Jaiotzen diren momentutik haurrek sentitu eta gozatu egiten dute, beraien gorputza ukitu eta sentsazio desberdinak aztertzen dituzte. Hain modu naturalean egiten dituzten jokabide horiek helduen begiradatik mamu asko pizten badituzte ere, beraien gorputzarekiko maitasuna eta afektua bizitzea funtsezkoak izango dira. 

Sexualitateak, teorian hain norberarena eta hain naturala izan beharko lukeen arren, helduentzat askotan, eta gurasoentzat batez ere, zaila egiten da seme-alabekin lotsagorritu edo deseroso sentitu gabe gai honetaz mintzatzea. Haurrekin sexualitatea lantzerakoan zalantza ugari sortzen dira. Noiz hasi gure seme-alabekin sexualitateaz hitz egiten? Nola jokatu haurra bere sexu organoak esploratzen ari den momentu horretan? Haurren hazkuntza prozesuko hainbat gairi buruz hitz egiteko garaian erosoago sentitzea ohikoa den bezala, sexualitateak urduritasuna, beldurra eta lotsa bezalako sentimenduak sorrarazten ditu helduengan askotan.

Gaur egun ulertzea zaila egin daitekeen arren, urte askotan zehar haurrek sexualitaterik ez dutela pentsatu izan da. Gaur egun, ordea, jakin badakigu jaiotzen den momentutik heriotzeraino gizakiak sexualitatea baduela. Baina zertaz ari gara sexualitateaz ari garenean? Txikiak direnetik hasten dira haurrak beraien gorputzean esplorazioak egiten, medikuetara jolasten, galderak egiten edota masturbatzen. Jaiotzen diren momentutik haurrek sentitu eta gozatu egiten dute, beraien gorputza ukitu eta sentsazio ezberdinak aztertzen dituzte.

Pixkanaka gorputzeko atal guztiak ezagutzen eta izendatzen hasten dira; sudurra, eskuak, belarriak, ipurdia… Baina genitaletara pasa-
tzean helduengan sentsazio desberdinak pizten dira. Izan ere, haurrek hain modu espontaneoan eta naturalean egiten dituzten jokabide horiek helduen begiradatik mamu asko pizten dituzte, eta askotan helduentzat egoera horien aurrean nola jokatu asmatzea ez da erraza izaten.
Nerea Sancho Esnaola Arremanitz Kooperatibako sexologo eta psikologoak aipatzen duenez, haurren sexualitatearen garapenean bada beldur edo estereotipatutako jokabide bat helduongan: “hezi-tzaileek eta, batez ere, gurasoek sexualitatea egun bateko hizketaldi garrantzitsu bat bezala irudika-tzen dute, eta normalean adinean nahiko berandu hasten dira gai horri heltzen, gainera. Izan daiteke 12 urterekin, 15ekin, edo 20 urterekin, eta oso berandu iristen dira”. Sanchorentzat sexualitatearen ulerkera ez da hizketaldi bakar batera mugatu behar, eta ez da komeni hain berandu hastea ere. Bere ustez, haurra jaiotzen den momentutik bertatik, txiki-txikitatik errealitate horri izena jartzen joatea oso garrantzitsua da: “Anatomikoki gorputzeko atal guztiak izenda-tzea inolako salbuespenik gabe eta eskuak, belarriak eta hankek duten garrantzi bera ematea titiei, genitalei, ipurdiko zuloari eta abar. Zentzu horretan, komunikazio hori jarraia izatea lortzea izango litzateke asmoa, hau da, edozein momentutan, edozein testuingurutan atera daitekeen gaia izatea. Beste gai guztietan bezala, zapping egitea eta berriro berrartzea iruditzen zaigun momentuan. Batez ere ez ekiditea hizpidea jartzen digutenean eta beraien ondoan jarraitzea”.

