Irudia berrituta, eguneratuta eta eskaintza zabalduta hezkuntza komunitatetik gertuago izango da Hik Hasi egitasmoa. Eskerrik asko gure bidaide izateagatik!
Jantzi berriekin dator udazkeneko Hazi Hezi. Itxura aldatuta, irudi berriarekin, baina mamiari eutsiz. Hik Hasik egin duen gogoetaren ondorio da Hazi Heziren itxura aldaketa ere. Hezkuntza komunitatetik gertuago egoteko helburuz egin dugu gogoeta, irakasleengandik eta gurasoengandik, familiengandik gertuago egon nahi baitugu aurrerantzean. Hezkuntza eta pedagogia dira Hik Hasiren zutabeak eta norabidea eskaini nahi dizuegu arlo horietan lanean ari zaretenoi, bai eskolan eta baita etxean ere. Horretarako, eguneratu egin gara eta eskaintza zabaldu dugu: Hik Hasi eta Hezi Hezi aldizkarien diseinuak berritu ditugu, webgunea berritu dugu, sare sozialetan dugun presentzia handitu dugu eta idatzizkoari ikus-entzunezkoak gaineratuko dizkiogu zuengandik gertuago egoteko. Hik Hasik zuen bidelagun izan nahi du, helduleku bat eskaini nahi dizue, denok baikara HikHasitarrak, eta zuek eta guk, guztiok batera egiten baitugu Hik Hasi. Guztiok batera egiten baitugu Hazi Hezi.
Irudia berrituta, zuen zalantzei, kezkei eta jakin-minari erantzuteko lanean jarraituko dugu. Zuengandik gertu. Hik Hasi euskal hezkuntza komunitateko hezitzaileentzat informaziorako, elkarrizketarako eta eztabaidarako elkargune izateko helburuz jaio baitzen eta hori izango da gure helburu nagusia etorkizunean ere.