Lehen haurtzaroan esan ditzaketen gezurren aldean, desberdinak dira 6, 7 edo 8 urterekin esaten dituzten gezurrak, nahitasuna sartzen baita jokoan. Gurasooi min egiten digute gezurrek, baina sarri geuk bultzatzen ditugu horiek esatera. Argi-Begi Bitartekaritza zerbitzukoek azaldu digute gezurren egia.

Haserretu egin ohi gara gure seme-alaba gezurretan harrapatzen dugunean. Ohikoa da gezurrak esatea, berez, mundu guztiak egiten du, gehiago ala gutxiago, baina gurasook kezkatu egiten gara, bat-batean gezurretan hasi direla jabetzean, “asko” kezkatu ere, Argi-Begi Bitartekaritza elkarteko Nekane Jacintoren arabera. Hezitzaileentzako eta familientzako prestakuntzak eskaintzen ditu Argi-Begik eta haurren garapen ebolutiboaren gainean hitzaldiak ematen dituztenean, atal berezia eskaintzen diote gezurren gaiari, “kezka handia eta mina sortzen duen gaia” dela ikusten baitute: “Gurasooi leialtasun falta egon dela iruditzen zaigu”.

Haatik, haurraren garapen ebolutiboan eta, zehazki garapen kognitiboaren prozesuan, gezurrak esatea urrats bat gehiago da. 6-7 urterekin mugarri bat ezartzen da gezurrei dagokienez, garai horretan asmoa edo nahitasuna sartzen baita. Haurrak, adin horren aurretik, fantasiaren munduan edo magiaren etapan murgildurik daude, eta sarritan nahasten dituzte fantasia eta errealitatea. Behin 8 urteren bueltan, argi eta garbi hitz egin daiteke “gezurraren egiaz”, gezur horiek, aurretik esandakoek ez bezala, helburu bat edukitzen baitute: “Haurren gezurrak helduok kontzeptu horren inguruan dugun ikuspegira hurbiltzen dira”.

Helduok bezala, adin horretatik aurrera, haurrek gezurra hamaika gauzatarako erabili dezakete: arazoetatik ateratzeko, maneiatu ezin dituzten egoeretatik ihes egiteko, babesteko edo akats bat ezkutatzeko erabili ohi dituzte haurrek gezurrak. Adibidea jarri du Argi-Begi elkartekoak: “Eskolatik jasotzerakoan, poltsikoetan klarionak gordeak dituela konturatzen den gurasoak, ‘zer duzu poltsikoetan?’ galdetuz gero, seguruenik ‘ezer ez’ erantzungo du eta, gainera, poltsikoak eskuekin tapatuko ditu”.

Garapen prozesuaren parte izanagatik ere, gezurrak desatseginak zaizkigula kontuan izanik, zer egin dezakegu gurasook haurrek gezurrik esan ez dezaten? Argi-Begik, galderari buelta ematera eta hausnartzera bultzatzen ditu gurasoak: “Gurasook haurraren lekuan jarri behar dugu eta gezurraren zergatia ulertu behar dugu. Ezinbestekoa da hausnarketa egitea, agian gu garelako, konturatu gabe, gezurrak esatera bultzatzen ari garenak. Hau da, haurra askotan zuzentzen baldin badugu eta exijentzia eta presio maila handia sentitzen baldin badu, ez digu huts egin nahi eta gezurrak esateko joera handiagoa izango du. Askotan gezurra esango digu edo zerbait ezkutatu dezake ez gaituelako arduratu eta kezkatu nahi”.

Haur bat gezurretan harrapatzen dugunean, haserretu partez, egia esatera animatu behar dugula dio adituak, honelako mezuekin: beragan konfiantza dugula; edozer eginda ere lagunduko dugula; berak egia esaten badakiela... “Beti ere, egia esaten duenean, ikaragarri baloratu behar dugu eta, haurra gezurra esatera edo egia ezkutatzera bultza dezaketen jarrerak eta ekintzak alboratu beharko genituzke, eta egia esateagatik eskerrak eman eta poztasuna azaldu beharko genuke”. Izan ere, helduontzat daukan moduan, haurrentzat ere zama dauka gezur hitzak, eta erruduntasuna eragiten du. Horregatik hitz hori —gezurra—, sobera ez erabiltzen ahalegindu beharko genuke: “Haur bati gezurra esaten ari dela, edo gezurtia dela edo antzekoak askotan esaten baldin badizkiogu, zuzenean defentsarako prest jarriko da eta egoera areagotu egingo da eta denboran luzatu, gero eta gehiago kostako baitzaio egindakoa onartzea. Seme- alabek gurasoon konfiantza sentitu behar dute eta konfiantza ez da irabazi behar duten zerbait. Guztiz kontrakoa baizik, konfiantza oinarria da eta, batzuetan, gezurrak esan arren, haiengan konfiantza dugula sentitu behar dute, aurrerantzean segurtasun handiagoz jokatu ahal izateko”.

Ondoren, gezurrek eboluzionatu egingo dute, haurrak bezala, eta nerabezaroan ere gezurrak esatea ohikoa izango da: “Nerabeek, helduok bezala, gezurrak erabiltzen dituzte ondorengo arrazoiengatik: arreta deitzeko, ez frustratzeko, besteen erreakzioak ez bizitzeko, konfiantza faltaren ondorioz, min emateko, eta abar”. Horrez gain, nerabezaroak dituen ezaugarri bereziek badute gezurretan eraginik: “Nerabearen garunak aldaketa nabariak izaten dituenez, konexio berriak izaten ditu eta hausnarketara eta emozioen kudeaketara zuzenduriko garunaren aldeak, erritmo oso motela hartzen duenez, ez da gai ekintzen edo jokabideen ondorioak identifikatzeko. Horregatik, gezurrak egoera zehatzei aurre egiteko modu gisan erabili dezakete, gezurra esatearen ondorioak ebaluatu gabe”. Kasu horretan, gurasook konfiantzan oinarritu beharko genuke, beste behin, “nerabearen garuna oraindik heldutasunerako bidean dagoela ulertu behar dugu eta gure laguntza, gertutasuna eta maitasuna oraindik behar dituela ahaztu gabe”.