KAZETARIA, IDAZLEA, EDITOREA... IDAZTEKO OFIZIOAREN HAMAIKA AURPEGI EZAGUTZEN DITU MENDIZABALEK. SORTZAILE MODUAN HAUR LITERATURAN ARITU IZAN DA, BATIK BAT. HAURRENGAN “ZIRRARA BAT” ERAGITEA DU HELBURU, “MUNDU BERRIAK, EZEZAGUNAK” PROPOSATZEA KURIOSITATEA ESNATZEKO.

Idazteko ofizioaren hamaika erpinak ezagutzen ditu Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, 1968), eta horiek guztiak egin ditu ogibide. Kazetaria formazioz, laster utzi zuen errealitatearen kontakizun objektibo eta zorrotza egiteko saiakera hori fikzioaren mesedetan, subjektibotasunaren eta malgutasunaren izenean. Hala, kazetaritzaren bidetik bere jaioterriko historia jaso-tzeko hainbat liburu argitaratu dituen arren, batik bat haur literaturan aritu izan da idazle gisa 2009tik hona, eta nortasun handiko pertsonaiez osaturiko hamaika lan eman du harrezkero argitara.

Idazle ez ezik, ordea, editorea ere bada Elkar argitaletxean. Beraz, liburu bat argitaratzeko prozesuaren beste aldea ere ezinhobeto ezagutzen du. Idazlearen bidelagun izatea dagokio argitaratze prozesu horretan. Sor-tzaile ez ezik, beraz, sortzaileen lagun izatea era badagokio. Durangoko Azokaren bezperetan, literatur sor-
tzaileen eta horien bidelagunen urteko hitzordu esanguratsuenetako baten atarian, erantzun die HAZI HEZIren galderei.

Idazlea eta editorea. Liburu bat argitara eramateko ezinbesteko bi figura. Elkarlanera, elkar ulertzera kondenatuak. Biak dituzu zuk ofizio. Zein dira bataren nahiz bestearen sekretuak, arrakastarako gakoak, erronkak...? 
Editore lana eginez, idazle izateak (edo alderantziz), bere abantailak badituela konturatu naiz denborarekin. Argitaletxera proiektu bat iristen zaigunean, edo testu bat aztertu eta iritzia eman edota konponbideren bat proposatu behar dudanean, idazlearen buruan jartzen naiz eta nik zer egingo nukeen pentsatzen dut.

Gainera, idazlearen larruan jartzen naiz askotan, nahi gabe: ezagutzen ditut testu bat aurkezteko orduan, idazleak duen ilusioa, kezka, beldurra, eta zentzu horretan, laguntzen saia-tzen naiz. 
Bestalde, esan beharra dago editore lana oso ezezaguna dela askorentzat, ez bakarrik literaturaren munduarekin harremanik ez duen jendearen artean, baita literatur jendearen artean ere. Eta edizioa bera ez da per-tsona batengana mugatzen; edizioak gaur egun zeregin asko biltzen ditu bere baitan. Proiektuaren diseinuak ditu bere baitan testuaren aukeraketa, zuzenketa, diseinua, maketazioa, promozioa, aurkezpena eta abar. Argitalpen baten edizio-lana ez da bakarkakoa, alderantziz, oso taldeko lana da, gero eta gehiago. Beraz, liburu baten sorkuntza berez da ofizio ezberdinak dituzten lankideen emai-tza.

Bestalde, urteekin ikasten da zein diren proiektu bat argitaletxera sar-tzen denetik liburudenda bitarteko prozesu horretan eman behar diren urratsak. Horietaz arduratzea eta zaintzea ere bada editorearen lana.


