Palestinarekiko Nazioarteko Elkartasun eguna da azaroaren 29a. 

 

Palestinako herriak bizi duen errealitatea ezagutzeko, haien eskubideak aldarrikatzeko eta gure elkartasuna adierazteko aukera eskaintzen digu Palestinarekiko Nazioarteko Elkartasun egunak.

 

Azaroaren 29a, Palestinarekiko Nazioarteko Elkartasun Eguna, urteko mugarri garrantzitsuenetako bat da nazioarteko agendan. Data horrek Palestinako herriaren eskubide urratuak salatzeko eta haien borrokarekin bat egiteko aukera ematen digu. Izan ere, gaur egun Gazan eta Zisjordanian bizitzen ari diren genozidioaren eta okupazioaren testuinguruan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkartasuna kolektiboki adieraztea.

2023ko urriaren 7az geroztik, munduak zuzenean ikusi du Israelek Gazako herriari ezarri dion suntsiketa, baina gogoratu behar da gatazka ez zela egun horretan hasi. 1948an Israelek 700.000 pertsona kanporatu zituen euren etxeetatik eta lurraldeetatik, eta ordutik apartheid eta sarraski politika ezarri dio herri palestinarrari. Horregatik, gaur Gazan bizitzen ari dena ezin da aparteko gertakari gisa ulertu: urte luzez luzatutako zapalkuntzaren jarraipen gisa baizik. Testuinguru horretan, Euskal Herrian hainbat ekimen berri jaio dira. Horien artean dago Gernika-Palestina Herri ekimena. Ibon Meñika bozeramaileak azaldu duenez, “erantzun sozial artikulatu bat emateko beharra” zegoen. Euskal Herrian betidanik existitu den Palestinarekiko sentsibilitatea tresna antolatu batean bildu nahi izan zuten, eta horrela jaio zen ekimena. Antzeko bideari ekin zioten Nafarroan, eta 2023ko azaroan sortu zen Yala Nafarroa Palestinarekin. Plataformaren manifestuak berehala bildu zituen ehunka herritar eta eragile: su-etena, laguntza humanitarioaren sarrera eta armen salmentaren etetea eskatzen zituzten. Yala Nafarroako kide den Isa Egigurenek gogoratzen duenez, “Gazatik iristen zitzaizkigun irudi ikaragarriak ikusita, mobilizatzea erabaki genuen. Ez genuen beste aukerarik ikusten”. Ordutik, ekimen horiek ehundu dute elkartasunaren sarea Euskal Herrian. Mobilizazioak, hitzaldiak eta ikastetxeetan egindako sentsibilizazio ekintzak dira haien jardunaren ardatzak.

 

Hezkuntzaren kontra ere gerra

Palestinako errealitatea ez da soilik bonben eta eraso militarren bidez neurtzen. Hezkuntza bera ere kolokan dago. Egigurenek ohartarazi du Israelek dozenaka irakasle, zientzialari eta akademiko hil dituela. “Eskolak babesleku bihurtu dira, baina haurrek ikasteko leku horiek bonbardatuak izan dira”. UNICEFen datuen arabera, azken urtean hil diren 63.000 pertsonetatik 20.000 adingabeak dira. Horrek, Meñikaren iritziz, “ikasleekin lanketa berezia” egitea eskatzen du, eta horretarako hezkuntza komunitate osoa inplikatu behar da. Egun bateko irudi gordinak ez dira nahikoak gazteek gaur egungo errealitatea ulertzeko. Horregatik, Meñikaren arabera, ezinbestekoa da testuinguru historikoa lantzea: “Palestinako gatazka gaizki egindako deskolonizazio prozesu baten ondorioa da, eta Europak Bigarren Mundu Gerraren ostean hartu zituen erabakiek baldintzatu zuten guztia”.

Ikasleei ikuspegi kritikoa eskaintzea da gakoa: titular azkarretatik harago, gatazkaren erro historiko eta politikoetan sakontzea. Eta horretan lagungarri dira Palestinako herritarren testigantza zuzenak. Euskal Herrian bizi diren palestinarrek beren ahotsa ikasgeletara eramatea, ikasleentzat, “euskarri bikaina” da gaur egungo egoera ulertzeko. Meñikaren hitzetan, azaroaren 29an irakasleei eta ikasleei dei egin behar zaie “egun hori pedagogiarako baliatzera, ikasleen kontzientzia pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko”. Egigurenen mezua, berriz, zuzena da: “Gazara begiratu. Han irakasleekin eta ikasleekin gertatzen ari dena salatu behar dugu. Gizarte gisa ezin gara isilik egon Nazio Batuek genozidiotzat jo dutena gertatzen ari den bitartean”. Azaroaren 29an, beraz, Palestinaren aldeko elkartasuna ikasgeletatik ere eraiki behar da, gazteen kontzientzia piztuz eta gizarte osoaren erantzukizuna partekatuz.

 

Ikastetxeentzako aukera bat

Azaroaren 29ak ikasgeletan Palestinari buruzko hausnarketa egiteko aukera ematen du. Meñikak dio, genozidioak gelditu ezean, bihar beste nonbaiti ere gerta dakiokeela: “Horregatik, gure gazteei transmititu behar diegu herri gisa antolatzeko eta erantzuteko beharra”. Horretarako, bi ekimenek ikastetxeei eskaintzen dizkieten aukerak nabarmenak dira. Batetik, Meñikak aipatu duen moduan, Palestinako herritar batzuk Euskal Herriko ikastetxeetara joan izan dira haien testigantza zuzenean ematera. Bestetik, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak dozenaka hitzaldi eta tailer eskaini ditu ikastetxeetan, Egigurenek esan duenez: “Sionismoaren jatorriaren aurrean, ikasleei informazio grafiko eta argia emateko helburuarekin”.

 

 


Azaroaren 29a, Palestinaren alde

 

Azaroaren 29a Palestinarekiko Nazioarteko Elkartasun Eguna da, 1977an Nazio Batuen Batzar Nagusiak ezarritakoa. Egun horren aukeraketa ez da ausazkoa: 1947ko azaroaren 29an onartu zen NBEren 181(II) Erabakia, Palestinaren banaketa proposatzen zuena. Ordutik, data horrek Palestinako herriaren sufrimendua gogorarazteko eta nazioarteko komunitatearen erantzukizuna azpimarratzeko balio izan du. Finean, azaroko azken astea Palestinako herriaren eskubideen aldeko hausnarketarako eta elkartasunerako unea da mundu osoan.