Euskadiko Filosofia Olinpiadek DBHko eta Batxilergoko ikasleak filosofiara hurbiltzea dute helburu.
2018az geroztik, Bigarren Hezkuntzako zenbait irakaslek sortuta eta Agora Elkartearen zein beste hainbat erakunderen laguntzarekin, Euskadiko Filosofia Olinpiadek DBHko eta Batxilergoko ikasleak filosofiara hurbiltzea dute helburu; eskolan haren presentzia indartuz eta hausnarketa filosofikoa, pentsamendu kritikoa eta elkarrizketa sustatuz.
Garazi Pascual Agora Filosofia Elkarteko kidea da, eta beste hainbat irakaslerekin batera Euskadiko Filosofia Olinpiaden antolaketan parte hartzen du. 2018az geroztik egiten den ekimen honen helburu pedagogikoa, Pascualen esanetan, filosofia Bigarren Hezkuntzako ikasleei hurbiltzea da, baina ikasgelako ohiko moldeetatik harago: "Txapelketaren xedea da filosofia DBHko eta Batxilergoko ikasleei gerturatzea, ikasgai arrunt bat balitz bezala irakatsi ordez, filosofatzeko beste modu batzuk ere badaudela erakutsiz".
Izan ere, Pascualen aburuz, filosofia akademikoa lantzea beharrezkoa bada ere, ezinbestekoa da gazteek beste testuinguru batzuetan ere pentsatzen, galdetzen eta hausnartzen ikastea, gaur egungo gatazkekin, egoerekin eta eztabaidekin lotura zuzena duten gaietatik abiatuta.
Ikasturte hasieran ematen diete txapelketan parte hartzen duten 45 ikastetxe ingururi urteko gaiaren berri, eta Pascualek azaldu duenez, hortik aurrera ikastetxeetako irakasleek gidatzen dute lanketa: "Aurtengo gaia On Kixote gaurko munduan izan da, eta antolatzaileok orientabideak eta curriculumarekin loturak helarazten dizkiegu irakasleei, gaia ikasleen errealitatera ekartzen laguntzeko. Urtarrilean ezartzen dugu lanak aurkezteko epea: alde batetik, ikus-entzunezko eta sormen lanak entregatzen dituzte —marrazkiak, bideoak eta argazkiak—; bestetik, egun berean argitaratzen dira iruzkin eta dilema moraleko idatzizko proben enuntziatuak, eta lanak orduan entregatu behar izaten dituzte". Horrela, finalean ikusten diren lanak, hilabeteetan ikastetxeetan egindako lanketa baten emaitza dira.
Filosofia egiteko modu ugari
Urtez urte hazten joan den ekimena da Euskadiko Filosofia Olinpiada, eta Pascualek azaldu duenez, azken bi edizioetan 500 lan inguru jaso dituzte batez beste. Lan horiek bost modalitatetan banatzen dira: disertazioa, dilema morala, argazkilaritza, bideogintza eta marrazketa filosofikoa. Aniztasun hori ez da kasualitatea, izan ere, Pascualen ustez ez dagoelako filosofiara iristeko bide bakar bat: "Filosofia egiteko modu asko daude, eta ez du zertan beti testu luze eta akademiko baten bidez izan. Gazte batzuek errazago aurkitzen dute haien lekua idatzizko ariketa batean; beste batzuek, berriz, irudiaren, bideoaren edo sormenaren bidez adierazten dute hobeto haien hausnarketa". Hala, olinpiadek aukera ematen dute ikasle bakoitzak bere interes, gaitasun eta adierazpideetara gertuen duen bidetik filosofia egiteko.
Aurkeztutako lan guztien artean lehen hautaketa egiten dute, eta modalitate bakoitzean finalera iristen diren hamar ikasleetatik edo taldeetatik hiru onenek haien lanak defendatu behar izaten dituzte. Prozesu horretan, edukiaz gain, argudiatzeko gaitasuna, ideien sendotasuna, sormena eta ahozko defentsa ere baloratzen dituzte epaileek. Modalitate bakoitzean irabazle bat aukeratzen da, eta hark Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ordezkatzen ditu ondoren nazioarteko txapelketan. Horregatik, Pascualen esanetan, finalean ikusten dena ikasleek egindako pentsamendu-prozesu oso baten emaitza da: "Gai batetik abiatuta, hari galderak egin, ikuspegi propio bat eraiki eta beste batzuen aurrean defendatzeko ahalegina egiten dute ikasleek. Azken batean, olinpiadaren indargune nagusietako bat da ikasleei haien pentsamendua osatzeko, arrazoitzeko eta ideiak modu propioan adierazteko espazioa eskaintzea".