Haurraren sentipenetara jotzen dut, batzuetan goxo eta besteetan gordinago, ezezaguna zaien inpresio bat sortzeko itxaropenez


Editoreak idazlearen lagun izan behar du sormen prozesuan. Zein ekarpen egiten dio sormenari? Eta zein da idazleari berari egiten dion ekarria?
Editorearen begiek trebeak izan behar dute testuaren edo proiektuaren ahulguneak eta indarguneak antzematen. Hau da, ahulgune horiek gainditzen lagundu behar dio idazleari, konponketaren batzuk proposatzen… Batzuetan begirada orokor bat behar izaten dute testuek edo marrazkiek, urruneko begirada bat. Eta egilea ez da horretarako gauza, testuarekiko oso lotuta dagoelako.

Nik, normalean, aldaketak proposatu baino gehiago, idazleari galderak egiten dizkiot: testuaren helburuaz, asmoaz, zailtasunez, prozesuaz… eta askotan galdera horiei erantzunez idazleak bide berriak topatzen ditu testua konpontzeko edo aberasteko.

Idazleari dagokionez, bidelagun bihurtzen dela esango nuke; batzuetan bidea luzea eta bihurgunez betea egoten da eta idazleak behar izaten du alboan konfiantzazko pertsona bat izatea.

Ondoren, ordea, loreak batarentzat dira, eta itzala bestearentzat... 
Editore langintzak horretan datza: itzalean dagoena argitara ematean. Ilunetik argira bideko tunel horren igarobidea egitea ere polita da. Iluntasunak, hala ere, badu bere xarma.

Idazle gisa, haur literaturan aritu izan zara. Zerk erakartzen zaitu haurren mundutik, beraien imaginariotik?
Ez dakit, haurraren sentipenetara jo-tzea gustatzen zait, haietan eragitea, batzuetan goxo, beste batzuetan gordinago, beti ere ordura arte ezezagun zaien pentsamendu bat, inpresio bat, irudi bat sortuko dudan itxaropenarekin.

Niretzat literaturak, haurrenak nahiz helduenak, oihartzun antzeko bat izan behar du irakurlearengan, eta niri ahots hori izatea gustatzen zait; harridura, jakin-mina sortuko dien ahots bat, eta ahal balitz, euren buruetan eta bihotzetan geratuko den oihartzuna sortuz.

Zein dira haurrentzako sortzearen bereizgarriak eta ezaugarriak? Zein haur literaturaren esentzia? 
Ez dakit non dauden mugak oso ongi. Aurrez aurrekoan, normalean, ez gara berdin hurbiltzen haur batengana, nerabe, gazte, heldu edo adineko batengana. Literaturan berdintsu jokatzen dudala esango nuke, intuizio hutsez. Egia esateko, nik haurrei betidanik hitz egin izan diet kasik helduei bezalatsu; horregatik diot idazteko orduan, mugak lausoak egiten zaizkidala.

Lagun on bat badut beti esaten didana nire orain arteko haurrentzako liburuak helduentzat direla… eta gustatzen zait iritzi hori. Bestalde, eskoletan-eta nire liburuak gustagarri direla ikusi dut, beraz intuizioak, neurri batean behintzat, asmatu dudala esaten dit.

Hala ere, ni haurra eta irakurlea izan naizen aldetik, esango dut nik beti irakurri nahi izaten nituela helduen gauzak, nahiz eta askotan ulertu ere ez nituen egiten. Baina jakin-min ikaragarria sortzen zidaten. Nire-tzat jakin-mina eragitea funtsezkoa da. Orain ere irakurle bezala horixe bilatzen dut. Uste dut haur literaturan gauza ezezagunak eskaintzea funtsezkoa dela, jakin-mina sortzeko, baita batzuetan ulergaitz samarrak badira ere. Mundu berriak, ezezagunak proposatzen dituzten istorioak gustatzen zaizkit; ezezaguna den unibertso horretan arakatzea.

Niretzat istorio on bat, inpresio bat, zirrara bat eragiten duen istorio bat da.


