STEM diziplinetan emakumeen parte-hartzea txikia da oraindik.

 

Ikasgeletan genero ikuspegia gero eta gehiago txertatzen den arren, STEM diziplinetan emakumeen parte-hartzea txikia da oraindik. Gai hori aztertu dute artikuluaren egileek.

 

XXI. mendeak aurrerapen teknologikoak eta zientifikoak ditu ezaugarri, eta eragin nabarmena dute gizartean aurrerapen horiek. Hala ere, STEM (ingelesezko sigla: Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) arloetangero eta profesional gehiago behar diren arren, emakumeek diziplina horietan duten parte-hartzea txikia da oraindik. Egoera horri aurre egiteko, Inspira STEAM programa (https://inspirasteam.net/) abiarazi genuen 2016an Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean, gazteen artean (nesken artean batik bat) interes zientifiko-teknologikoa sustatzeko. Bederatzi edizio egin ditugu ordutik, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. mailako milaka neska-mutilekin lan egin dugu. Neska-mutilekin lan egiteaz gain, gure esperientzia eta ikaskuntza guztiak hezkuntza formalera gerturatzeko eta bereziki irakasleei helarazteko beharra ikusi genuen, haiek baitira neska-mutil horien hezkuntzako eta sozializazioko zutabe nagusietako bat txiki-txikitatik. Artikulu honen bitartez, prestatu dugun gida aurkeztu eta laburbildu nahi dugu. Gida horren helburua da Lehen Hezkuntzako irakasleak sentsibilizatzea eta estrategiak eskaintzea STEMen dagoen genero arrakala hausteko eta arlo horietan haurren interesa sustatzeko;  horretarako, genero ikuspegia txertatzen du.

UNESCOren arabera, genero berdintasuna funtsezkoa da garapenerako, baina arrakala nabaria da STEMen, maila globalean. Espainiako estatuan, emakumeak gutxiengoa dira matematikan, ingeniaritzan eta informatikan. Aitzitik, nagusi dira osasun eta zaintza arloetan. Bereizketa horrek sektore zientifikoaren eta teknologikoaren aniztasunari eta garapenari eragiten die. Egoera hori berdina da, edo are okerragoa, Lanbide Heziketan, non emakumeen % 4 baino ez baita ari arlo profesional tekniko edo industrial batzuetan.

Arrakala horren arrazoiek faktore ugari dituzte oinarrian: genero estereotipoak, STEM arloetan eredu femeninorik ez izatea, diziplina horien zailtasunari buruzko pertzepzio okerrak, eta hezkuntza sistema (ez baitu beti inklusioa sustatzen). Labur-labur, horietako batzuk azalduko ditugu:

  • Haurtzarotik, trebetasun "naturalei" buruzko usteak indartzen dira generoaren arabera. Mutikoak egokiagoak dira matematikarako eta teknologiarako, eta neskatoak, berriz, gizarte eta zaintza arloetara bideratzen dira. Estereotipo horiek eragina dute haien hezkuntzan eta lanbideari dagozkion erabakietan.

  • Neskek STEM arloetan duten konfiantzari eragiten dieten generoari buruzko espektatibak transmititzen dituzte familiek eta irakasleek. Arlo horietan laguntzarik ez izateak edo arrakasta izateko itxaropen txikia izateak motibazio eza indartzen du.

  • Hezkuntza sistema ez da libratzen genero joeretatik eta estereotipoetatik.   Material didaktikoek eta eskolako curriculumak ikusezin bihurtu ohi dituzte emakumeek STEM arloetan egiten dituzten ekarpenak. Gainera, irakasleek, nahi gabe, genero joerak betikotu ditzakete irakaskuntzan.

  • Ukaezina da egoera sozioekonomikoak eragina duela haurrek arlo horietan duten interesean. Goi mailako gizarte inguruneetako neskek aukera gehiago dituzte STEM trebetasunak garatzeko laguntza jasotzeko eta kapital zientifikoa handitzeko. Testuinguru kalteberagoetan, baliabideak eta aukerak ez eskuratzeak genero arrakala larriagotzen du.

