Gorputzaren aldaketak nabarmenak dira haurdunaldian, baina haurdun dagoena bera eta haren ondoan daudenak ere jabetzen dira aldaketa fisikoez gain, garunean ere aldaketa esanguratsuak gertatzen direla eta lagungarri direla haurdunaldian, erditzean, ume jaioberriarekin lotura egiteko eta haren zaintzan murgiltzeko.

Erditzeko prestaketak leku garrantzitsua hartu du haurdunaldian eta umea izatera doazen guraso gehienak joaten dira prestakuntza saioetara. Bien bitartean, gorputzak, bere aldetik, bere aldaketa eta egokitze prozesuarekin jarraitzen du, eta baita garunak ere. Haurdun dagoen emakumearen burmuina eraldatu egiten da eta horrek izugarri laguntzen dio amari umearekiko lotura egiteko. Julene Armendariz pedagogo perinatalak halaxe baieztatzen du: “Gaur egungo neurozientziak erakusten du haurdunaldian aparteko gertaerak pasatzen direla arlo fisikotik harago, eta horietako bat burmuinaren eraldaketa da. Espezie gisa dugun zeregin garrantzitsuenetako baterako prestatzen da burmuina: haurdunaldirako, erditzeko eta haurra zaintzeko. Naturak horretarako eta gehiagorako prestatzen ditu amak —ama ugaztun guztiak— eta horregatik da hain garrantzitsua amei haurdunaldi lasaia eskaintzea, behar duen denbora eta tokia eman diezaion eta gertatu behar diren prozesuak gerta daitezen.


Garunaren eraldaketa
Zer da, zehazki, garunean gertatzen dena eta zein ondorio ditu eraldaketa horrek? Ikerketa neurobiologikoek erantzuten diote galdera horri, esanez haurdunaldia plastizitate handiko garaia dela, neurona berriak sortzen diren unea. Hori gertatzen den bizitzako garai bakanenetakoa da. Garunaren neurria ere aldatu egiten da, txikitu egiten da, hipofisia izan ezik, erditzerako hormonak sortzen dituen zatia. “Arlo honetan, Espainiako ikertzaile talde batek egin duen ikerketa baten emaitzak Neuroscience aldizkarian argitaratu dira, eta honako hau ondorioztatzen dute: amaren garunean gertatzen diren aldaketak adimen sozialaren eta besteen pentsamenduak eta asmoak ulertzeko gaitasunaren ardura duten garun-eremuetan gertatzen direla. Horrek amak  jaioberriarekiko duen lotura areagotzen lagun dezakeela adierazten du ikerketak”.
    
Garunaren eraldaketak ahalbidetzen du haurra jaiotzen den unean, amak berarekin emozionalki lotura egiteko prozesua hastea, besteak beste. “Erditze fisiologiko batean haurra jaiotzen den unean ematen den oxitozina eta katekolamina kantitate handiei esker, haurrarekin guztiz maitemindu ohi da ama”, azaldu du Armendarizek. “Eta ondorioz, haurra zaintzeko desioa sentitzen du, haurraz arduratzen da eta bere biziraupena bermatzeko haurrak beharrezko dituen zaintzak emateko nahia sentitzen du amak. Horixe da naturak diseinatu duen estrategia gure umea zaintzeko, eta ondorioz, espeziearen biziraupenera ziurtatzeko”.

Jaioberria heldugabea da
Horrekin batera Armendarizek dio garrantzitsua dela jakitea gure espezieko kumeak heldugabe jaiotzen direla, alegia, guztiz heldugabe dagoen garun eta organismo batekin. “Naturak horrela izan zedin lehenetsi zuen, arrazoi ezberdinengatik. Horrek zer ondorio dakartza? Besteak beste, haurrak amaren sabelean bizitako haurdunaldiaren ondoren, jaiotzen denean, kanpo haurdunaldi bat behar duela, bere garunak baldintza optimoetan garatzen jarrai dezan”. Hori izango da haur jaioberriaren abiapuntua, oinarrizko kanpamendua, eta hortik hasiko da mundua deskubritzen: beste pertsona batzuen ahotsak, usainak, argiaren intentsitate ezberdinak… “Horrek esan nahi du, haurraren autonomia eta independentzia gara daitezen, funtsezkoa dela hasierako dependentzia hori babestea”.

Haurrak bere biziraupenerako eta garapen optimorako behar-beharrezkoa duena eskatzen du bizitzako lehendabiziko urtean. Horregatik, haurrak espero du bere behar horiek modu azkarrean eta eraginkorrean erantzungo dituen heldua izatea ondoan. Hori horrela denean, haurraren garunak oxitozina jariatzen du, plazera eta maitasunaren hormona. Oxitozinaz betetako lehen urteak haurraren garapen optimoa bermatzen du; haurra seguru sentitzen da, garrantzitsua dela sentitzen du eta bere beharrak kontuan hartuak direla. Testuinguru horretan, babestua sentitzeak bere garapen integral osasuntsua ahalbidetzen du.

