Nekea pilatu da ikasturte amaieran irakasleen motxiletan. Oporrak opor izan daitezela, atseden hartu eta indarberritzeko. Zintzilik ditugun hainbat gairekiko hasiko baitugu ikasturte berria.
Karpetak itxi eta bagoaz. Hain erraza balitz… Jarri dugu nota, oraindik zenbaki gorri edo beltzez batzuek; apainago beste batzuek… baina epaitu ditugu ikasleak, edo bederen ikasi dutena eta ez dutena. Badira, eta gero eta gehiago, eskerrak!, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari, harremanei, denborei, espazioei, eskaintzaren kalitateari, manerei begiratu dietenak hezigarri ebaluatzeko. Baita, jakina, norbere lana ebaluatzeko hautua egin duenik ere: nola bideratu ditut /ditugu taldean ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak? Zer eskaini diet egunerokoan eta ikasturtean ikasleei? Nola baliatu ditut denbora eta espazio eta materialak? Zer-nolako harremanak garatu eta sustatu ditut? Eta… zer mantenduko eta hobetuko dut ikasturte berrian?
Aurten, beste behin, Udako Topaketa Pedagogikoetan hobetu nahi dugun horretan sakontzeko tresnak jasotzeko aukera izango dugu. Erronkaz beteriko ikasturte berri bat datorkigu. Irrikaz har dezagula, ahaldunduta, jantzita, prest. Izango dira, buruari atseden eman eta gorputzari indarra emateko ikastaroak ere.
“Oso gorputzaldi eta burualdi nekatuarekin, aztoratuarekin” ikusten ditu Amets Arzallusek inguruan dituen ikasle eta irakasleak, elkarrizketa nagusian esan digunez. “Dena da abiadura handia”, “frenetikoa” dio. Orokortu litekeela esango genuke. Ebaluatu beharko genuke endemikoa bihurtzen ari zaigun estres hori ere.
Karpetak itxi eta bagoaz, esan dugu. Baina hainbat gai zintzilik ditugula hasiko dugu oporraldia. Itxi gabe, bederen aldizkari hau ekainaren hondarrean inprentara bidaltzean, Nafarroako 0-3ko hezitzaileen greba. 50 egunetik gora, duin, oso duin baina merezi duen arreta osoa jaso gabe, haurtzaroaren defentsan eta erabat prekarioa eta feminizatua den sektorearen baldintzen duintzearen alde. Erdi bideko erantzun batekin itxi da Ipar Euskal Herrian, euskararen aitortzaren aldeko borroka, Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritza okupatuz eszenifikatu duena Seaskak —Nafarroan PAI ereduaren aurkakoa ere izan da—, Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarekin bilkura egin gabe, Euskal Hirigune Elkargoaren bermea lortu ostean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Hezkuntza Hitzarmenaren ikasturtea izan da. Legea aukera on bat da, baina ongi mamitu behar da. Azken ohartarazpena kulturgintzatik egin da, Arzallusek elkarrizketan dioen bezala, ia maparik ere ez duen euskal horrek funtsik izango badu, hezkuntzan nola gizartean, euskararen kulturaren transmisioa bermatu behar du eskolak, eta kultur eragileek ekainaren 16arekin Donostian inoiz ez bezalako argazki bateratuan adierazi zuten bezala, “berariaz” jaso behar du Hezkuntza Legeak kultur transmisioaren errubrika.
Nekatuta baina gogotsu. Oporrak izan daitezela opor. Erronkaz eta ilusioz beteriko ikasturte berrira arte!Beauvoirren ekarpen nagusiarekin lotu dezakegu euskaldunaren eraikuntza: emakumea jaio ez baizik egin egiten den modu berean, euskalduna ere jaio ez, egin egiten dela
Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel