Nerabezaroan, askatasun handiagoa eskatzen hasten dira gazteak, baina, aldi berean, murritzak izaten dira lagunekin libre elkartzeko eta entzunak izateko dituzten espazioak.
Nerabezaroan, askatasun handiagoa eskatzen hasten dira gazteak, baina, aldi berean, murritzak izaten dira lagunekin libre elkartzeko eta entzunak izateko dituzten espazioak. Gaztelekuak, hezkuntza ez-formaleko zerbitzu gisa, hutsune horri erantzuteko daude: sarrera askea eta doakotasuna oinarri hartuta, harremanak, autonomia eta parte-hartzea lantzeko gune segurua eskaintzen dute.
Gazteleku bat zer den galdetzerakoan, askok mahai-jokoak, ping-ponga, ginkanak edo plan puntualak egiteko balio duen espazio gisa irudikatzen dute. Baina nerabezaroan dagoen gazte batentzat, gaztelekua askoz gehiago izan daiteke: lagunekin egoteko plaza, entzuna izateko tokia, eta bere erritmoan hazteko espazio segurua. Izar Agirretxe, Hezten Aisialdi Euskaltzaleko heziketa lantaldeko kideak, gaztelekuak hezkuntza ez-formalaren baitan jarduten duten udal-ekipamendu gisa definitzen ditu.
Agirretxeren arabera, gaztelekuak doako zerbitzuak dira eta guztiek dute libreki bertan parte-hartzeko aukera: "Nerabeak bertara joan daitezke izena emanda egon gabe edo asistentzia jakin bat bete beharrik gabe, eta askatasun horren funtzioa da, gaztelekuetan egoten diren dinamizatzaileen laguntzarekin, harremanak eraikitzeko eta erabaki txikiak hartzeko aukera izatea".
Nerabeak bertara joan daitezke izena emanda egon gabe edo asistentzia jakin bat bete beharrik gabe, eta askatasun horren funtzioa da, gaztelekuetan egoten diren dinamizatzaileen laguntzarekin, harremanak eraikitzeko eta erabaki txikiak hartzeko aukera izatea
Izar Agirretxe, Hezten Aisialdi Euskaltzaleko heziketa lantaldeko kidea
Hezkuntza ez-formaleko plaza
Kanpotik ikusita, gaztelekuak aisialdiko jardueren katalogo bat diruditen arren, Agirretxek azpimarratzen du jarduera horien helburua gazteen sozializazioa eta autonomia garatzea eta parte-hartze aktiboa sustatzea dela: "Jolasek eta dinamikek aukera ematen dute adin berekoekin sozializatzeko, nork bere autonomia lantzeko eta taldean parte hartzeko moduak ikasteko".
Horrek esan nahi du gaztelekuan askotariko proposamenak topa daitezkeela, taldearen behar eta interesen arabera: kuadrilla desberdinak nahasteko jolasak, sormen edo adierazpen tailerrak, proiekzioak, irteerak edo gai zehatzak lantzeko dinamikak. Opor garaietan, gainera, ekintza bereziagoak ere antolatzen dira —irteerak, gonbidatu bereziak edo elkarrekin gaua pasatzeko esperientziak—, talde kohesioa sendotzeko.
Nerabezaroko hutsunea betetzeko helburuarekin
Euskal Herriko gainerako lurraldeetan gaztelekua adin-tarte zabalago batera eskainita dagoen arren, Gipuzkoan 12-17 urte bitarteko gazteei eskainita dagoela zehaztu du Agirretxek. Hezten elkarteko heziketa lantaldeko kidearen arabera, nerabezaroa gazteak ume izaera baztertzen hasten diren unea izaten da: "Gazteek, heldu moduan tratatuak izan nahi dute, harremanak izateko modu berriak probatzen dituzte eta nortasuna eraikitzen hasten dira. Baina aldi berean, askotan murritzak dira lagunekin libre elkartzeko dituzten espazioak. Gaztelekuak, beraz, hutsune horri erantzuten dio".
