PERTSONOK INTERAKZIOAREN ETA ELKARRIZKETAREN BIDEZ IKASTEN DUGU. HORI DA GURE PENTSAMENDUAREN ETA GARAPEN INTELEKTUALAREN —KOGNITIBOA NAHIZ SOZIALA— OINARRIA.

 

Biziraungo badu, elikatzea bera baino premiazkoago du haurrak gertuko helduekiko harremana. Umearen garapenerako hil hala bizikoa da giza harremana. Aldizkari honen orrietan behin eta berriz errepikatutako ideia da hori. 

Baina kalitatezko harremanez ari garenean, erlazio aberatsez, atxikimendu sendoaz... gehien gehinean, haurtzaroari begira jardun ohi gara. Bereziki 0-3 adin tarteari egin ohi diogu erreferentzia, eta gehienera jota haurrak 6 urte betetzen dituenera arteko aldiari. Baina zer gertatzen da hortik aurrera? 

“Garapen psikologikorako ezinbesteko baldintza izateaz gainera, orain badakigu garuna aberasteko modurik eraginkorrena dela giza harremana”, zioen Xabier Tapia psikologo klinikoak 10. Hazi Hezi aldizkarian, haur txikien hazieraz mintzo zelarik, bereziki familia eremura begira.

Eskolaren testuingurura etorrita, eta 3-6 urtez goragoko ikasleak ere kontuan hartuz, beste horrenbeste dio aldizkari honetako elkarrizketa nagusian Rocio Garcia Carrion Unibertsitateko irakasleak eta ikerlariak: “Badakigu pertsonok interakzioaren eta elkarrizketaren bidez ikasten dugula. Hori da gure pentsamenduaren eta garapen intelektualaren —kognitiboa nahiz soziala— oinarria. Alegia, inguruko pertsonekin kalitatezko harremanak eraikiz aberasten da pertsonon garuna”.

Beraz, irakasleak eransten duen eran, eskolan kalitate goreneko interakzioetan oinarritzen diren espazioak sortu behar ditugu, maila intelektual altuko guneak, pentsaraziko digutenak, estimulu aberatsez beteak, ideia eta kontzeptu berriz hornituak... goi mailako interakzio horien bidez soilik sustatu baitaiteke goi mailako pentsamendua.

Beraz, 0-3 edo 0-6 aldian bakarrik ez, hortik aurrera ere harremana, interakzioa, elkarrizketa, besteekikotasuna... giltzarria da pertsonaren garapen kognitibo nahiz sozialerako. Eta, ebidentzia zientifikoek erakutsi dute kalitate goreneko interakzio mota denak erabiliz eskola antolatuta jarduteak ikasle mota guztientzat balio duela, denekin funtzionatzen duela. 


HUTSEN ZUZENKETA:

236. Hik Hasi aldizkarian "ZUZENDARITZA pedagogia sistemikoaren argitara" izeneko erreportajea argitaratu genuen. Bertako partaideak -Iñaki Arana eta Saionara Barrena, hain justu-, Pedagogia Sistemikoko Formazioaren zuzendari eta koordinatzaile gisara agertzen dira, hurrenez hurren. Izendapen hori zuzendu nahi dugu, eta argitu Cudec Pedagogia Sistemikoko Formazioaren zuzendari eta koordinatzailea direla. Izan ere, idatzita dagoen moduan, eman lezake Euskal Herrian Pedagogia Sistemikoaren inguruko formazio bakarra egiten dela eta eskola bakarra dagoela, eta horrek ez du errealitaterarekin bat egiten, izan, Pedagogia Sistemikoa lantzen duten eskola eta formazio bat baino gehaigo dagoelako.