Aitor Abaroa | Irakaslea eta Izana zentroko aholkularia

Geniotipoa ikasleen gaitasunak identifikatzen laguntzen duen tresna bat da, eta berau baliatzen dute Izana zentroko Aitor Abaroak eta Egoitz Atxagak.

Asko dira hezkuntza sistemara egokitzen ez diren ikasleak. Arazoa ez da haur eta nerabe horiena, arazoa koadratu ezina da: hezkuntza sistemak eskatzen, lantzen eta balioesten dituen gaitasunak eta ikasleak dituenak ez datozela bat. Egokitu ezin horrek frustrazioa eta desmotibazioa eragin ohi ditu ikasle horiengan. Aldiz, ikasle horiek —eta euren gurasoek eta irakasleek— euren gaitasunak ezagutuko balituzkete eta landuko eta ebaluatuko balituzkete, gauzak beste modu batera izango lirateke. Gaitasun horiek aurkitzen laguntzen du geniotipoak.

Genotipoa pertsona baten konposizio genetikoa da. Baina zer da geniotipoa? 

Tony Estruchek asmatutako kontzeptu bat da geniotipoa, bi ideia batzen dituena: alde batetik, genotipoaren ildotik, pertsonaren berezko sormen gaitasunak, jaiotzatik bakoitzak dituenak, eta bestetik, gaitasunen batura horrek emaitza gisa ematen duen talentua, hau da, bakoitza zertan garen jeinuak edo jenialak. Pertsonok gaitasun mota desberdinak izan ditzakegu, eta gaitasun horietako batzuk hezkuntza sisteman kontuan hartzen dira, lantzen dira eta ebaluatzen eta baloratzen dira, baina beste gaitasun batzuk ez. Gero, ordea, gizartean eta lan munduan behar dira gaitasun horiek ere. Geniotipoa ordena pixka bat jartzen laguntzen duen tresna bat da: pertsonei —gure kasuan ikasle nerabeei—, zer gaitasun mota dituzten ezagutzen laguntzen die, batez ere norberak bere burua hobeto ezagutzen, zertan den ona balioesten hasteko eta hortik identifikatzeko zer alorretan sentituko den gustura, indartsu, konfiantzaz eta motibatua.

Zientifikoki balioetsia dagoen test bat dauka erremintak oinarrian. Nola funtzionatzen du? 

Tony Estruchek bederatzi gaitasun multzo orokor identifikatzen ditu. Berezkoak diren gaitasunak dira, gure burmuinak erronken eta arazoen aurrean martxan jartzen dituen sistemak. Pertsona batengan gaitasun multzo horiek identifikatzeko zientifikoki balioetsia dagoen 47 galderako test psikometriko bat erabiltzen dugu, neurozientzialari eta psikologo talde batek landutakoa. Ohiko test psikometrikoek jarrerak edo pertsonalitatea ebaluatzen dituzte, baina geniotipoak berezkoak diren gaitasun horiek identifikatzen laguntzen du.

Eskolan nola lagundu dezake geniotipoak?

Aspalditik ikusten dugu hezkuntza sistema ez dela ikasle guztiengana heltzen. Soilik gaitasun batzuk lantzen eta ebaluatzen dira ikastetxean, normalki pragmatikoak eta logikoak. Gazte bat gaitasun horiekin jaiotzen bada, eskolan erraz ibiliko da, nota onak aterako ditu eta “ikasle on” gisa katalogatuko dugu. Baina gaitasun horiek ez dituztenek, zoritxarrez, eskolan jasotzen duten mezua da “ez dutela ikasteko balio”, eta desmotibazioa eta frustrazioa nagusitzen dira. Pertsona baten gaitasunak identifikatuz gero, eta gaitasun horiei ikastetxean leku eginez gero eta ebaluatuz gero, pertsona hori ulertuago sentituko litzateke, eta eskolan lekua duela ikusiko luke eta baloratua sentituko litzateke. Metodologia pedagogiko berriekin ari gara pixkanaka horra hurbiltzen, baina praktika errealean, oraindik, zoritxarrez, bidea dago egiteko.

Gazteen orientazioan nola lagun dezake geniotipoak? 

Gaitasunetako batzuk ikasketa edo lan profesionaleko alor batzuekin lot ditzakegu zuzenean, eta beste batzuk modu zeharkakoan. Baina gaztearen gaitasunen mapa argi daukagunean, zein ikasketatan moldatuko den ondo eta sentituko den eroso identifika dezakegu, eta ziurrenik, non aurkituko duen zoriontasuna ere bai, non aurkituko duen barruan daukan potentziala osotasunean garatzeko testuinguru egokia. Beraz, tutoretzarako oso tresna lagungarria da. Geniotipoak, orientazioa espediente akademikoaren arabera egin beharrean, nerabearen gaitasunen eta talentuaren arabera egiten laguntzen du. Horrez gain, legeak irakasleoi eskatzen digun ikasleen indibidualizazio prozesua benetan gauzatzeko abiadura handiko autopista bat da. Begirada ikasleen gaitasunetan oinarrituko bagenu, ikasleak beste modu batera identifikatzen hasiko ginateke, ez ikasle onak/erdi-mailakoak/ikasle txarrak, baizik eta bakoitzaren erraztasunak eta zailtasunak ikusten, eta horiek nondik datozen ulertzen hasiko ginateke.


Bederatzi gaitasunak

· Pentagonoa. Arazoei konponbidea aurkitzeko analisia eta ikerketa tresna nagusi dutenak.

· Karratua. Munduan ordena jartzera datozenak. Kudeaketa eta erabakiak hartzea dira euren indarguneak.

· Laukizuzena. Esfortzua eta konstantzia. Besteen bizitza modu praktikoan errazten bikainak.

· Elipsea. Artistak eta amesgileak. Besteen imajinazioa estimulatzera datozenak. 

· Infinitua. Kuriositate anitza dute, pentsamendu kritikoa, eta beste batzuk akonpainatzeko eta hezteko jaio dira. 

· Triangelua. Hizlari trebeak, enpatikoak, lider naturalak. Salmentarako trebetasuna dute. 

· Zirkulua. Lehen helburu gisa besteei laguntzea duten pertsonak. Altruismoa ongizate komunaren izenean. 

· Erronboa. Barne-mundu sakona dute, eta sentsibilitate handia. Sarritan “arraro” gisa etiketatuak.

· Izarra. Aurreko gaitasunetako gehienak modu nabarmenean izanik, berez distira egiten dutenak.