Uda sasoiko aukera ederra da umeentzat udalekuena. Urte osoko errutinetatik aldendu eta denbora beste modu batera pasatzeko aukera ematen du etxetik kanpo egun batzuk pasatzeak. Jolasa oinarri hartuta, harremanak, autonomia eta elkar zaintza osagai dituzten bizi esperientzien leku dira.
Ikasturtean zehar eskolaz kanpoko jarduerak dauden moduan, udan ere eskaintza zabala eta askotarikoa dago haurren aisialdirako: hasi ingeleseko eskoletatik, robotikako laborategietatik pasa eta edozein kirol jarduera arte. Norberaren herrian zein albokoan, goizez zein arratsaldez. Guztiak ere udako kutsuarekin: garaiari dagokion erritmoarekin eta osagaiekin. Halere, bada sasoi honetakoa den eskaintza berezi bat: udalekuena. Astebete edo bi astez etxetik kanpo beste adinkide batzuekin egunak eta gauak pasatzeko aukera ematen duten egonaldiak dira. Andoni Zabalo Euskal Udalekuetako hezitzailearen iritziz, “bizi beharreko esperientzia da. Adin hauetan oso aberasgarria da udalekuetako esperientzia. Seme-alabak gogotsu baldin badaude, guraso gisa ahalik eta gehien animatu behar dira, behartu eta presionatu gabe, baina % 100ean
animatu. Ume bakoitzak bere erritmoa eta bere izateko modua dauka eta bakoitzak ikusiko du, baina gogoz baldin badaude, animatu egin behar dira esperientzia hori ahalik eta azkarren bizitzera”.
Udalekuetako esperientziak bizipen berriak dakartza. Astebete edo hamabost egun elkarrekin 24 orduz bizitzeak aukera berriak irekitzen ditu. “Udalekuek harreman berriak sortzeko aukera irekitzen dute eta lagunartean ongi pasatzeko leku segurua eta sanoa dira”, Zabaloren iritziz. Segurua eta sanoa aipatzen ditu, eta ez dira nolanahiko bi ezaugarri. “Norbera bere testuingurutik atera eta udalekuetara etortzen denean burbuila moduko batean sartzen da eta leku ideala da nork bere burua ezagutzeko eta harreman berriak egiteko. Burbuila horretan elkar zainduz erlazio sanoak edukitzeko aukera izaten da, eta leku segurua izaten da”. Udaleku irekietan ordu batzuetan hezitzaileekin egon arren, ondoren betiko errutinetara itzultzen dira; udaleku itxietan, ostera, harremanen baitan aldaketak gertatzeko aukera gehiago sortzen dira.
Zabalok kontatzen duenez, "udalekuetan denbora librea nola landu eta nola pasa ikasten dute eta erlazionatzeko erremintak ematen zaizkie. Saiatzen gara autonomia landu dezaten bultzatzen, erlazionatzen ikasten laguntzen eta hainbat herritako haurren arteko loturak sortzen”.
Hori dena bideratzeko udalekuen iraupenak badu bere garrantzia. “Euskal Udalekuetan txandak nahiko luzeak egitea gustatzen zaigu. Baina daukagun eskariari erantzuteko txanda motzagoak egin behar izaten ditugu. Horrez gain, egia da gurasoek ere —agian gizartea aldatu delako– nahiago dituztela txanda motzagoak 7-8 urteko seme-alabentzat. Edonola ere, Euskal Udalekuetako ikuspegia ahalik eta txandarik luzeenak egitea da, harremanak eta dinamikak sortzeko aukera gehiago ematen dutelako”, dio Zabalok.
Taldearen aniztasunari ere garrantzi handia ematen diote. “Gure udalekuetan ahalik eta herri gehienetako haurrak egon daitezen saiatzen gara, talde handian joanez gero zailagoa delako harreman berriak egitea”. Aniztasunaren aldeko hautua egiteko badute beste arrazoi indartsu bat: euskara. 45 urte inguru daramatzate euskara hutsezko udalekuak antolatzen. “Euskarak pisu handia du gure udalekuetan. Hau da, gure udalekuak euskaran oinarritzen dira eta helburua txandak irauten duen bitartean haurrek % 100 euskaraz hitz egiteko aukera izatea da. Hori da gure erdigunea. Hortaz, lehentasuna ematen diegu urtean zehar euren herrian euskaraz bizitzeko zailtasuna daukatenei. Iparraldeko edo Erriberako jendeari lekua bermatzen saiatzen gara, esate baterako”. Erlazio berriak sortu ahala, euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko modu berriak ezagutzen dituzte haurrek, eta euren artean sare berriak sortzeko bideak irekitzen dira.
Udalekuak, dudarik gabe, heziketa leku dira. Elkarbizitzan eta eguneroko jardueretan jolasak pisu handia hartzen du eta giro horretan, errespetutik abiatuta elkar zaintzen dute. Naturarekiko gertutasuna nabarmena izan ohi da eta aski frogatua dago horrek ere harreman sanoak izaten laguntzen duela.