Gaua, atsedenaren paradisua. Haur jaioberri bat etxean duenak, ordea, badaki txanpon horrek beste aurpegi bat ere baduela eta gaua erraz bilaka daitekeela nekearen infernu. Izan ere, haurraren loaren fisiologiak ezaugarri du sarri esnatzea, behar biologikoei erantzuteko. Haurrak sarri elikatzea behar baitu, fisikoki, eta elikadura eta babesa hor daudela ziurtatzea, emozionalki eta psikologikoki. Zaintzailea gertu dagoela bermatzea, alegia. Honen presentzia eta kontaktua sentitzea. Horrek ekarriko dio lasaitasuna, eta eskutik atsedena.

Umearen atseden dena, ordea, gurasoen neke bilakatuko da, beraien loa etengabe etengo baitute haurraren esnatze horiek. Eta loa oinarrizko behar den heinean, gaizki lo egin duten gurasoei nekezagoa egingo zaie haur baten zaintzak, hazierak dakartzan erronkei modu positiboan eta indartsuan egitea aurre. Horregatik, aldizkari honetako erreportaje nagusian Juanjo Quintela psikologoak eta Nahia Alkorta gurasotasun bidelagunak haurraren loaren fisiologia ezagutzearen eta ulertzearen garrantzia azpimarratu dute. Etsipenak eta frustrazioak arintzen lagundu dezakeelakoan ulermenak, nolabait egoera onartzen eta normalizatzen, eta horren araberako neurriak hartzen etxeko guztien loa optimizatzeko. Haurraren beharrak ez ezik, gurasoenak ere asetzeko.

Izan ere, elkarrizketa nagusian Joxe Ramon Mauduit psikoterapeutak eta Cristinak Aznar ginekologo, obstetra eta psikoterapeutak nabarmendu bezala, haur bat hazteak eta hezteak haurraren beharrei erantzutea esan nahi du, bai, baina horretarako, ordea, amaren beharrei, bikotearenei, eta gainerako seme-alaben beharrei ere arreta eskaini behar zaie ezinbestean. Familia-ekosistema osoa zaindu behar da. Haurrak ingurune osasuntsu eta lasai bat behar duelako. Bera zainduko dutenek presentzia bare, orekatu eta indartsu bat eskaintzea ezinbesteko duelako.

Ekosistema egoki hori erdiesteko hiru helduleku proposatzen dituzte Aznarrek eta Mauduitek: informazioa, sentsibilizazioa eta prebentzioa. “Jakin zer zailtasunekin topa gaitezkeen eta horien aurrean nola erreakzionatuko dugun aurreikusi. Badakigu erditu ondoren emakumearen egoera nahiko zaurgarria dela. Aldamenean dagoenak hori dena ulertzen badu, badaki nola lagundu behar dion. Hori aurreikusten ez bada, ordea, bikoteak ustekabeko egoerekin topo egiten du bat-batean, eta oso zaila da horrek dakarren zama jasatea”, dio Mauduitek.

Hain zuzen, horregatik jarri nahi izan du HAZI HEZIk haurren loaren gaia mahai gainean. Quintelak dioen moduan, haur jaioberri baten zaintzan ari den bikote batentzat ezegonkortasuna sortzen duen elementu nagusienetako bat delako lo falta, eta ezinbestekoa delako horretaz informatu eta sentsibilizatzea, egoerari aurre egiteko bideak urratzeko abiapuntua baita. Bide horiek gakoa baitira haurraren ekosistema egoki mantentzeko, haziera orekatu eta osasuntsu bat ziurtatzeko. Loak ez diezagun loa kendu.