Irakasleak eta ikastetxeak dira curriculuma eta eraldaketa egin behar dutenak. zeregin horretan funtsezkoa da begirada aldatzea, jakintza arloak lotzea eta elkarlean aritzea
Curriculum berria dator Hego Euskal Herrira, eta horretaz aritu da Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea zenbaki honetako elkarrizketa nagusian; curriculumaz, eraldaketa prozesuaz eta berrikuntzaz.
Titularrera ekarritako ideia azpimarratzekoa da: “Curriculuma irakasleek egin behar dute, ez politikariek”. Curriculuma behetik gora egin behar dela azpimarratzen du, dabiltzanek egin behar dutela, irakasleek eta ikastetxeek. Berrikuntza hiru estamentutatik eraginez egin behar dela nabarmentzen du: irakasleak, ikastetxeak eta administrazioa. Lehen biek egin eta hirugarrenak, bultzatu. Eta guztiek ere testuingurua kontuan izanda, eskola ez baita gela itxi bat, gizarteari begira egon behar duen espazio bat baizik. Eskolako ekintzek gizarteko gaiei erantzun behar diete inguru hurbilaren eraldaketan —eta gizarte eraldaketan— eragin nahi bada.
Curriculuma irakasleena dela esatean, ikasleena ere badela gehitu daiteke, irakasleek eta ikasleek egin beharko luketela. Ikasleak ere prozesuan parte hartzea lortu behar da, eta prozesua luzea izango den heinean, oraindik badago aukera ikasleen parte-hartzea sustatzeko eta bideratzeko. Hori ere ikasleak erdigunean jartzea izango litzateke, Hezkuntza Hitzarmenak nabarmentzen duen eran.
Curriculum berrian ez da edukien aldaketa handirik planteatzen, eduki horiek irakasteko eran baizik. Ikasteko moduak eta ikastetxeetan lan egiteko moldeak irauli nahi dira, baina ortzimugan izan beharrekoa da edukien afera ere, euskal curriculuma bere osotasunean garatzeko xedea ahaztu gabe.
Aldaketa esanguratsua da eremuka lan egiteko planteamendua, batez ere Bigarren Hezkuntzan. Jakintza gai desberdinetako irakasleak elkarrekin lanean jarriz, ikasleek ikasgaiak banaka eta solte jaso ordez, edukiak loturak eginez eta errealitatera gehiago gerturatuz jasotzea dakar. Interesgarria litzateke nork bere diziplinarako orduak borrokatu beharrean diziplinartean jardutea, beste begirada batekin. Ikasleen motibazioa bultzatzeko gakoa da, zalantzarik gabe. Eta badago horren beharra.
Ikastetxeei eta irakasleei ekitea dagokie —batzuk, jada, hasiak daude; beste batzuk hasteko—: kokatu, begirada aldatu, formatu eta ekin, administraziotik luzatutako laguntzari helduz eta egokitzapenak behar baditu, eskatuz. 2019an idatzi genuen Hik Hasiren 239. zenbakian Jacint Verdaguer ikastetxeari buruzko erreportajea Iraultza DBHn; eraldaketa posible da izenburupean. Ea laster hemengo ikastetxeei buruz idazteko moduan garen.
Ulertzen bagaitue ez baikaute sekulan ulertuko. Ulertuko ez gaituenean ulertuko gaitue. Ulertu behar bagaitue, beraz, gauden ezin ulertuak. Horrela beharbada, ezin ulertuz, azkenean ulertuko baikaute
Telesforo Monzon