  • "Ezkutuko curriculumak” genero rolak indartzen dituzten mezu inplizituak biltzen ditu. Hizkuntzaren erabilerak, material didaktikoek, espazioaren banaketak eta horrelako faktoreek eragina izan dezakete neskek STEMen duten potentzialari buruzko pertzepzioan.

 


Mutikoak egokiagoak dira matematikarako eta teknologiarako, eta neskatoak, berriz, gizarte eta zaintza arloetara bideratzen dira. Estereotipo horiek eragina dute haien hezkuntzan eta lanbideari dagozkion erabakietan


 

Hezkuntza eta prestakuntza inklusiboek genero sentsibilitatea garatu behar dute ikaskuntza prozesuetan eta hezkuntza eta prestakuntza erakundeetan, eta genero estereotipoak zalantzan jarri eta eraitsi behar dituzte, batez ere ikasketei begira, neska-mutilen hautaketa mugatzen badute.

Faktore sozialek eta kulturalek funtsezko zeregina betetzen dute gazteek STEM arloetan duten interesean, eta beste faktore psikologiko eta hezitzaile batzuek ere bai:

  • STEM arloetan emakumezkoen eredurik ez egoteak mugatu egiten du nesken inspirazioa. Funtsezkoa da hurbileko eta askotariko erreferentziak aurkeztea arlo horiekiko interesa sustatzeko.

  • Haur askok ez dituzte ezagutzen STEM eremuetako aukera profesionalak eta horiek bizitza errealean dituzten aplikazioak. Funtsezkoa da lanbide horiei buruzko informazio erakargarria eskuragarri jartzea, lanbide horiek lortzeko aukera izan dezaten.

  • Autokontzeptua eta autoestimua funtsezkoak dira. Neskek STEM arloekiko trebetasunak gutxiesteko joera dute, baita jarduera akademiko ona dutenean ere. Fenomeno hori indartu egiten dute atzeraelikadura positiborik ezak eta porrotaren beldurrak.

Oztopo horiei aurre egiteko, garrantzitsua da irakasleen eta ikastetxearen inplikazioa. Sentsibilizazio eta kontzientziazio estrategia integrala garatu behar da, eguneroko ekintza txikietan lan egiteko, Haur Hezkuntzatik abiatuta. Inspira STEAM programak zenbait proposamen egiten ditu:

  • STEM arloetan emakumezkoen erreferentziak ikusaraztea eta ezagutzea. Curriculumean emakume zientzialarien biografiak sartzeak eta STEM arloetan lan egiten duten emakumeekin hitzaldiak antolatzeak neskengan identifikazioa sortzen laguntzen du. Inguruko emakume errealen ereduei esker, neskek lanbideak ezagutzen dituzte, pertsona horiei eta horien bizitzei eta lanbideei buruzko estereotipoak hausten dituzte, eta eredu gisa hartu ditzakete.

Emakumeek arlo horietan duten ikusgarritasun eskasak genero alborapenak indartzen ditu, eta gurpil zoro bat elikatzen du, neskentzat eredu gutxi eskaintzen dituelako eta oztopo horiek gutxitzeko aukerak murrizten dituelako.

  • Beharrezkoa da genero estereotipoak eraistea, eta, horretarako, hizkuntza inklusiboa txertatu, materialak berrikusi, eta irakaskuntzan aurreiritziak ezabatu behar ditugu. Bereziki, hauen aurka egin behar dugu: zientzian eta teknologian aritzen diren pertsonen gaineko iruditeriaren aurka (ez oso erakargarria eta irreala), lanbide horietara garamatzaten ikasketen aurka (zailak dira, jenioentzat soilik) eta lanbideen aurka (bakartiak, ez oso sortzaileak, bizitza errealean erabilgarriak ez direnak eta abar).

STEM ikasketa eta lanbideen gaineko estereotipoak eta aurreiritziak —generoari lotutakoak bereziki— deseraikitzen lan egin behar dugu.

  • Esan dugun moduan, nesken autoestimua eta autokontzeptua indartu beharra da funtsezko puntuetako bat. Horretarako, garrantzitsua da neskek STEM arloetan egindako ahalegina eta lorpenak balioestea, feedback positiboa ematea eta ikasgelan giro positiboa sortzea. Gainera, irakasleek euren joerak berrikusi behar dituzte, eta konstantzian eta akatsarekiko tolerantzian oinarritutako ikaskuntza sustatu behar dute. STEM trebetasunak praktikarekin garatzen dira, huts eginez eta prozesu horretatik ikasiz.

