Gero eta gehiago dira haurdun gelditzeko adina atzeratzen ari diren emakumeak. Arrazoiak askotarikoak dira eta emakumea osasuntsu baldin badago, hori ez da zertan arazo izan Clara Rosas emaginaren hitzetan.

Egonkortasun ekonomikorik eza, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, laneko baldintzak, bikotea izatea edo ez… Horiek guztiak amatasuna atzeratzeko arrazoiak izan litezke, baita, besterik gabe, haurrak beranduago eduki nahi izatea ere. Azken urteetan nabarmen atzeratu da haurdun gelditzeko adina Clara Rosas Magale elkarteko emaginak Hazi Heziri adierazi dionez: “14 urte daramatzat emagin gisa lanean eta urteotan aldaketa handia izan da. Lehen oso maiz artatzen genituen 30 urtetik beherako emakumeak, baina gaur egun ez, eta 40 urtetik gorako emakume gero eta gehiago ikusten ditugu”. Hori ez dute arazo gisa ikusten, ordea: “Haurdunaldi horiek arriskutsutzat hartzen dira adinagatik soilik eta ez luke horrela izan behar inondik inora ere. Ez da zenbaki kontua, osasun kontua baizik. Osasuna zerbait globala da, holistikoa, eta ezin diogu soilik adinari erreparatu. Guk maite dugu 40 urtez gorako emakumeen erditzeak artatzea; adin horrekin ere haurdunaldi eta erditze zoragarriak izaten dira”. 

Beraz, adin jakin batetik aurrera haurdunaldian arazoak izango direla edota erditzea konplexuagoa izan daitekeela pentsatzea ez da zuzena; denetariko kasuak daude. Emakumea nagusia denean, haurrak arazo kromosomikoak izan ditzakeela edota abortuak izateko aukera handitzen dela dio zientziak, baina baieztapen hori zalantzan jarri du Rosasek: “Lehen hiruhilekoko proba konbinatua edo baheketa egiten denean emakumearen adinak pisu handia izaten du. Ama urtetsua esaten diote osasun publikoan 35 urtetik gorako amari eta 40 urte baino gehiago edukitzea arrisku faktore gisa hartzen dute, baina niri zalantza handia sortzen dit horrek”.

Adinez nagusiagoak diren emakumeen erditzeak ere zoragarriak izaten dira Rosasen hitzetan: “Haurdunaldi osasuntsua eduki baldin badute, beren burua zaindu baldin badute eta lasai egon baldin badira, erditze zoragarriak izaten dituzte, erditze ondorena ona izaten da eta ez dute edoskitzeko arazo berezirik izaten”.

Abantailarik ere bada
Haurdunaldia atzeratzeak dituen arazoei buruz hitz egiten da, baina abantailarik ere bada Rosasek dioenez: “40 urtetik gorako emakumeak lasaiago egoten dira, euren buruarekiko exijentzia maila txikiagoa dute, gozatzeko prest egoten dira… eta hori guztia nabaritu egiten da. Erditzea prozesu fisikoa da, baina batez ere prozesu emozionala da eta adinez nagusiagoak diren emakumeek autoezagutza handiagoa dute eta emozionalki egonkorrago egoten dira”.

 


Zer gertatzen da gizonekin? 
Normalean, emakumearen adinean jartzen da fokua, baina gizonen kasuan haziaren kalitateak ere behera egin ohi du adinak aurrera egin ahala: “Orokorrean, gizonen erdiaren espermak ez du kalitate nahikorik. Ugalkortasuna lantzen aritzen den gure lankideak argi eta garbi ikusten du hori: gizonen erdiak ez du espermiograma normala izaten eta ez da adin kontua soilik, gazteei ere gertatzen zaie. Kutsadurak, estresak, alkoholak, tabakoak… eragin handia dute. Baina behin eta berriro azpimarratzen dena emakumearen obuluen erreserba da”.


 

Haurdunaldia atzeratzen duten amei lasai egoteko esango lieke Rosasek: “Lasai egoteko esango nieke eta haurdun gelditu aurretik euren burua zaintzeko”. Lasai hartzea eta gorputzaren prozesu natural horretan konfiantza izatea aholkatuko luke: “Gurutzetako ospitalean, adibidez, 40 urtetik gorako emakumeen kasuan, 40. astean erditzea induzitzen dute arriskua handiagoa dela argudiatuta. Erabaki hori oso muturrekoa iruditzen zait eta halakorik ez onartzea gomendatuko nieke. Uste dut kasu bakoitza indibidualki aztertu behar dela eta adina soilik ez dela nahikoa arrazoi erditzea induzitzeko erabakia hartzeko. Neurri horiek ez dira leku guztietan hartzen eta horrek adierazten du ez direla benetan beharrezkoak”.

Errua gainetik kentzearen garrantzia ere azpimarratu du Rosasek: “Emakumeari esaten diote bere haurdunaldia arrisku handikoa dela nagusia delako. Bai, baina zergatik iritsi gara hona? Noren ardura da hori? Norberarena edo gizartearena? Adina edozein delarik ere, inguruan errespetuz zainduko zaituzten pertsonak izatea eta konfiantza izatea da garrantzitsuena”.