Garai batetik hona heziketa zertan aldatu den aztertu nahi izan dugu. Horretarako, esperientzia handiko zazpi lagun elkartu ditugu Etxarri Aranatzeko kultur etxean: guztien artean berrehun urtetik gora daramatzate irakaskuntzan, eta batzuek langintza horretatik erretiroa hartu badute ere, heziketan jarraitzen dute, aitona-amona gisa. Berrogei urte horietan balio on ugari bidean gelditu direla ikusten dute, baina aldaketa positiboak ere sumatu dituzte.Kalera begiratzeko gomendioa egin du Juana Marik: ez da umerik ikusten jolasten. Autoek hartu dituzte kaleak. Ume bakanen bat parkean dabil, txirristan. “Gure garaian ba al zegoen parkerik?”. Aurten hartu du erretiroa irakaskun-tzatik Juana Mari Jakak, 42 urteren ondoren. Urte horietan, aldatu egin dira kaleak, espazioak; kanbiatu jolasteko moduak eta manerak.  “Aldatuko ez zen bada heziketa, gizartea bera hainbeste aldatu den honetan!”.

Kalera begiratzeko gomendioa egin du Juana Marik: ez da umerik ikusten jolasten. Autoek hartu dituzte kaleak. Ume bakanen bat parkean dabil, txirristan. “Gure garaian ba al zegoen parkerik?”. Aurten hartu du erretiroa irakaskun-tzatik Juana Mari Jakak, 42 urteren ondoren. Urte horietan, aldatu egin dira kaleak, espazioak; kanbiatu jolasteko moduak eta manerak.  “Aldatuko ez zen bada heziketa, gizartea bera hainbeste aldatu den honetan!”.

Hezkuntzaren grinatsuak dira Etxarri Aranatzen Hazi Hezi-rekin elkartu diren lagunak, batzuk berriki jubilatuak, irakasle karreratik aitona edo amonarenera igaro dira, baina guztiek perspektiba pribilegiatua dute heziketan Euskal Herrian eman den aldaketaz hitz egiteko garaian. Kaleak, erritmoak, ohiturak.... bizimodua bera aldatu egin dela sumatzen dute, eta horrek eragina daukala hezkuntzan. 40 urte hauetan, aldatu ez dena, Juana Marirentzat heziketaren printzipioa izan da: “Afektibitatea eta maitasuna daude heziketaren oinarrian: umea pertsona bezala, errespetuz tratatzea.  Niretzat hor hasten da heziketa; hortik abiatzen baldin bazara, nahiz eta ingurua, materialak eta baldintzak aldatu, heziketaren oinarria ez da aldatuko”. 40 urte horietan, bere alabentzat nahi zuen hori ematen saiatu da eskolako umeei: “Onena”.

Espazioak bezala, balioak asko aldatu dira, eta erreferenteak eta baldin-tzak, eta horrek guztiak heziketaren funtsean aldaketak ekarri dituela uste dute irakasle eta aitona-amona hauek, garaiak zaildu eta konplikatu egin direla diote. “Lehen, hezkuntza gizarteak ontzat ematen zituen arau batzuen gainean ezartzen zen, eta guztiok errespetatzen genituen; orain lehengoak ez digu balio, baina ez da ikusten gauzak nola egin”. Cristina Rubiok transmisioan eten bat egon dela ikusten du, eta erreferenteak galdu egin direla. Horrek, hezitzailearen kasuan, lehenik eta behin, segurtasun falta dakar, bere ustez: “Lehen beste segurtasun batekin egiten ziren gauzak; bagenekien zer zegoen ongi eta zer zegoen gaizki; orain badakigu zer ez dugun egin nahi, baina ez dakigu zer den egin nahi duguna”.

Garai batean pertsonaren heziketan nagusi ziren bi erreferenteak —norberaren gurasoak, eta eskola— erdi kolokan ikusten ditu orain Mari Carmen Extramianak. “Gaur egun amek ez dute beraien ama erreferente heziketan; gaur egun gazte jendeari iruditzen zaio guk dakiguna lehengo gauza dela, eta informazioa eta aholkua bere adineko jendeagandik jaso nahi du”. “Edo Sangoogletik, erantsi dio Camino Mendiluzek,  Mari Carmenek esandakoari. Orain beste erreferente bat sartu da heziketan ikaragarrizko pisua hartu duena, Juan Mari Agirreren irudiko: “Gaur egun telebistak erakusten die umeei eta gazteei Harlemen zer gertatzen den, eta hori erreferentziatzat hartzen dute, bere herriko pertsona nagusi bat baino askoz gehiago”.
Heziketan azken hamarkadetan gertatu den aldaketarik handienetakoa balioen transmisioan gertatu da. Katea eten izanak, esfortzuaren kultura galtzea eragin du, Caminoren aburuz. “Umeek ez dute ulertzen zerbait lortzeko lana egin behar dela”. Caminok deskribatzen duenez, garai bateko  heziketaren funtsa esfortzuaren teorian oinarritzen zen, lana eginez aurrera egitea zen hezkuntzaren zentzua, eta fruituak ematen zituen. Gabeziei erantzutea zen helburua.  