Gaztelekua hutsune bati erantzuteko sortu bada ere, Agirretxek argi du espazioak berez ez duela dena egiten, eta metodologiak egiten duela diferentzia: "Heztenetik kudeatzen ditugun gaztelekuetan metodologia parte-hartzailea lantzen ahalegintzen gara. Asanbladak erabiltzen ditugu erabakiak hartzeko, eta horietan garrantzia ematen diogu guztion ahotsa entzuteari eta elkarren iritziak kontuan hartzeari"
Gazteek, heldu moduan tratatuak izan nahi dute, harremanak izateko modu berriak probatzen dituzte eta nortasuna eraikitzen hasten dira
Izar Agirretxe, Hezten Aisialdi Euskaltzaleko heziketa lantaldeko kidea

Konfiantza eraikitzeko lana
Parte-hartzea sostengatzeko, ezinbestekoa da hezitzaileen rola. Agirretxeren arabera, gaztelekuetako hezitzaileek nerabeen bidelagun gisa jarduten dute bizi duten etapa horretan: "Haien lana izan ohi da zerbitzuan parte-hartzen duten gazteekin gizarte eta hezkuntza mailan esku-hartzea, gatazken kudeaketan laguntzea, aisialdi hezitzailearen ikuspegia haien eguneroko jardunean txertatzea, ekintzak aurrera eramateko bitartekoak eskaintzea, eta prozesuak ebaluatzeko uneak aurreikustea, besteak beste".
Horri beste dimentsio bat gehitzen dio Agirretxek, eta azaldu du ez dituztela gaztelekuak gune isolatu gisa ulertzen, baizik eta komunitatearen parte aktibo diren ekipamendu gisa. Horregatik, kultur eragileekin, gazte mugimenduarekin, gizarte zerbitzuekin, herrigintzako eragileekin, nerabeei zuzendutako gainerako udal-zerbitzuekin, eskoletako orientatzaileekin, guraso elkarteekin eta aisialdi taldeekin gertuko harremana izaten saiatzen dira.
Agirretxek berak ohartarazi du, gainera, errealitateak ez direla berdinak herri guztietan: "Udalerri txikietan ohikoagoa izan daiteke LHko eta DBHko gazteak nahastuta ibiltzea, eta horrek behar eta interes desberdinak ekar ditzake –txikienek ekintza gidatu gehiago nahi izatea eta zaharrenek, berriz, lasai egoteko espazioak bilatzea–. Hala ere, maiz adin desberdinen arteko harremana bera ere aberasgarria izaten da".
Ugazte, Uharteko Gazte Lokala
Teoria eta metodologiaren atzetik, gazteleku batek funtzionatzeko, eguneroko egiturak pisu handia du: noiz irekitzen den, zer eskaintzen duen, eta gazteek espazioa nola egiten duten "bere". Hori ondo ikusten da Ugazte izeneko Uharteko Gazte Lokalean. Bertako teknikari eta hezitzailea den Itziar Aretak azaldu duenez, goizetan antolaketa-lanetan aritzen da bera, eta arratsaldeetan irekitzen dute gazte lokala: "Ia egunero irekitzen dugu gazte lokala, astean zehar 17:00etatik 21:00etara; ostiraletan 22:00etara arte; eta larunbatetan goizez ere bai —11:00-13:30—. Igandean arratsaldez soilik irekitzen dugu, 17:00etatik 22:00etara".
Ordutegiak jarraitutasuna emateaz gain, adin aniztasuna kudeatzeko moduak ere markatzen du Ugazteko egunerokoa Aretaren esanetan: "Normalean 12 eta 20 urte bitarteko gazteak etortzen dira, lagunekin egotera eta jolastera; helduagoek, berriz, erabilera puntualagoa egiten dute". Antolaketa hori espazioaren diseinuarekin lotuta dago, eta beharrizan ezberdinei erantzuteko sortu zituztela azpimarratu du Aretak: "Beheko solairua irekia da eta kuadrilla guztiak elkartzeko pentsatua dago; bertan jolaserako materiala dute —futbolinak, mahai-jokoak, ping-ponga, ziberra...—.
Goiko solairuan, aldiz, hainbat areto daude, eta gazteek bertan egin ditzakete etxerako lanak, bilerak, dantzak edo entseguak. Areto horiek erabiltzeko izena eman behar dute, baina erabilera doakoa da".
