Gero eta deskonektatutagoak bizi gara. Haurrek eman digute, beste behin, lezioa (Urte gozoak atalean). Konfinamendu- garaian harremanak pantaila bidezko soilik bihurtu zirenean esan zuten ezetz, ez zitzaizkiela aski, aurrez aurrekoak, buruz burukoak behar zituztela. Gorputzak behar dituztela. Gorputza baitira, gorputza baikara. Baina geure gorputzetatik gero eta deskonektatuagoak bizi gara.
Ezarri egiten digutelako nolako gorputza eduki behar dugun, bereziki emakumeoi. Beti gazte, beti eder. Hori ezinezko denean. Gorputza gozamen eremu beharrean, gudu zelai bilakatzen zaigu, askotan arrotz. Geure gorputza errekuperatzea, bada, bataila handi bat irabaztea izango da, orain, gizarte eredu honetan inoiz baino gehiago. Hala ikusi dugu hausnarketagaian Txusa Balbasekin. Eta haurdunaldia garai aproposa da horretarako, Josune Martirenak azaldu digun bezala. Gorputzak inoiz baino ozenago eta gardenago hitz egiten digu haurdunaldian, galbaherik gabe, hormonei esker, eta esaten digu azkarregi bizi garela, okupatuegi… eta tentsio, korapilo eta sintomak gorpuzten dira. Min horiek normaltzat hartu eta baztertu beharrean, min horiei erreparatzea proposatzen du, gorputzak geure baitara eramango baikaitu.
Elkarrizketa nagusian naturaz mintzo zaigu Heike Freire pedagogo berdea. Ez ordea, soilik kanpoan dugun naturaz, haurrei eta nerabeei eta zer esanik ez helduei hainbeste mesede egiten digun animalia eta landareriaz, baita geure baitako naturaz ere: “Geuregan dagoen natura aurkitzeak lotura handia du nor garen gogoratzearekin, hau da, norberaren bat-batekotasuna, benetakotasuna, askatasuna eta erantzukizuna errekuperatzearekin”.
Bernaturalizatu egin behar dugula dio Freirek. Akaso orduan itzuliko gara, benetako konexioak egitera. Geure gorputzarekin bat egitera, bizitzarekin konektatzera, eta beraz, heriotza onartzera. Inoiz baino mediatizatuago dago heriotza gaur egun, baina sekula baino gehiago kostatzen zaigu bizitzaren amaiera onartzea. Has gaitezen, beraz, hain naturala den hori normalizatzen. Zergatik? Patxi Izagirrek borobil erantzun digu gai nagusian: “Ez dezagun egin euforia amaigabean eta zoriontasunaren tiranian bizi den gizarte bat”.