Nire pertsonaiak nire zati bat dira: izan nintzena, izan nahi nuena... eta bidean aurkitu ditut ni bezala sentitzen duten irakurleak


Nortasun markatuko pertsonaiak sortu dituzu (endredatzailea, ama zoroaren aurrean zentzuduna den haurra, lotsatia…)… haurrei erreferenteak ematea garrantzitsua al da?
Bai, garrantzitsua da, baina ez da ahaztu behar, ipuin edo pertsonaia guztiek ez dutela irakurlearekin konektatzen, ez dela lotura hori sortzen. Lotura hori egiteko pertsonaiaren eta irakurlearen artean halako maitemin edo erakarpen antzeko bat sortu behar da, eta noski, haur guztiak ezberdinak izanik, istorio berberak ez ditu haur guztiak harrapatuko.

Beraz, ipuin eta istorio batzuk haur batzuentzat erreferente izango dira, eta beste batzuei ez die ezer esango. Nik sortu ditudan pertsonaiak esango nuke nire zati bat direla: izan nin-tzena, izan nahi izan nuena, amestu nuena, beldurtu ninduena, hunkitu ninduena…, eta zorionez, bidean aurkitu ditut ni bezala sentitzen duten irakurleak.

Gaur egun haurren literaturan pedagogiak dezenteko tokia hartu du. Beti izan du haurren literaturak baloreak transmititzeko halako bokazio bat, baina ez ote da muturrera eraman? Ez ote gara literaturaren esentzia bera, istorio bat sortzearen nahiz irakur-tzearen plazera eta magia, beste zerbaiten zerbitzura jartzen ari?
Horren susmoa aspalditxo hartuta nengoen. Nire iritzia da pedagogiaren aurretik dagoela pentsatzeko, sentitzeko eta sortzeko askatasuna, eta askatasunari mugak jartzea oso zaila da.

Niretzat, muga leku bakarrean dago: etikak eta estetikak bat egiten duten puntuan. Ongi kontatutako istorio bati ezetza ematea niretzat oso zaila da. Batzuetan, iruditzen zait ahaztu egiten dugula literatura fikzioa dela, nahiz eta errealitateari buruz gauza asko erakutsi, eta haurrak bide bat egin behar du literatura eta fikzioa ezberdintzeko. Bestalde, eta beste muturrera eramanda, liburuek, literaturak, haurraren zailtasun, arazo eta kezka guztiei irtenbidea emango dietela pentsatzeko joera bat dagoela uste dut, eta hori ezinezkoa da, eta irreala gainera.


Literaturak haurraren arazoei eta kezkei irtenbidea emango diela pentsatzeko joera dago, eta hori ezinezkoa da


Nola ikusten duzu haur literaturaren osasuna?
Denetik dago: liburu salgarri eta komertzialen eta proiektu urratzaileen artean tarte handia da, eta idazleak eta ilustratzaileak saiatzen dira hori betetzen beren ekarpenetik. Sortzaile bakoitzak bere lekua bilatu behar du. Argitaletxeari interesatzen zaiona da denetik eskaintzea, irakurle askorengana iristeko.

Durangoko Disko eta Liburu Azokaren atarian gaude. Idazle eta argitaletxeentzat ezinbesteko hitzordu bihurtu da. Azokako berrikuntzen artean egon nahi dute denek. Durangora begira ekoizten al da, hein batean? Horrek nola eragiten du ekoizten den horren nolakotasunean?
Ez nuke esango Durangora begira ekoizten denik, urte osoan gaude eskaintzeko eta saltzeko, baina egia da Durangoko Azoka irakurleengana eta eroslearengana iristeko ezinbesteko plaza dela, erakusleihoa, eta ikusgarritasunaren aldetik, saiatzen gara gure liburuak han egon daitezen.

Azokaren ekarpena euskal literaturari eztabaidaezina da, hala ere...
Eztabaidatu, eztabaidatu daiteke, baina plaza ona da, eta beste batzuk egon arren, baliatu egin behar dugu. Euskal literatura beti dago ikusgarritasun bila, ez baita beste hizkuntzetako literaturen artean nabarmen-tzen.