Uharteko Gazte Lokalean bost hezitzaile daude lantaldean, eta Aretak dio egunerokoan askotariko zereginak izaten dituztela: "Aretoen kudeaketa, sortzen diren arazoak bideratzea, gazteak jardueretan parte hartzera animatzea, haien kezkak entzutea eta behar dutenean laguntza ematea, baita gazteekin batera ekintzak antolatzea ere". Arreta eta bidelaguntza eskaintzen dutela ere gaineratu du Aretak, eta zenbaitetan aholkularitza espezifikoa ere bai
Normalean gazteek proposatzen dituzte ekintzak, eta haien ekimena aurrera ateratzen saiatzen dira, helburu jakin batzuekin bat eginda
Itziar Areta, Ugazte Gazte Lokaleko teknikaria eta hezitzailea
Parte-hartzeari dagokionez, datu zehatzik ez dutela aitortu arren, balorazio positiboa egiten du Aretak: "Parte-hartzea beti handia izaten da. Ikasturte honetan, asteburuetan 100 gazte inguru ibiltzen dira eta astean zehar 40 lagun inguru. Horrez gain, pandemiaren ondoren antolatzen ditugun jardueretan parte-hartzea areagotu dela nabaritu dugu". Hala ere, eguneroko kopurua aldagarria dela ere ohartarazi du Aretak, eguraldiaren edo dataren arabera.
Ugazteko jardueren atzean ere, Agirretxek azaldu duen logika bera dago: gazteen interesetatik abiatzea, baina norabide batekin Aretaren hitzetan: "Normalean gazteek proposatzen dituzte ekintzak, eta haien ekimena aurrera ateratzen saiatzen dira, helburu jakin batzuekin bat eginda: osasuna, integrazioa, berdintasuna, ekologia eta zaintza kontuan hartuta; eta dena bilera eta gaztedia batzordeetan adosten dugu". Gazte Lokalak eskaintzen dituen jardueren artean, eskiatzea, kartinga, raftinga eta zaldi-ibilaldiak daude, besteak beste.

Pasaiako Gaztelekuak
Uharteko Gazte Lokaletik Pasaiako Gaztelekura salto eginda, beste errealitate bat ikusten da: hiru lokaletan banatzen da —Antxo, Donibane eta Trintxerpe—, Pasaiak lau barruti dituelako eta bakoitzak bere testuingurua duelako. Hiru lokaletako koordinatzaile eta hezitzailea den Luken Martinek zehaztu duenez, 12-17 urte bitarteko nerabeei zuzenduta daude, eta ordutegia ere mugatua da: "Ostegunean 18:00tatik 20:00etara irekitzen dugu, eta ostiraletan eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara; horiez gain, beste ordu batzuk ditugu programazioak, bilerak, ebaluazioak eta bestelako prestakuntzak egiteko".
Lantaldeari dagokionez, Martinek azaldu du lokal bakoitzean bi hezitzaile aritzen direla lanean, eta egunerokoan, bertan egoteaz gain, prestaketa lan handia dagoela azpimarratu du: "Eguneroko eginkizuna, barruti bakoitzaren testuingurura moldatutako helburuak lortzeko lana da. Horrek, hausnarketak, iritzi trukeak, ebaluazioak eta ekintzen prestakuntzak eta bestelakoak egitea eskatzen du". Martinek gaineratu duenez, gazteak antolatzea baino gehiago, desantolatzea da haien helburuetako bat: "Kuadrilla desberdinak nahasteaz gain, adin desberdinetakoak nahasten saiatzen gara. Nahasketa hori erronka izaten da urtero. Batzuetan zaila izaten delako ekintza berak adin desberdinentzako erakargarriak izatea".
Gizarteak jasan dituen aldaketen aurrean, Martinek aitortu du gaztelekuak horren isla direla: "Indibidualistagoak dira gazteak orokorrean eta horrez gain, dopamina azkarra eragiten dieten ekintzak dituzte gustuko; horregatik, zailagoa zaie kontzentrazioa denbora luzean mantentzea, estimulatuegiak daudelako". Gazteen parte-hartzeari dagokionez, handitu edo txikitu dela esatea baino, parte-hartze estiloa aldatu dela uste du Martinek: "Planteatzen diren ekintzetan parte-hartzeko prest daude gehienak, baina prozesu batean datzan eta antolakuntzari dagokionez inplikazioa eskatzen duen parte-hartze aktiboa, erronka handiagoa izan ohi da".
Horren harira, eskaintzen duten jarduera-eskaintza askotarikoa dela azaldu du Martinek: "Sukaldaritza, eskulanak, mahai- jolasak, irteerak, kirolak, artea, musika... eta horiez gain, solasaldi askeak ere eskaintzen ditugu, gazteek lasai egoteko eta hitz egiteko beharra dutelako". Jarduerak erabakitzerako orduan, gazteen interesak eta eskaerak kontuan hartuta, hilean behin egiten duten asanblean osatzen dute hurrengo asteetako plangintza.
