irakurleek galdetzen dute ea liburuko haurrak zergatik ez dion poliziari deitzen, edo zergatik ez doan Caritasera jateko bila… 10 urteko haur baten buruan ez baita Lazarillo de Tormes-eko mundua kabitzen. Hezkuntza literarioan jabetzen gara gaur egun ez dela erraza horrelako liburu bat irakurtzea, asko eskatzen baitio irakurleari. Testu horien konplexutasuna lantzeko interesgarria da literatura esperientzia moduan proposatzea.
Nola proposatuko zenuke heziketa literarioa garatzea?
Haur Hezkuntzatik hasi behar dugu heziketa literarioa lantzen eta Lehen Hezkuntzan jarraitu eta Bigarren Hezkuntzan amaituko genuke. Heziketa literarioa gauzatzeko lekua eskolako liburutegia izan beharko litzateke. Baina kontuan izan behar dugu heziketa literarioa ez dela soilik Literaturako irakasgaiko betebeharra, bestelako praktikek, adibidez irakurle taldeek, argi utzi dute hori. Heziketa literarioak esperientzia sakonak ahalbidetzen ditu, Literaturaz harago doazenak, Fisikan, Geografian, Artean, Historian…. Arlo horiek guztiak ukitzen ditu eta, era berean, arlo ugariez gain, familiak, irakasleak eta ikasleak inplikatzen ditu; horiek guztiak batzeko lekua izan beharko litzateke eskolako liburutegia.
Eskolako liburutegiaren defentsa egin duzu zure hitzaldian. Zergatik aldarrikatu behar da eskolako liburutegia?
Liburutegiak ezezagunak dira. Hasteko, ez dute aulkiz eta mahaiz beteriko lekua izan beharrik. Sofak jar ditzakegu bertan, edo lan egiteko bestelako guneak sor ditzakegu, bereziki elkarrekin lan egiteko guneak… Lan horietako bat irakurtzea izan daiteke, baina baita bideoak edota ikus-entzunezkoak ikustea eta bestelako praktikak egitea ere. Irakurle taldeak elkartzeko leku aproposak dira, baita familiekin erabiltzeko espazioak ere. Eskolako liburutegiaren definizio giltzarria da ikasketa gunea dela; aktore ugari eta maila ugari batzen dituen espazioa da, hainbat irakasgai batzen dituen gunea. Hori dio Unescok. Robotika eta irakurketa isila batu daitezke liburutegian.
Fikziozko narratiba askok ez dituzte irakurleen jarrerak, pentsamenduak edo sentimenduak aldatzen. Aldiz, literatur lan klasikoek bai
Adibide bat jar zenezake?
Lehen Hezkuntzan ikasleak Odisea lantzen ikusi ditut. Hezkuntza maila desberdinetako haurrek itzulpena eta ilustrazioa lantzen dituzte, baina baita arlo desberdinak ere, hala nola, Geografia, Artea, Historia, Teknologia… Azken emaitza moduan, ikasleek matematikak eta arteek duten erlazioari buruzko bideo bat egin behar dute. Horretarako balio digu heziketa literarioak. Izan ere, aurreko belaunaldiek guretzat sortu dituzten mundu posibleekin esperimentatzea esan nahi du heziketa literarioak, eta guk gure haurrekin eta gazteekin esperimentatu nahi izatea eta haiek gai izan daitezela euren kasa esperimentatzeko behin eskola utzi ondoren.
Hori esanik, garrantzitsua iruditzen zait liburuen funtzioak bereiztea: alde batetik eskolan irakurriko ditugun liburuak dauzkagu, eta, beste alde batetik, aisialdian eta kontsumo partikularreko material gisan irakurtzen ditugun liburuak daude. Haurrek eta nerabeek kontsumo partikularrean nahi dutena edo familiek egoki ikusten dutena irakur dezatela, baina eskolaren kasuan gure helburua heziketa literarioa baldin bada, irakurketa lehenetsi behar dugu. Eta irakurketa diodanean ez dut esan nahi “hartu Kixotea eta irakurri etxean”. Hori ezin da egin, ez dauka zentzurik. Proiektu bat proposatzeari buruz ari gara, eta, horretarako, agian ez da beharrezkoa obra klasiko osoa irakurtzea. Irakasleak egoki ikusten dituen atalak irakurtzea oso baliagarria izan daiteke heziketa literarioari begira.
