Lehen Hezkuntzako Gradua amaitzeko gradu amaierako lanaren barnean, Arabako ASPACE elkarteko kide diren eta garun paralisia duten hainbat lagunekin, robotika hezigarriari buruzko lantegia egin zuen Eñaut Pozok pasatu den martxoan Gasteizen. Txokoak antolatzen eta robotika lantzen aritu ziren bi orduz. Pozok dio interesa, behin eta berriro saiatzeko kemena eta aurrera egiteko ahalmena oparitu zizkiotela parte-hartzaileek.

Lehen Hezkuntzako Gradua amaitzeko osatu behar den gradu amaierako lanari esker, ikaskuntza zerbitzua metodologian oinarritutako esperientzia bizi ahal izan dut. Arabako ASPACE elkartean izan nintzen, hango erabiltzaile diren eta garun paralisi diagnosia duten pertsonei robotika hezigarriaren gaineko lantegia eskaintzeko. 

Esperientziaren nondik norakoan sakondu aurretik, ikaskuntza zerbitzua zer den laburki azaltzea gustatuko litzaidake, ekarpenaren nondik norakoak argiago uler daitezen. Ikaskuntza zerbitzua ikaskuntza prozesuak eta zerbitzu prozesuak uztartzen eta bateratzen dituen hezkuntza proposamena da. Helburua ongi artikulatutako proiektu bakarra sortzea da, parte-hartzaileek ikasten duten bitartean inguruko behar errealei ere ekarpenak eginez. 

Argi dago egungo gizartean aro teknologikoan murgilduta gaudela. Hau da, teknologiak, egunerokotasunaren parte izanik eta zenbait gaitasunen garapenerako bitarteko anitz eskainiz, kultura forma eta eduki berriak sortzen ditu. Hala ere, tamalez, garun paralisia duten pertsonen kolektiboak aukera murritza du, oro har, kultur jardueretan parte hartzeko, eta are murritzagoa alor teknologikoari lotutako edota teknologian oinarritutako ekintzen zein esperientzien parte izateko. 

Horregatik, ikaskuntza zerbitzua metodologiaren bitartez eta Rakel Gamito EHUko irakaslearen gidaritzapean, garun paralisia diagnostikatuta duten pertsonei zuzendutako esperientzia berritzailea eskaintzea erabaki nuen: robotika hezigarriarekin esperimentatzeko saioa, hain zuzen ere. Nire asmoa zen gradu amaierako lana ekarpen sozial txiki bat egiteko baliatzea eta robot hezigarrien erabileran oinarritutako proposamen didaktiko eraginkorra eta dinamikoa diseinatzea, martxan jartzea eta ebaluatzea. 

Arabako ASPACEn eraman genuen aurrera zerbitzua, eta protagonistak elkarteko hamabi erabiltzaile izan ziren, guztiak garun paralisi diagnosia zutenak eta askotariko beharrak eta nahiak zituztenak. Parte-hartzaileak bi taldetan banatu genituen, eta, eta, horrenbestez, saioa bitan errepikatu behar izan genuen: goizez eta arratsaldez. Saioen iraupena bi ordukoa izan zen. Berez, funtzionamendu berari jarraitu genion bi saioetan, baina, momentuko beharrek hala eskatuta, egokitzapen txikiak egin genituen dinamikan. MakeyMakey eta Bee-bot robot hezigarriak erabili genituen. 

Dinamikaren nondik norakoak 

ASPACEra heldutakoan, hango aisialdi arduradunarekin elkartu nintzen, eta ondoren, boluntarioekin. Nire burua zein laguntzaile nituen beste bi lagunak aurkeztu, eta goizeko sei erabiltzaileak heldu ziren. Erabiltzaileak biribilean jarri ziren (boluntarioekin batera), eta hasiera eman genion saioari. Lehenik eta behin, saioa dinamizatuko genuen hiru pertsonen aurkezpena egin nuen berriro ere, eta ondoren mamiari heldu genion. 