Gazteen arteko bizikidetza eta giro ona sustatzeko, Pasaiako gaztelekuan arauak denen artean adosten dituzte ikasturte hasieran. Errespetua dute ardatz nagusi, bai hezitzaileen eta erabiltzaileen arteko errespetua eta baita nork bere burua zaintzea ere; horrez gain, espazioaren zaintza ere lantzen dute, eta arauen barruan zeharkatu ezin diren marra gorri batzuk ere zehazten dituzte.
Gaztelekuak egiten dituen elkarlanei dagokionez, udal zerbitzu desberdinekin eta barruti bakoitzeko talde, elkarte edo eragile desberdinekin harremana mantendu eta ekintza bateratu bat edo beste egiten dutela zehaztu du Martinek: "Ikuspegi kolektiboa oso garrantzitsua da guretzat eta, horregatik, komunitatea sendo mantentzen saiatzen gara".
Kuadrilla desberdinak nahasteaz gain, adin desberdinetakoak nahasten saiatzen gara. Batzuetan zaila izaten da ekintza berak adin desberdinentzako erakargarriak izatea
Luken Martin, Pasaiako Gaztelekuko koordinatzailea eta hezitzailea
Bi errealitate, hari bera
Ugazteren eguneroko antolaketan eta Pasaiako hiru gaztelekuen dinamikan agerian geratzen da gaztelekuak egitura, metodologia eta harremana uztartzen dituen hezkuntza ez-formaleko zerbitzua direla. Ordutegiak eta espazioak jarraitutasuna ematen dute; asanbladek eta plangintzak gazteen parte-hartzea egituratzen dute; eta hezitzaileen bidelaguntzak, arauek eta komunitatearekin egindako loturek giro segurua eraikitzen dute. Ereduak eta testuinguruak desberdinak izan arren, gaztelekuen zentzua antzekoa da: nerabeek espazio segurua izatea, elkarrekin egoten eta erabakitzen hasteko.

Antolaketa lurraldez lurralde
Gaztelekuak nerabeen aisialdiari eta heziketari lotutako espazio publiko zein pribatuak dira, baina Hego Euskal Herrian lurralde bakoitzean antolatzeko moduak ñabardurak ditu.
Gipuzkoan, eredua bereziki egituratua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nerabeentzako Zerbitzuaren bidez, helburua herriko nerabeei zuzendutako proposamen guztiei koherentzia ematea da, nerabe-izaera errespetatuz eta nerabeek egungo errealitatea hobeto ezagutzeko zein eratzeko prozesua erraztuz. Nerabeentzako Zerbitzua proposamen hezitzaile integrala da, nerabea bere osotasunean eta konplexutasunean aintzat hartzen duelako eta garapen integrala helburu duelako. Horrez gain, nerabeek zerbitzuan aktiboki parte har dezaten eta protagonista izan daitezen lantzen da. Aldi berean, sustapeneko zerbitzua ere bada, nerabeei aukerak sortzen dizkielako —laguntza, dinamizazioa, ikaskuntza, garapena eta loturak—, eta, azkenik, komunitatearen parte da, herriaren edo auzoaren dinamikan txertatuta dagoelako eta beste eragileekin eta taldeekin elkarlanean jarduten duelako. Nerabeentzako Zerbitzua osatzen duten elementuak honako hauek dira: ekipamendua —gaztelekua, erreferentzia gunea—; jarduerak —ekipamenduan eta beste espazio batzuetan—; eta hezitzaile profesionalen taldea —harreman eraginkorra eta bidelaguntza—. Gipuzkoan sarean egiten da lan, eta 2009tik Gaztematika sareak udalak eta Foru Aldundia elkarlanean lotzen ditu, helburuak eta norabidea partekatzeko eta adosteko; egun, 79 herrik parte hartzen dute. Udalek gaztelekuen eguneroko kudeaketa eramaten dute, eta Aldundiak, berriz, aholkularitza, prestakuntza eta dirulaguntzen bidez ematen die sostengua.
Bizkaian, gazteleku gehienak udal mailako Gazteria Zerbitzuaren barruan daude, eta maiz gaztegune, gazte bulego edo gazte- informazio zerbitzu zabalagoetan txertatzen dira. Udalek zehazten dituzte espazioa, ordutegia, programazioa eta hezitzaile zein dinamizatzaile taldea; horregatik, eskaintza eta jarraitutasuna herriz herri aldakorra izan daiteke. Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, aterki lana egiten du tokiko ekimenak indartzeko, estrategiak, programak, deialdiak eta baliabideak bultzatuz.
