Eder Etxebarria Rojo, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko irakaslea eta hikhasitarraren iritzi artikulua.
Aurrekoan GAFAMen (Google, Amazon, Facebook, Apple, Microsoft) eskuetan dauden hodeietan lan egiteari buruz aritu nintzaizuen. Oraingoan azken horien alternatiba libreak izan daitezkeenak aurkeztera eta euren erabilerak ekar litzakeen abantailak aipatzera natorkizue. Aldez aurretik, “gure hodeian” lanean gabiltzala bermatzeko bete behar diren baldintzak zehaztu beharko genituzke.
Hodeia deritzoguna konektatutako ordenagailuaren (zerbitzaria) eta software baten konbinaketa da. Hortaz, gureak izan daitezke ordenagailua bera edota softwarea. Makinaren jabeak izan gaitezen, ikastetxean txoko bat bideratu beharko genioke zerbitzariari eta kanpoko teknikari batek mantenua eskaini beharko liguke. Makinaren jabetza partekatu nahiko bagenu, ikastetxetik gertu legokeen eta gure konfiantza osoa lukeen erakunde baten zerbitzaria alokatu beharko genuke. Jabetzaren zati bat galduko genukeela ukaezina bada ere, gure makina seguruago legoke eta gainera, gure herrian burujabetza digitalean diharduen erakunde batekin lan egingo genuke.
Hardware-ari dagokionez, aukerak zein diren badakigu. Baina, software-ari dagokionez, zer aukera ditugu? Denak aipatzea oso zaila denez, ikastetxe baten ezinbesteko beharrei erantzungo lizkieketenak aurkeztuko ditut. Nextcloud-ek fitxategiak gordetzeko eta partekazekou, agendak sortzeko eta beste zerbitzu batzuk lotzeko abagunea eskaintzen digu. OnlyOffice Online eta Collabora Online, bulegotika tresna paregabeak dira. Posta zerbitzurako Roundcube instala dezakegu eta irakasleek sortutako material akademikoa Moodle bitartez parteka dezakegu. Azken hiru hauek, halaber, Nextclouden integra ditzakegu. Eta idazkaritza lanetan ODOO kudeaketarako tresna informatikozko multzo librea erabil dezakegu.
Arestian aipaturiko tresna horiek erabiltzen hasiko bagina, makinaren, softwarearen eta datuen jabeak izango ginateke, euskaraz lan egingo genuke, CO2 gutxiago isuriko genuke, gure herrian aktibitate ekonomikoa sortuko genuke, eta batez ere, gure ikasleei kultura digital librea, etikoa eta iraunkorra eskainiko genieke. Has gaitezen gure ikastetxeetan tresna horiei aukera bat ematen, ez gara damutuko eta.