Urriak  31. Arimen Gaua. 

 

 

Eskolan ere ospatzen ditugun jaiak birpentsatzen ari dira hainbat ikastetxe. Dagoeneko erabaki ez badugu, urrian hausnartu dezakegu Gau Beltza ala Halloween ospatuko dugun gure ikastetxean, batak eta besteak dituzten balioak aztertuz.


Duela hamarkada pare bat hasi zen indarra hartzen Halloween festa gure kaleetan, AEBetatik iritsitako pelikulek eta kanpaina komertzialek eraginda. Azken urteetan, Halloweeneko kalabaza enpatxatu arte ikusi dugu merkataritza guneetan, tabernetan, jatetxeetan, mozorro-dendetan, litxarreri zorroetan…  Duela bospasei urte, ordea, Halloween festari lekua kentzen hasi zaio beste jai bat urriaren 31rekin: Gau Beltza edo Arimen Gaua. Euskaltzaleen Topagunearen abaroan eta bereziki Josu Ozaita eta Jaime Altuna antropologoen ikerketen ondoren, Gau Beltza ospatzen hasi dira hainbat herri eta ikastetxe.

Ikerlari horiek dioten moduan, “Gau Beltza arrakasta ziurtaturik duen jaia da, elementu oso erakargarriak dituelako: mozorroak, iluntasuna, beldurra, heriotza…. Orain hausnarketarako tartea hartzea komeni da, udazkenean zer eta nola ospatu nahi dugun galdetuz geure buruari”. Eta garrantzitsua da ikastetxean “modu koherentean” hartzea erabakia, Ozaitak dioen moduan, Halloweenek eskoletan indarra hartu izanaren eragile ingeleseko irakasgaietako jarduerak izaten baitira, kasu askotan.

 

Euskal tradiziotik “hartutako” kalabazak

Gau Beltza festa berria da, baina iturri zaharretik edaten du. Gaurko moldeetara ekartzeko, garai batean Arimen Egunaren bezperetan eta urri bukaeran euskal herrietan zer ospakizun egiten zituzten ikertu baitute, adineko diren pertsonen ahotik. Josu Ozaitak 243. Hik Hasi aldizkarian idatzi zuen moduan, elkarrizketatu haiek kontatu zieten “haurrak zirenean, kalabazak edo arbiak baratzetik ostu, hustu, aurpegi forma eman eta bide bazterretan eta bidegurutzeetan jartzen zituztela jendea izutzeko”. 

Gau Beltza garai bateko jaiaren berreskurapena izan ordez, berrinterpretazioa edo berrasmatzea da, “gaur egungo errealitatera egokitutako jaia”. Berrinterpretazio horretan, eta AEBeko ospakizunak dituen balio kontsumisten aurrean, bestelako balioak lehenetsi ditu Topaguneak: euskara, komunitatea, heriotzaren pedagogia, gazteak, natura, aniztasuna, berdintasuna… Ozaitak eransten duen moduan, “mozorroen berrerabilpenari edo sortzeari garrantzia ematen zaio, hainbat herritan Euskal Herriko neguko jaietan oso hedatua zegoen puska-biltze edo eske-errondak egiten dituzte, non herritarrek janaria ematen duten ostera denen artean komunitatean jateko”. Horrekin batera, esaera berriak sortu dira, “Trunk or treat edo truco o trato” ordezkatzeko helburuz, Nafarroako hainbat bailaratan oraindik mantentzen diren esaerak birfomulatuz: “xanduli, manduli, kikirikiiii... eman goxokiak guri!”, edota “txingili, txangili, txango... gau beltza, beltzago... kalabazek argituko, jana eman arte ez gea jungo”. 

Festaz gain, ospakizun berrituak, gai garrantzitsu bat lantzeko aukera ematen digu ikastetxeetan, Ozaitaren arabera: “Tradizio berria sortzean, nahi den zentzua eta balioak emateko aukera ere ematen du, eta baita hainbat gai lantzeko parada ere: heriotza, esaterako. Heriotza ia tabu bilakatu dugun gizartean, Gau Beltzak edo aurreko egunek heriotzaren gaia lantzeko aukera ematen dute”.

Bat dator Oihana Iturrino Bustindui irakaslea ere. 251. Hik Hasin Gau Beltza eskolan lantzeko proposamenak eskaini zituen artikuluan zioen moduan: “Arimen Egunak edo Gau Beltzak baliabide anitz eskaintzen dizkigu eskolan hainbat gai lantzeko; besteak beste, aldaketa sozialen garapen historikoa, ahozkotasuna eta ahozko literatura nahiz heriotzaren pedagogia, heriotzaren gaiarekiko tabuak gaindituta”. Iturrinok proposatzen du, besteak beste, ikastetxetik abiatuta eskean ibiltzea, eske errondarako mapa egitea, lekukotasunak jasotzea… “Giza eta gizarte zientzietako gai ugari jorratzeko aukera da”.

Topaguneak berak, www.gaubeltza.eus webgunean, ospakizunerako gako asko ematen ditu. Ekintzak egiteko euskarri ugari eskaintzen ditu webguneak: ipuin kontakizuna, kalabaza tailerra, makillaje tailerra… eta euskarazko liburu, film, kantu, hitzaldi eta ikus-entzunezko beldurgarrien katalogo oso zabala biltzen du webguneak. Baliabideak eskura ditugu, orain ikastetxeen aukera da Halloween ala Gau Beltza ospatzea.

 

 

Aro “hilean” sartzea

 

Kristau egutegiaren ospakizun egun garrantzitsu gisa finkatu zen urriaren 31tik azaroaren 1erako gauekoa. Samhain festa zeltiarra bere egin zuen horrela Elizak. Samhain ospakizuna Antzinako Europako leku askotan zegoen zabaldua eta udaren amaieraren eta neguaren hasieraren mugarria finkatzen zuen: urteko aldi “hilaren” hasiera, non lurrak eta bizidunek lo egiten zuten udaberria iritsi bitartean. 

 

Hiru egunetan zehar hainbat festa eta ospakizun egiten ziren hildakoak bizidunen tokira itzultzen zirela ospatzeko. VIII. mendean Gregorio III.a eliza katolikoaren buruak, kristau martirien eguna azaroaren 1ean ipini zuen, Samhain festaren egun berean.