Nerea Loiola | Idazlea
Gela berrian, irakasle berriarekin eta laguntxo berri artean utzita agurtu dut sei urteko semea; aurten hasi da LHn. Ondoren, eskilarak jaitsi eta hiru urteko semeari lagundu diot HH4ko bere gelara; joan de ikasturteko lagun eta irakasle berberak ditu honek, baina estu heldu dit eskutik. 12 urtekoari ere eskaini diot laguntza goizean esnatu denean, Ezta pentsatu ere, erantzun dit barre artean alai; DBHko etapari ekingo dio.
Berehalaxe, kanpoan nintzen, ikastolako eraikinari begira; ikasturte berria, seme bakoitza hezkuntza etapa ezberdin batean, solairu banatan. Zergatik sailkatzen dira ikasleak beti adinaren arabera eta ez, adibidez, gaitasun motaren arabera, edo gustuen arabera?
Berandu datorren haur bat pasa da aldamenetik bere amonarekin. Sei urteko semearen gelakide berria dela dakidan arren, ez dugu elkar agurtu. Moldatuko al dira gelakideekin? Eta, ni, euren gurasoekin? Eta semeek ez badute irakasle berriekin konektatzen? Eta, nik konektatzen ez badut?
Irailari ilusio usaina hartu izan diot beti, txikitatik; zorionez, daukagun hezkuntza sistema laukituan ongi ematen du nire inteligentzia motak. Eta semeenak lekurik ez badu? Asmatuko al dut haien arteko konparaziorik ez egiten? Eta euren arteko lehiakortasunik ez sortzen?
Bizikleta hartzera nindoala gizon bat maskara jantzita ikusi dut eta hotzikara batek zeharkatu dit gorputza. Etorriko al dira berriz ere COVID-
19ak edo beste pandemiaren batek eragindako neurri murriztaileak? Mugimendu askea eta autonomia baztertu eta automata bihurtu nahiko al dituzte berriz ere gure haurrak?
Etxera bidean, beste guraso batek galdetu dit ea haurra igeriketara izen eman dugun. Ezetz esan diot, ez duela nahi. Gureak ere ez, erantzun dit, baina ohituko da. Beharrezkoak al dituzte eskolaz kanpoko ekintzak? Zein neurritan? Nola neurtu? Eta jolas librea? Gurasoekin denbora pasatzea? Energia eskatzen du horrek, eta bizi gaituen erritmo biziak ez du batere laguntzen. Eta denak ingelesean badabiltza, gurea ez ote da atzean geldituko? Hain beharrezkoa dute, benetan, ingelesa? Artea baino garrantzitsuagoa da? Dantza baino garrantzitsuagoa? Jolastea baino garrantzitsuagoa?
Galdera ugari eta erantzun gutxi aurten ere. Batzuk ikasturte berriak erantzungo dizkit, beste batzuek, ordea, luzaroan itxaron beharko dute…