Haurren beldurrei buruzko ipuina da, 2-6-urte bitarteko haurrei zuzendua.

 

Gaxuxaren karramarro magikoa izeneko ipuina argitaratu berri du Hik Hasik. Haurren beldurrei buruzko ipuina da, 2-6-urte bitarteko haurrei zuzendua.

 

Gaxuxaren karramarro magikoa ipuina Gaxuxaren klarion magikoa ipuinaren jarraipena da. Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogia terapeutikoan lizentziatuak idatzi du istorioa, eta Oihane Beñaran arduratu da ilustrazioak egiteaz.

Aurrekoaren moduan, haurren beldurrei buruzko ipuina da hau ere eta 2-6 urte bitarteko haurrentzat egokia da. Ipuinak adin horietan, pentsamendu magikoaren garaian, tresna egokiak dira errealitatearen erronkei aurre egiteko eta Gaxuxaren karramarro magikoa liburuak haurren bizitzan sortzen diren beldurrei aurre egiteko aukerarik badela adierazten du. “Beldurrei buruzko ipuinetan haurrei kontatzen zaie badela arrisku bat —kasu honetan herensugea— eta arrisku hori beti izaten da norbaitek haurrak jan egingo dituela edo eraman egingo dituela. Arriskua dago eta tentsio horrekin jolasten dugu, baina azkenean elementu bat agertzen da —karramarroa— eta erasotzaileari irabazten dio. Mezu sinbolikoa izango litzateke zailtasunak egon badaudela, baina horiek gainditzea posible dela. Horri esker, umeek bizitzen dute herensugea ez dela hain handia eta Gaxuxak karramarroari esker hari irabazteko gaitasuna duela. Adin horretan haurrak pertsonaiarekin erabat identifikatzen direnez, herensugea eurek garaitu dutela sentitzen dute”, dio Alvaro Beñaranek.

 


Lehenengo oinarrizko beldurra gure burua arriskuan sentitzea eta bigarrena, zaintzen eta babesten zaituzten pertsonak galtzea, haiek desagertzea

Alvaro Beñaran, psikomotrizista eta pedagogia terapeutikoan lizentziatua.


 

Ipuinak haurren beldurra lantzeko tresna paregabeak dira, eta bi izaten dira nagusiki umeek, eta gizakiok oro har, izaten ditugun beldurrak Beñaranek azaldu duenez: “Lehenengo oinarrizko beldurra gure burua arriskuan sentitzea eta bigarrena, zaintzen eta babesten zaituzten pertsonak galtzea, haiek desagertzea”. Beldurra emozio biologikoa da eta gu babesteko funtzioa du: “Beldurrak arriskuen, erasoen eta mehatxuen aurrean erreakzionatzeko balio du. Ez da mekanismo negatiboa; gure burua arrisku horien aurrean kokatzen laguntzen digu”, dio Beñaranek. Baina beti ez du erantzun bera eragiten: “Beldurra jasangarria baldin bada, horri aurre egiteko baliabidek sor ditzakegu. Gehiegizkoa baldin bada, ordea, blokeoa ager daiteke”.

Helduok haurren beldurren aurrean nola jokatu behar dugun kezka iturri izaten da maiz eta gure erantzuna beldurraren araberakoa izaten dela dio adituak: “Batzuetan haurren beldurra helduen beldurrean oinarritua dago. Ideala da haurrak beldur direnean helduek lasaitasuna transmititzea eta beldur horri aurre egiten laguntzeko daudela erakustea”. Beñaran ez da arrisku eta zailtasun guztiak ezabatzearen aldekoa: “Haurrei konfiantza eman behar diegu eta esan behar diegu gainditu ezin duten beldurren bat edo arriskuren bat baldin badago, hor edukiko gaituztela haiei laguntzen. Haiek bakarrik aurre egiteko gai baldin badira, ordea, utzi egingo diegula”.

 


Batzuetan haurren beldurra helduen beldurrean oinarritua dago. Ideala da haurrak beldur direnean helduek lasaitasuna transmititzea eta beldur horri aurre egiten laguntzeko daudela erakustea

Alvaro Beñaran, psikomotrizista eta pedagogia terapeutikoan lizentziatua.


 

Beldurrak lantzeko aproposak izateaz gain, ipuinak kontatzeak berak duen garrantzia azpimarratu du Beñaranek: “Ipuina haurraren eta helduaren arteko komunikazio bide ederra da. Helduak, ipuina kontatzen duen momentuan, umea eusten du”.

Online dendan eskura dezakezue Gaxuxaren karramarro magikoa.