Araban ere antolaketa deszentralizatua da. Gaztelekua, oro har, udalak jartzen du martxan —espazioa, taldea, eguneroko programazioa—, eta Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak ematen du laguntza, batez ere dirulaguntzen eta programen bidez. Sare formal bateratu bat baino gehiago, tokiko proiektuen aniztasuna nabarmentzen da, eta kalitatea askotan udalaren apustuarekin eta talde profesionalaren egonkortasunarekin lotuta dago.
Nafarroan, sare publikoa gazte-informazioaren inguruan antolatuta dago: herriz herri informazio-bulegoak eta informazio-puntuak daude, gazteek behar duten orientazioa non jaso jakin dezaten. Horregatik, gazteleku askok gazte-zentro edo gazte-etxe gisa funtzionatzen dute: gazteen topagune izateaz gain, arreta eta bidelaguntza eskaintzen dituzte, eta batzuetan aholkularitza espezifikoak ere bai. Gazteleku batzuk gazte-informazioaren sareko nodoak dira, informazio-zerbitzua bertan ematen delako; hala ere, ez dago gaztelekuen sare propio eta bateratu bat. Horren ordez, tokiko antolaketak —udalaren erabakiak, baliabideak eta talde profesionala— eta informazio-sareak ezartzen duen markoak baldintzatzen dute eguneroko funtzionamendua.
Lurraldeen arteko antolaketa desberdintasunek erakusten dute gaztelekuen egunerokoa neurri handi batean gobernantzaren araberakoa dela: udalak zer-nolako apustua egiten duen, Foru Aldundiaren aldetik zer babes jasotzen den, eta, sarerik baldin bada, zer koherentzia ematen duen. Edonola ere, lurralde guztietan oinarria antzekoa da: nerabeek espazio seguru eta erreferentziazko bat izatea, hezitzaileekin konfiantzazko harremana eraikitzea eta komunitateko beste eragileekin koordinatuta aritzea.
Gazteleku batek ondo funtzionatzeko gakoak
Gaztelekuaren kalitatea ez da jarduera kopuruagatik neurtzen, baizik eta nerabeek espazioa bizitzeko eta eraikitzeko duten moduarengatik. Hona hemen, gaztelekuen funtzionamendu ona bermatzeko sei gako:
1. Sarrera librea eta doakoa: gaztelekuak gazteek aukeratutako espazioak izan daitezen, garrantzitsua da sarbidea erraza izatea: joan-etorri askea, kuotarik gabe eta etortzera behartuta egon gabe. Horrek konfiantza sortzen du eta gazteak haien erritmoan hurbiltzea ahalbidetzen du. | 4. Parte-hartzea tresnekin landu: asanbladak, ideiak jasotzeko moduak, hilabeteko plangintza eta ebaluazioak dira, besteak beste, parte-hartzea sustatzeko erabiliko diren tresnak. Gazteek proposatzen dutena gauzatzeko bidea egin behar da, eta prozesuan zehar ardura txikiak hartzen ikasi. |
2. Ordutegi egonkorra eta espazio erreferentziala: gaztelekuko ateak zabalik noiz dauden argi izatea eta jarraitutasuna izatea ezinbestekoa da. Ekipamenduak "etxe moduko" erreferentziak izan behar du: bertara joan, egon eta itzultzeko ohitura sortzen den tokia izanik. | 5. Arauak elkarrekin adostu: giro ona bermatzeko, oinarrizko arauak gazteekin adostea garrantzitsua da —errespetua, zaintza, espazioa txukun mantentzea...—, eta, aldi berean, argi utzi behar dira onartezinak diren jokabideak: indarkeria edo substantzien kontsumoa adibidez. Ondorio gisa, zigorren ordez, elkarrizketa eta konponbidea lehenetsi behar da. |
3. Hezitzaileak bidelagun: hezitzaileak, harremanak zaindu, entzun, bideratu eta taldearen dinamika ulertu behar ditu. Horrez gain, behar duenean, mugak jartzeko eta gatazkak kudeatzeko laguntza eman behar du, konfiantza eta segurtasuna eraikiz. | 6. Komunitatean txertatzea: eskolarekin, gizarte zerbitzuekin, elkarteekin eta herriko bestelako eragileekin koordinatzea funtsezkoa da, nerabeen beharrei sarean erantzuteko. |
Azken batean, gako horiek zainduta, gaztelekua denbora-pasarako gune hutsa izan beharrean, nerabeen ongizatea eta autonomia sustatzeko tresna bihurtzen da.