Lehendabizi, erabiltzaileek zenbait galderari erantzun zioten: ea etxean ordenagailurik baduten eta, baldin badute, zertarako erabiltzen duten; edota zein jolasetan aritzen diren ordenagailuan... Horrela eman genion sarrera gaiari. Ondoren, parte-hartzaileek saioan zehar erabiliko zituzten Bee-bot eta MakeyMakey robot hezigarriak eskuz esku pasatu zituzten, ukitzeko, probatzeko eta, azken batean, erabiliko zituzten baliabideak ezagutzeko. 

Sarrera horren ostean, saioaren dinamika orokorraren azalpena jaso zuten ASPACEko erabiltzaileek: hiru txokotatik igaroko zirela —bakoitzean hogei minutu emango zituztela—eta, horretarako, bikoteka lan egingo zutela esan genien. Txoko bakoitzean, txoko horretako dinamika azaldu genien, eta, amaieran, gehien gustatu zitzaien txokotik berriz pasatzeko aukera ere izan zuten. Gainera, amaitzeko, saioa ebaluatu genuen guztion artean, eta egindakoari itxiera eman genion. Baina, zein izan ziren hiru txoko horiek? Dinamika orokorra ongi ulertzeko, ezinbestekoa da txokoen deskribapen sakonagoa egitea. 

Lehenengo txokoa Banana-pianoa izenekoa izan zen. Txoko horren helburu nagusia musika eta esperimentazioa batzea zen. Hau da, txoko horretan, banana batzuen bitartez, erabiltzaileek pianoa jotzeko aukera zuten. Nola? MakeyMakeyari eta ordenagailuko aplikazio bati esker, banana bakoitzak musika nota baten soinua egiten zuen. Hala, erabiltzaileek banana bat ukitzen zuten bakoitzean, nota jakin bat entzun zezaketen, eta musikarekin jolasteko aukera zuten era horretan. Erabat txundituta geratu ziren banana batek soinua egin zezakeela ikusi zutenean! 

Bigarren txokoa, berriz, Penalti! izenekoa izan zen. Txoko horretan, erabiltzaileek ondo pasatzea zen helburua. Horretarako, zilarrezko paperez egindako baloi txiki bat erabilita, ASPACEko hamabi erabiltzaileak benetako futbolari senti zitezkeen. Ordenagailuko pantailan atezain bat ikusten zuten, eta, zilarrezko baloia kolpatzen zutenean, atezain horri penaltia jaurtitzen zioten. Aipatzekoa da guztiak izan zirela txokoan parte hartzeko gai baina erabiltzaile bakoitzak duen garun paralisi motaren arabera zilarrezko baloia ukitzeko modu berezia zutela: batzuek oinarekin ukitzen zuten, beste batzuek eskuarekin, boluntario baten laguntzarekin ukitu zuenik ere izan zen… 

Hirugarren txokoa Bee-bot txokoa izan zen, eta beste baliabide baten laguntzaz egin genuen jarduera: hain zuzen ere, erle itxura duen Bee-botarekin. Erabiltzaileen eginbeharra erlea etxeraino gidatzea zen, laukiz osatutako ibilbidean erleak egin behar zituen mugimenduak programatuz. Esan daiteke txoko hori izan zela konplexuena; azken batean, logika ariketa konplexua egin behar zen eta, horren ondorioz, erabiltzaile guztiek ezin izan zuten eskatutakoa egin. Horientzat laugarren txokoa diseinatu, eta martxan jarri genuen. 

Txoko gehigarria. Arrainen jolasa izena jarri genion eta, lehen bien modura, MakeyMakeyan oinarritzen zen. Hirugarren txokoaren ordezkoa izanik, ez zuen konplexutasun handirik, eta bertan ondo pasatzea zen helburua. Jokoa bikoteka jokatzen zen. Txoko horretan, erabiltzaileek euren bikotekidearen aurkako partida jokatu behar zuten. Arrainak ordenagailuaren pantailatik pasatzen ziren eta, erabiltzaileek zilarrezko paperez egindako sakagailua sakatzen zutenean, pilota batek arrainak kolpatzen zituen eta puntuazio jakin bat ematen zien. Erabiltzaileetako batek 50 puntu lortzen zituenean, jokoa amaitu egiten zen. 