Heziketaren funtsaren aldaketa euskarako heziketaren ibilbidearekin pareka liteke. Mahaiaren bueltan dauden guztiek euren hezkuntza lan profesionala Nafarroan euskara irakaskuntzan sartzearekin batera egin dutenez ondo ezagutzen dute prozesu hori ere. Juan Marik Etxarri Aranatzeko ikastolaren hastapenetako zortzi bat urteetako egoera gogoratu du: “Baldintza oso kaskarretan eman behar genituen eskolak; materialik ez genuen ume haiei euskaraz irakasteko, eta geuk itzultzen edo sortzen genuen materiala, gurasoen inplikazio eta laguntza erabatekoarekin”. Gabezia haren aurrean, gurasoen inplikazioarekin batera, Blanca Ilundainek bide berri baten hasieran zeuden ume haiek zuten ilusioa eta motibazioa oroitzen ditu. Euskarazko materiala gero eta gehiago egon, hau da, gabezia hori gero eta aseago egon, inplikazioa eta motibazioa, oro har, jaitsi egin direla nabarmendu dute. “Gaur egun ia dena egina daukate, eta ez dago lehengo inplikaziorik”, dio Juan Marik.

Eta hori, euskarazko hezkuntzaren parametroetatik atera, eta hezkun-tzako esparru nagusietara —etxera eta eskolara— hedatu litekeela dio Eduardo Murugarrenek. “Oraingo haurrak denetariko estimuluak eta materialak dituzten honetan”, eta ondorioz, heziketa beste parametro batzuetan ezarri behar dela ikusten dute. “Gabezia bat daukazunean, inplikazioa handiagoa da”. “Denetik dute, eta ahoa irekitze hutsarekin dena lor dezakete, ez dute ezagu-tzen zerbait lortzeko egin behar den esfortzua”, nabarmendu du Caminok.
Konpartitzearen balioa ere aldatu egin da. Lehen behar bat zen partekatzea, ezinbestekoa: Ohea ere beste senide batekin konpartitu beharra zuen belaunaldikoak dira guztiak, “orain etxe bakoitzean seme-alaba bat edo bi izaten dituzte, eta eurak dira etxeko erregina edo errege”, azaldu du Mari Carmenek. Ohea partekatzeko beharrik ez, eta kasu askotan gela ere ez dute partekatu beharrik haurrek, gaur egun ume bat edo bi izaten baitira etxe bakoitzean, eta bakoitzak bere gela izaten baitu. Etxean eta txikitatik partekatzeko beharrik sentitzen ez dutenez, eskolan eta kalean elkartasunez jokatzea nekezago egiten zaie gaur egun, oro har, umeei.

Ume gutxiago edukitzeak, berariaz, umeak babestuago egotea dakar, kasu askotan. Gurasoek umeak gehiago babesteko sentitzen duten premia horretan eragina du, halaber, erreferente eta segurtasun faltak, eta kalean bertan egon den aldaketak. Guztiek arriskutsuago ikusten dute kalea orain lehen baino, eta ondorioz gurasoak beldurtiago edo mesfidatiago ei daude.

Kalearen aldaketak eta gurasoen beldurrak haurren autonomian zuzenean eragiten duela ondorioztatu dute, eta umeak, txikitatik, euren kabuz eskolara joaten zireneko garaiak gogoratu dituzte, edo kalean bakarrik jolasten zirenekoak. Baina aldaketa guztiak ez dira negatiboak izan, eta garai batetik hona autonomia esparru batzuetan galdu badute ere beste esparru batzuetan irabazi egin dute umeek, teknologia berrietan, adibidez.

Eskola bera ere aldatu egin dela nabarmentzen dute irakasle eta aitona-amona hauek, baina agian ez kanbiatu behar zuen bezain beste, edo ez espero zuketen norabidean. Eskola ez ote den atzera samar gelditu itauntzen dute. Aldaketarik nabarmenena distantzian nabarmentzen dute, eskolaren eta gurasoen artean urruntasuna sumatzen dute, haurren heziketan mesederik egiten ez duen faktorea berau, “lehen adostasuna zegoen gurasoen eta iraksleen artean, orain berriz, ematen du borrokan ari garela”, esan du Blancak, autokritika eginez. Mari Carmenek 41 urte egin ditu atzera, bere hastapenetara, eskolak berebiziko garrantzia zuen garaietara, hau da, hezteko eta garatzeko leku erreferentzial zen garaietara. Institutuan gizonezkoak bakarrik estudiatzen zutela oroitzen du, eta berak izan zuela, beste andereño batzuekin Altsasuko institutuan sartuko zen emakumezkoen lehen belaunaldia prestatzeko ardura,  “etxerik etxe gurasoak konbentzitzera joan ginen euren alabak institutura eraman zitzaten; neskek josten ikastea nahikoa zutela pentsatzen zuten guraso askok, baina gaur egun 51 urte dituzten emakume horietako gehienak maistra eta erizain dira, eta horrek ikaragarrizko poza ematen dit”.  Ordukoari begira, gauza asko onerako aldatu direla ondorioztatu du.