“Helduok horren guztiaren kontzientzia hartzen dugunean, haurra modu horretan zaintzeko hautua egitera eraman gaitzake. Horrek, ordea, guk heldu gisa dauzkagun beste behar batzuk alboratzera eramaten gaitu maiz. Aldi batez hori guztia beste plano batean geratzen dela sentitzen dugu, haurraren beharrak erdigunean jartzean gure beharrak ertzetako espazioak okupatzera pasatzen direla, alegia”, dio Armendarizek. “Askotan modu naturalean gertatzen da gurasoak haur jaioberriarengan iraultzea. Hasieran haurra dago erdigunean eta ez da beste ezer existitzen. Nahiko erraza egiten zaigu haurrari begira egote hori, bere beharrak zaintzen. Aldiz, hilabeteak aurrera joan ahala, amak eta aitak beren eremu propioak berreskuratzen hasteko beharra sentitzen hasten dira. Eta zilegi da, jakina!”.

Pedagogo perinatalaren iritziz, momentu batetik aurrera, garrantzitsua da gurasoak haientzat elikagarriak diren tarteak hartzen hastea, plan txikiak egitea. Haurraren adinaren arabera, plan bat edo beste egiteko aukera irekiko da: 3-4 hilabeteko haurrak agian ez du onartuko edonoren zaintzapean egotea. Aldiz, 10 hilabeteko haurra gustura geratu daiteke denbora gehiagoan guraso ez diren beste pertsonekin.

Ez da galera
Ume jaioberriari asko eskaini beharreko garaia ez litzateke galera aldi gisa bizi beharko, Armendarizen ustez. “Izan ere, haurdunaldiaren eta erditzearen ondoren, gu geu ere aldatu egin gara, pertsona berri bat gara orain, eta haurraren zaintza horretan, nor garen berraurkitu dezakegu. Gaitasun, emozio, ikuspegi… berriekin egiten dugu topo gure barne munduan, eta hori oso aberasgarria izan daiteke, lehen geneuzkan ezaugarri batzuk askatu ditzakegulako eta berriak integratu”.

Erditu den amari —burmuinaren eraldaketa handia bizi duenez—, naturalki atera dakioke modu horretan kokatzea haurraren zaintzan. Baina baliteke beste gurasoak ez sentitzea hain garbi hori denik bidea. Jendartean hain zabalduak dauden mezuek eragin dezakete horretan: “Zure ohean sartzen baduzu, haurra ez da sekula irtengo”; “beti soinean eramaten baldin baduzu, horretara ohituko da”; “berriz eman behar al diozu titia? Oraintxe eman diozu-eta! Adarra jotzen ari zaizue…”. Orain arte esandakoari jarraiki, amaren burmuinean gertatzen den eraldaketak eta ume jaioberriaren beharrak ezagututa, mezu horiek ez dute ez hankarik ez bururik, erraz deseraikitzeko modukoak dira, Armendarizen esanetan. “Ulertzen baldin badugu zein garrantzitsua den haurraren garapen psikoemozional osasungarrirako lehen urtean gurasoen unean uneko presentzia, prestasuna… errazago egingo zaigu gure zaintza motari zentzua ematea, jakinda ez dela betiko horrela izango, iritsiko dela haurra gure gonapetik irteten hasiko den unea”.

Haurra heltzen doan neurrian geroz eta autonomoagoa izango da, eta gurasoek denbora gehiago izango dute eurentzat, haurrak ez duelako hainbeste denbora pasako eurekin. “Izan ere, bere bizitzaren hasieran behar zuena eman diogunean, motxila guztiz beteta duela sentituko du, segurtasuna izango du, eta horretaz baliatuko da mundura salto egiteko, jakinda, noski, behar duenean itzuli daitekeela bere oinarrizko kanpamendura, gurasoengana, mundua esploratzen jarraitzeko behar duena hartzera”.


Haurraren kanpo haurdunaldia


Haurrak 9 hilabete inguru pasatzen ditu amaren sabelean, baldintza jakin batzuetan:
- Amaren gorputzarekin etengabeko kontaktua izan du.
- Tenperatura kanpotik erregulatu du amaren gorputzari esker.
- Mugimenduan egon da.
- Amaren soinuak entzun ditu: 
   ahotsa, bihotza, arnasa…
- Elikagaiak behar izan dituenean eman zaizkio.
- Bere behar guztiak guztiz ase egon dira.

Haurrak ezagutzen duen esperientzia posible bakarra, beraz, horixe da, existentzia mota hori. Orduan, zer behar du haurrak jaio eta hurrengo segundo, minutu, egun, aste eta hilabeteetan? Jaio aurretik zeuzkan baldintza berak edo antzekoenak, hau da:
- Amaren (edo aitaren edo eta ama-
   ez biologikoaren) gorputzarekin etengabeko kontaktua.
- Elikagaiak (titia edota biberoia) behar duen aldiro hartu ahal izatea.
- Amaren ahotsa, bihotza, arnasa… entzutea.
- Soinean eramana izatea, mugimendua…
- Amaren babesean lo egitea.
- Bere behar guztiak ase izatea.