Balorazio positiboa 

Horrez gain, erabiltzaileek, jarduera bakoitzaren amaieran, txoko bakoitza ebalua zezaketen, hainbat kolore erabiliz: txokoa asko gustatu bazitzaien, berdea; erdizka gustatu baldin bazitzaien, horia; eta, azkenik, txokoa gustuko izan ez bazuten, gorria. Banana-pianoa, Penalti! eta Arrainen jolasa txokoak oso gustuko izan zituzten erabiltzaile guztiek. Bee-botaren kasuan, berriz, gehienek oso gustuko izan zuten arren, hiruk esan zuten soilik erdizka gustatu zitzaiela.

Zeharkako balorazioari erreparatuz gero, hau da, erabiltzaile bakoitzak zein txoko errepikatu zuen aztertuz gero, ikus daiteke koherentzia dagoela parte-hartzaileek modu zuzenean balioetsitakoaren eta gerora errepikatutako txokoen artean. Aurretik aipatu dugun moduan, Banana-pianoa eta Penalti txokoak izan ziren ondoen balioetsitako txokoak, eta ekintza edota jolasa errepikatzeko aukera izan zutenean, horiek hautatu zituzten. Tarte horretan, bi txoko horietan bildu zen jende gehien. Aldiz, soilik erabiltzaile bakar batek errepikatu zuen Bee-botaren txokoa, eta gauza bera gertatu zen Arrainen jolasa izeneko txokoan ere. 

Boluntarioen zein aisialdi arduradunaren balorazioak ere oso positiboak izan ziren, eta haien esker hitzak oso motibagarriak. Azken saioaren (edo saioen) helburua zen garun paralisia duten ASPACEko erabiltzaileei robotika hezigarriarekin esperimentatzeko aukera eskaintzea, eta, lerro hauetan esperientzia moduan jaso dugun proposamen didaktiko berritzailearen diseinuari eta inplementazioari esker, elkarteko hamabi erabiltzailek hori bete eta bizi izan zuten. 

Bizitzako balioak ere aldatzen dira 

Pertsonalki, ikaskuntza ugari ekarri dizkidan esperientzia aberasgarria izan da. Besteak beste, saioek inklusioaren pertzepzioa zein zoriontasuna ulertzeko eta sentitzeko modua aldatu zidatelakoan nago. Parte-hartzaileek euren interesa, behin eta berriro saiatzeko kemena eta aurrera egiteko ahalmena oparitu zizkidaten, eta horrek benetako inklusioaren beharraz zein esku artean ditugun erronkez jabetzeko aukera eskaini zidan, eta etorkizuneko irakasle gisa justizia sozialaren alde lan egiteko ardura piztu. Era berean, ASPACEko erabiltzaileak oso gutxirekin zeinen zoriontsu izan daitezkeen ikusteak askotan behar duguna baino gehiago nahi izaten dugula pentsatzera eraman ninduen, eta horrek zoriontsu izateari buruzko ikuspegia aldatu zidan. 

Ekarpen honi amaiera emateko, beharrezkoa da boluntarioei buruz mintzatzea, esperientzia hau eta bestelako hezkuntza, kultur edota aisialdi ekintzak eskaintzeko eta aurrera eramateko ezinbesteko delako eta garun paralisia duten pertsonen modura laguntza beharra duten beste kolektibo batzuen egunerokotasunaren oinarri direlako horrelako jarduerak. Aniztasunak, askotan, alderdi onak ditu, elkarlana esaterako, baina, aldi berean, pertsona orok gizartean partaidetza integrala izateko eskubidea bermatzeko, beharrezkoa da trataera edota erantzun indibidualizatua ere ematea beharrizanei. Boluntarioek konpromisoa dute gizartearekin, eta inplikazio erreala erakusten dute. Modu desinteresatuan jarduten badute ere, trukean, ondoan duten pertsonen esker beroa eta irribarrerik politena jasotzen dituzte. Eta zuk? Nahi duzu zoriontasuna trukatu? Jarri ASPACErekin harremanetan, keinurik txikiena ere bi norabideko aukera paregabea izan daiteke-eta!