Hazi Hezi-ren sorreratik, behin eta berriz errepikatu da giza harremanek zer-nolako garrantzia duten haurraren garapen osasuntsurako. “Garapen psikologikorako ezinbesteko baldintza izateaz gainera, orain badakigu garuna aberasteko modurik eraginkorrena dela giza harremana”, gogoratzen zigun Xabier Tapia psikologo klinikoak 10. zenbakian.

Ideia hori bera indartzera dator Hazi Heziren 14. zenbaki hau. Harreman aberats eta osasuntsuak eraikitzearen kontzientzia landu beharko litzatekeela dio Joxe Ramon Mauduit psikologoak. “Izan ere, guraso gehienei inork ez die esan haurrarekiko harremanak zer-nolako garrantzia duen lehen hilabeteetan. Umearekin egoteari garrantzia eman behar diogu. Kontuan izan behar dugu gure haurra ez datorrela mundura edozein modutan egotera”.

Edonola ere, harremanak gizakiaren ongizaterako giltzarri direla aldarrikatzen den honetan, gazte askok harremanetarako sekulako arazoak dituzte, Amaia Vazquez psikologoak eta sexologoak elkarrizketa nagusian ohartarazten duenez. “Ez dira gai konpromiso bat hartzeko edota errespetuzko harreman bat eraikitzeko”. Izan ere, nola eraikitzen ditugu harremanak? Vazquezek argi dio: “Haurtzaroan harremanak bizitzeko eduki dugun moduaren arabera. Txikitako harreman bat segurua izan ez bada, gero ezin ditugu harreman osasuntsuak eraiki”.

Harremanaren etena dakar dibortzioak, eta, hain zuzen ere, gai horretantxe jarri dugu arreta aldizkariko gai nagusian. Bikote harremana hausten da, ez, ordea, guraso eta seme-alaben artekoa, ezta familiakoa ere. Harremanak alda daitezkeen arren, guraso biek haurrekin lotura sendoa izaten jarraitzeak duen garrantzia azpimarratzen dute Pilar Legarra eta Juan Carlos Alonso psikologoek, alegia, haur horiek zaintza, maitasuna eta segurtasuna bermatuta izan behar dituztela diote.

Harreman bat eraikitzen jakitea emozionalki ondo eta orekan egotearekin parekatzen du Vazquezek, eta horixe da, bere esanetan, bizitzan aurrera egiteko oinarria: “Nik harreman bat eraikitzen baldin badakit, ziur beste gauzak ikasiko ditudala tokatzen zaidanean. Frogatuta dago. Umeak, emozionalki ondo dagoenean, lasai sentitzen denean, desioekin konektatzen duenean, zer nahi duen kontziente denean…, ikasiko du eta ondo joango dira gauzak”.

Horretarako, baina, haurra jaiotzen den unetik hasi behar da zimendu sendoak egituratzen, giza harremana delako pertsonaren garapen osasuntsurako oinarri nagusia.