 


Nesken autoestimua eta autokontzeptua indartu beharra da funtsezko puntuetako bat. Horretarako, garrantzitsua da neskek STEM arloetan egindako ahalegina eta lorpenak balioestea, feedback positiboa ematea eta ikasgelan giro positiboa sortzea


 

STEM arloekin lotutako autokontzeptu baxu batek, eremu horiek zailtzat jotzen dituen pertzepzioarekin batera, STEM ikasketak eta lanbideak jarraitzeko interes falta eragiten du. Alderdi horiek guztiak landu behar ditugu.

  • Neska-mutilen parte-hartze orekatua ziurtatuko duten estrategia asko erabil daitezke ikasgelan, ekitatezko espazioak eskaintzeko: metodologia aktiboak eta elkarlaneko metodologiak erabiltzea, STEM edukiak errealitateko arazoen testuinguruan kokatzea, euren trebetasunak garatzeko espazio seguruak eta konfiantzazkoak eskaintzea eta nesken eta mutilen STEM kapitala garatzeko askotariko aukerak eskaintzea.

 

Horregatik guztiagatik, irakasleen iritziek, kalifikazioek eta feedbackak berebiziko garrantzia dute, modu positiboan edo negatiboan eragiten baitute —Marchagok (1991), Garcíak (2009) eta beste egile batzuek adierazten duten modura—. Marchagok planteatzen du irakasleen zeregina dela ikasleengan autokontzeptu positiboa garatzea erraztuko duen giroa sortzea, hainbat elementutatik abiatuta: arrakastak eta porrotak, gizarte konparazioa eta jokabideari buruzko atribuzioak eta itxaropenak.

Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu STEM arloetan genero berdintasuna sustatzeak irakasleen, familien eta gizartearen konpromiso aktiboa eskatzen duela. Irakaskuntzan estrategia inklusiboak ezartzeak neskatoek diziplina horietan duten gaitasunari buruzko pertzepzioa eralda dezake, eta aukera berriak ireki ditzake etorkizunean.

Gida honetan adierazi dugunaren ildotik, asko dago egiteko oraindik. Kontua ez da nesken artean STEM arloak sustatzea soilik, testuinguru pedagogikoa ulertzea eta zaintzea baizik. Ez dugu nesken eta mutilen eboluzioko etapa guztietako prozesu psikologikoei eta soziologikoei buruzko gida zehatza eta sakona egin nahi izan; egungo egoera, egoera hori sortzen duten arrazoietako batzuk eta irakaskuntzari berdintasunezko ikuspegiarekin heltzeko moduak ulertzea izan dugu helburu.

 

Gidak aukera emango du:

- Emakumeek STEM eremuetan egun duten egoerari buruzko zenbait datu aurkitzeko.

- Genero arrakala eragiten duten arrazoietako batzuk ezagutzeko eta ulertzeko.

- Ikastetxeetan eta, zehazkiago, ikasgeletan gertatzen dena aztertzeko eta horri buruz hausnartzeko.

- STEM arloetan berdintasun handiagoa lortzen lagundu dezaketen proposamen batzuk aurkezteko.

 

Inspira STEAM programan, beti azpimarratzen dugu gure helburua ez dela neska edo mutil gehiagok ikasketa jakin batzuk aukeratzea. Aitzitik, etorkizunean egin nahi dutena askatasunez aukeratu ahal izatea da helburua, STEM ikasketei eta lanbideei buruzko informazioa izanda —haien helburua, garrantzia eta inpaktu soziala—, sinesmen faltsuei —barnekoei zein kanpokoei— edo estereotipoei eragiten utzi gabe eta haien gustu eta interesetatik abiatuta. Emakume —zein gizon— kazetariak, psikologoak edo abokatuak egotea nahi dugu, baina baita matematikariak, zientzialariak eta teknologoak egotea ere. Berez, etorkizuna —eta oraina— aniztasunean eta diziplinen arteko lanean sustatuko da.

Gida osoa hemen dago eskuragarri. Creative Commons lizentziapean, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakur daiteke.