Oso interesgarria izan zen EAEko ikastetxe batzuek parte hartu zuten Quijote News proiektua: nerabeek Kixotearen garaiari loturiko egunkari bat egin behar zuten eta horretarako irakasleek gomendatutako pasarteak irakurri behar zituzten. Kontua da Kixoteak eragin zien jakin-minak nerabe asko liburu osoa irakurtzera animatu zituela, nahiz eta ez obligazio izan. Gisa horretako ekintza kolaboratiboetarako aukerak eskaintzen dituzten proiektuak oso interesgarriak dira. Horretarako canon literarioa oso baliagarria da. Beraz, irakasleok egin behar dugun galdera izango da nola irakurtzen dugun literatura. Galdera da: nola? Nola irakurtzen ditugu liburuak? Eta zer egin dezakegun hezkuntza komunitate osoak parte har dezan, ondare literarioa ez baita Literaturako irakasgaiaren egitekoa soilik. Oso garrantzitsua da liburuen gaineko proiektuetan familiak txertatzea, haiek baitira lehenengo bitartekariak.
Aipatu duzu beste kontu bat direla eskolatik kanpo irakurtzen diren liburuak...
Arazoa da nerabeak eta irakurle gazteak beti gauza bera irakurtzen ari direla. Sare sozialetako algoritmoak gure tankerakoak diren pertsonen erreferentziak soilik eskaintzen dizkigun modu berean, irakurketa horiek nerabeak eurak diren bezalako erreferentziak itzultzen dizkiete beti. Irakurketa errepikakor horretan ez dago aniztasunik, berez irakurketak dakarren aniztasun hori ez dute eskaintzen euren kasa edo eraginpean hautatu ohi dituzten liburuek.
Irakaslearen egitekoa da irakurketan laguntzea eta erremintak ematea ikasle hori pertsona heldu bihurtzen denean ez dezan irakurketa abandonatu
Zein irizpide izan beharko genituzke kontuan liburuak hautatzeko garaian?
Irizpideak oso garrantzitsuak dira. Baina gogoratu, galdera ez dela zer, galdera da nola irakurtzen ditugun liburuak. Ibilbideak egin behar dira Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan. Oinarrizko heziketa guztia ikastetxe berean edo bederen zati handia zentro berean egiten denean, nahiko erraza da ibilbide horiek diseinatzea. Irakurketetan hazten joan ahal izateko garrantzitsua da irakurketen artean elkarrizketak sortzea. Haur Hezkuntzak Lazarillo-ren egokitzapenak irakurri baldin badituzu, interesgarria izango litzateke Bigarren Hezkuntzan Lazarillo-ren esperientzia hori hartzea eta gogoratzea.
Beraz, nola horri begira, ikasleei proposatuko dizkiegun proiektuen bidez eragin dezakegu motibazioa, ez hainbeste zer horretan edo irakurketaren objektuan. Literatur hezkuntzan irakaslea gida bat da. Irakasleak ezin dio ikasleari liburu bat eman bere kasa irakur dezan; irakasleak bidelaguntza eskaini behar dio. Liburu horren irakurketa bidelaguntza bat da; irakasleek askotan pentsatzen dute bidelaguntza horretan egiten diren ekintzak denbora-galtzeak direla, eta ez, gai askotarako bidea irekitzen dizun testu klasiko baten irakurketan bidelaguntza egitea ez da denbora galtzea, esperientziak eskaintzea da. Irakaslearen egitekoa da irakurketan laguntzea eta erremintak ematea ikasle horrek, pertsona heldu bihurtzen denean, ez dezan irakurketa abandonatu. Ikasleak, irakurketaz goza dezan, konpetente izan behar du, eta, horretarako, erremintak behar ditu.
Galdera laburrak
01.Eskola garaiko oroitzapen on bat?
Eduardo Alonso irakaslea eta haren Lengua y Literaturako eskolak.
02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat?
Ahaztuak ditut.
03.Nolako eskola amesten duzu?
Plurala, inklusiboa, sortzailea eta beti erronka intelektualak eta humanoak proposatzen dituena.
04.Zuretzat garrantzitsua den balore bat?
Enpatia.
05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?
bell hooks-en (2010) Ensenyar pensament crític. Editorial Raig Verd, 2022. Josefina Caballek itzulia (Euskaraz: Transgresioa irakasgai, Katakrak. Amaia Apaluazak itzulia).