Jaioberritan ez ezik, 2, 3, 4 eta 5 urterekin ere, haurrak gorputza du adierazpide nagusi, eta gorputzaren mugimenduaren bidez garatzen da kognitiboki, emozionalki eta sozialki. "Dena da bat, eta mugimendua da garapenaren eta beste gaitasunean motorea", Mapi Urresti psikomotrizistaren arabera.  

Geldi, isilik, eserita, ilaran, arin… egunean zehar zenbat aldiz eskatzen diegu ume txikiei euren gorputzaren kontra egiteko? Kasu askotan, denek batera joan behar dute txiza egitera, edo “kontuz”, “kontuz” eta “kontuz” gurasoek ez diote uzten zuhaitzera igotzen... Etxean, kalean eta eskolan zer-nolako aukerak eskaintzen dizkiegu jauzi egiteko, zuhaitzetara igotzeko, maldan behera zilipurdika jaisteko…?

Jaioberriak direnean umea gorputza dela ikusten dugu, oroz gain, gorputza. Gero, haurrak apurka-apurka, hitzaren jabe egiten doazen neurrian heldua hitzean gelditzen da, arrazoimenean, arauetan… eta batzuetan, ahaztu egiten dugu haurrak handixeagotan ere, eta zer esanik ez, 2, 3, 4, 5 urterekin gorputza duela, oraindik ere, adierazpide nagusi.

Mugimenduaren bidez adierazten da haurraren gorputza, Mapi Urresti psikomotrizistaren arabera: “Mugimendua da haurrak daukan berezkotasuna bere garapen integrala bideratzeko. Mugimenduaren bidez lantzen du garapen afektiboa, emozionala, kognitiboa, morala, soziala… dena dago haurraren mugimenduaren atzean”. Abstraktutik konkretura ekarri du adibidea psikomotrizistak: “Faktore horiek  guztiak elkarrekin lotuta daude. Instintiboki ateratzen zaio mugimendua haurrari. Haurraren mugimendua funtsezkoa da kognitiboki garatzeko. Izan ere, maila kognitiboa garatzeko, koordinazioa, espazioa eta lateraltasuna landu behar ditu, adibidez, idazketa-irakurketarako eta baita matematiketan murgiltzeko ere. Hori guztia mugimenduaren bidez barneratzen du haurrak. Jauzi egitean, bere burua lurrera botatzean, sartu-atera dabilenean… Mugimenduzko interakzio horiekin guztiekin kognitiboki garatzen ari da gero formalki hainbeste exijitzen diogun hezkuntzan sartzeko”. Gorputzaren bidez esperimentatu behar ditu haurrak alor horiek guztiak, Urrestiren arabera.

Haurra behar adina mugitzea ez da garrantzitsua soilik garapen kognitiborako, garapen emozionalari begira ikaragarrizko garrantzia dauka mugimenduak: “Mugimenduaren bidez haurra plazerean dago, eta plazer horretan deskubritu eta esploratzeko gogoa dauka, eta esplorazio horrek guztiak bizipoza sentitzera eramaten du, baina baita kontrakoa ere, beldurra gainditzen laguntzen dio. Esate baterako, altuera zehatz batetik jauzi egiteari beldurra dion haurrak, behin egin eta jauzia errepikatzean, demagun, hamar aldiz errepikatzera ausartzen denean, hasieran zeukan beldur hori integratu egingo du jauzi horretan. Gauza bera gertatzen da espazio batetik bestera mugitzeko beldurra daukan umearen kasuan ere, beldurra gainditzeko esploratu egin behar du haurrak, mugitu egin behar du, hori kudeatzen duen neurrian ikasten du beldurra kudeatzen. Eta beldurra bezala, haserrea kudeatzen ikasten du, adibidez, zerbait egitea lortzen ez duenean eta behin eta berriro saiatzen denean, haserrea eta frustrazioa kudeatzen ikasten dute, ‘hau ezin dut egin’ barneratzen dute”.

Sozialki ere probaleku garrantzitsuak dira mugimenduaren bidez entseatzen dituen eszenatokiak: “Haurraren mugimenduak topo egiten du beste haurren mugimenduarekin —azaldu du psikomotrizistak—, eta haurrak ikasten du ‘nik salto egiteko begiratu egin behar dut behera, eta norbait baldin badago, eskatu behar diot’, ‘utzidazu lekua salto egiteko’; era horretan mugimenduak bizikidetzari laguntzen dio”. Haurrei plazer handia ematen die elkarrekin mugitze horrek, elkarrekin jauzi egiteak, elkarrekin zuhaitzetara igotzeak, elkarrekin esploratzeak, lurra sentitzeak, edo bata bestearen gainean itzulipurdika jolasteak. “Mugimenduak ematen dien plazerean harremana dago, eta norberaren burua zaintzen eta ondokoa zaintzen ikasten dute, minik ez ematen eta minik ez hartzen”. Gaitasun sozialak eurenganatzearekin batera, mugimenduak moraltasuna barneratzen laguntzen diela ikusten du Urrestik, enpatia lantzen, besteen lekuan jartzen… “Dena da bat, eta mugimendua da garapenaren eta beste gaitasunen motorea”.

Esparru afektiboa ere ukitzen du haurraren mugimenduak. Baina puntu horretan zehaztapena egiten du psikomotrizistak: “Esparru afektiboari begira, oso garrantzitsua da helduak haurrari begirada segurua eskaintzea, eta hor talka egin ohi dugu helduaren beldurrekin eta kontrol beharrarekin. Haurrari konfiantza eskaintzen badiogu, berezko naturari eta mugimenduari jarraiki, modu positibo batean garatuko da eta bere ahalmen guztiak naturalki aterako ditu. Helduok ohikoa dugun ‘kontuz, kontuz’ esan beharrean, erreferente positiboak ematea garrantzitsua da”. Urrestirentzat gako inportantea da helduak mugimendua haurraren berezkotasuna dela ulertzea eta mugimenduaren bidez garapen osoa egiten duela eta mugimendu horren aurrean helduaren begirada konfiantzazkoa eta segurua izatea garrantzitsua dela. “Haurrak mundua deskubritzen du, igotzen da, jaisten da, oreka lantzen du, lateralitatea, koordinazioa… eta horrek denak emozionalki, moralki eta sozialki garatzen laguntzen dio, eta heldua hor baldin badago, bidelagun gisa, afektiboki ere garatzen lagunduko dio. Behatzea eta mina hartuz gero, jasotzea eta bere berezko mugimenduari konfiantza ematea da helduaren egitekoa”.