Txapelketaren xedea da filosofia DBHko eta Batxilergoko ikasleei gerturatzea, ikasgai arrunt bat balitz bezala irakatsi ordez, filosofatzeko beste modu batzuk ere badaudela erakutsiz
Garazi Pascual, Agora Filosofia Elkarteko kidea
Entzunak sentitzeko gunea
Olinpiadak ikasleei zer ematen dien ulertzeko, Haizea Luengo Bausela, disertazio modalitateko irabazlearen bizipenak ondo erakusten du esperientziaren neurria. Barakaldoko El Regato ikastetxeko Batxilergoko 2. mailako ikasleak oso modu positiboan bizi izan zuen finala: "Alde batetik, ikastetxeko zortzi lagun joan ginen ekitaldira, eta primeran pasatu genuen hasieratik amaierara. Bestalde, nire iruzkina hiru onenen artean sailkatu zutenean, defentsa egin behar izan nuen jendaurrean; egia esan, ez nintzen une batean ere urduri egon. Harro nengoen nire lanaz, eta irabazi ala ez, pozik egongo nintzatekeen bizitako esperientziagatik eta nire ideiak partekatu ahal izanagatik. Finalera heltzea saria zen dagoeneko, eta irabaztea, berriz, ezinhobea".
Luengok disertazioaren alde egin zuen hitzen bidez pentsatzea eta bere ikuspegia partekatzea gustuko duelako: "Olinpiadan parte hartzeko nituen kategoria posibleen artean disertazioarena aukeratu nuen, gustura egingo nuen lana izango zelako: nire pentsamendua hitzen bidez partekatzea maite dut, baina ez da erraza beste baten iritzia entzuteko prest dagoen jendea aurkitzea. Filosofia Olinpiadan, entzunak sentitzeko esparru paregabea aurkituko nuelakoan, disertazio kategorian aritzea erabaki nuen".

Filosofia irudien eta talde-lanaren bidez
Bideogintza modalitateko irabazleak, Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeko Paula Astudillo, Noemi Betances eta Rosangela Germosen izan ziren, eta Astudillok azaldu duenez, hasieran ez zuten pentsatzen haien lana hain urrun helduko zenik: "Nahiz eta lehen hamar sailkatuen artean egon, hasieran ez genuen pentsatzen gure bideoa hain urrun helduko zenik. Defentsa egin behar zutenen izenak aipatu zituztenean, ez genuen espero haien artean egongo ginenik; beraz, harritu egin ginen. Ondoren, denak gure ideia eta ikuspuntua entzuten ari zirela ikustean, entzunak eta baloratuta sentitu ginen. Une hartan pentsatu genuen gure ideiek benetan balioa zutela, eta zerbait aldatzeko nahiz aldarrikatzeko gai izan gintezkeela".
Astudillok dioenez, taldeak txapelketarekiko zuen motibazioa ideiak sortu ahala hasi zen igotzen: "Hasiera batean ez geunden oso motibatuta; baina lehen ideia hori etorri zitzaigunean, bat-batean konturatu ginen milaka gauza daudela gaizki gizartean, eta horiek aldatzeko gogoa ere bagenuela. Horrekin batera etorri zitzaigun motibazioa, baita ikus- entzunezkoarentzako hainbat baliabide ere: metafora bisualak, hitz-jokoak eta esanahi etimologikoarekin jolasak bururatu zitzaizkigun. Bat-batean, dena zentzua hartzen hasi zen". Bideoa prestatzen hasi zirenean, eromenaren gaineko lanketa egin zuten lehenik, eta handik abiatu ziren On Kixoteren figurarekin loturak eraikitzeko. Bidean, taldearen beraren bizipenak ere jarri zituzten erdigunean: "Bideoaren bidez, geuk ere geure buruari entzuten ikasi dugu, emakume gisa egunerokoan sufritzen eta bizitzen dugunaren isla delako. Horrez gain, benetan birplanteatu dugu zer den talde baten parte izatea, eta zergatik sentitzen garen batzuetan osatu gabe".
Oso garrantzitsua da ikasleak pentsamendu kritikoan heztea eta errealitatea modu arrazionalean ulertzeko tresnak ematea
Garazi Pascual, Agora Filosofia Elkarteko kidea
Pentsamendu kritikoa lantzearen garrantzia
Bide horretan, Pascualek argi dauka Euskadiko Filosofia Olinpiaden ekarpen nagusietako bat gazteei errealitatea beste modu batean begiratzeko tresnak ematea dela, eta filosofiak ez duela balio soilik eduki akademiko batzuk lantzeko, baizik eta ikasleak pentsamendu kritikoan hezteko ere bai: "Guri oinarrizkoa iruditzen zaigu. Azkenean, bizi garen errealitate sozioekonomikoa ikusita, oso garrantzitsua da ikasleak pentsamendu kritikoan heztea eta errealitatea modu arrazionalean ulertzeko tresnak ematea".
Etorkizunera begira, olinpiaden zentzua ere hortxe kokatzen du Pascualek. Haren ustez, informazioz gainezka bizi den gizarte honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da gazteek irizpide propioa eraikitzen ikastea eta zer den esanguratsua eta zer ez bereizteko gaitasuna garatzea.