Zein haurrek ez du galdetu momenturen batean nola egiten diren haurrak? Edota nondik jaiotzen diren umeak? Askori kuriositatea pizten zaie bi pertsona musukatzen ikustean eta gehiago jakin nahi izaten dute. Haurrek euren jakin-mina asetzeko era askotako galderak egiten dituzte. Sexologoak aipatzen duenez, “haurrek modu autentikoan bizi dute sexualitatea, aurreiritzirik gabe eta inolako beldurrik gabe. Neska edo/eta mutil ezaugarri horiek deskubritzen hasiko dira, eta beraien gorputzari dagokionean esplorazioak eta galderak egiten joango dira, modu oso espontanean”.

Haurren sexualitatea ikuspegi genitalizatutik urrun dago eta beraien ikuspegia helduena baino zabalagoa dela esan daiteke, sentsazioetan oinarritzen den sexualitatea bizi baitute. Sexologoak honela laburbiltzen ditu haurren jokabideen atzean dauden helburuak: jakin-mina asetzea, imitatzea, jolastea eta plazera bilatzea.

Amaia Vazquez psikologo eta sexologoak ere jaiotzean bertan kokatzen du sexualitatearekin daukagun lehenengo bizipena. Hazi Hezi aldizkariaren 20. zenbakirako egindako elkarrizketan aipatzen duenez, “jaiotzen diren momentuan aktibatzen zaie haurrei plazera sentitzeko gaitasuna. Jaiotza egoki bat da sexualitatearekin daukagun lehenengo bizipena”. Eta honakoa gaineratzen du: “Ume batentzat sexualitatea ez da sexu-harremanak izatea, oso inportantea da hori kontuan izatea. Adibidez, ume bat txirrista batetik jaisten denean eta energiaren karga eta deskarga hori guztia bizitzen duenean, berak sekulako plazera sentitzen du eta esan dezakegu energia mugimendu horrek orgasmo baten funtzioa betetzen duela. Hortaz, sexualitateak badu gaitasun hori: emozioekin harremanetan jartzen gara eta harreman horren barruan bizitzen dugu gure gorputza”.

Beharren arabeko informazioa
Adin tarte bakoitzak baditu berezkoak dituen ezaugarriak sexu garapenari dagokionez, baina sexologoak garbi utzi nahi du sailkapen horien erabilpenaren atzean badela helduen aldetik kezka bat, gaindi-
tzea komeni dena. Izan ere, Sanchoren arabera, inoiz ez diegu minik emango informazio gehiegi emateagatik: “Umeak galdera konkretu bat egin badigu, entzuteko prest dagoela esan nahi du, eta informazioa jasoko du berak ahal duen neurrian, dituen eskemen eta duen jakin-minak ahalbidetzen dion neurrian. Esate baterako, lau urteko neska batek klitoria zer den galde-tzen digunean edo hamasei urteko mutil batek galdetzean, erantzunak desberdina izan behar du. Izan ere, interes desberdinetatik abiatzen dira, eta informazio horretatik erabilera desberdina egingo dute. Horregatik, egokitu egin behar ditugu erantzunak haien beharretara baina ez dugu izan behar beldurrik”.

Ildo beretik, zenbait esperientzia ikusteak ere liseriketa bat behar duela aitortzen du: “Egia da zenbaitek nahiago izatea erditze baten bideoa ikusi beharrean marrazki edo grafika batzuk ikustea. Berdina gertatu daiteke bi pertsona helduren arteko harreman erotiko bat ikustean. Gorputz horiekin ez badugu inolako lotutarik, guretzat arrotza eta gogorra egin daiteke. Errealitate gordin horiek liseriketa behar dute, eta baliteke prestatuta ez egotea. Kasu horretan, marrazki batean ikustea eramangarriagoa eta ulergarriagoa gerta daiteke. Baina beraiek behar duten horri erantzunez joaten bagara, inoiz ez da azkarregi izango. Horrekin ezin diegu minik egin. Aldiz, mina egiten diegu nahi ez duten zerbait ikustera behartzen baditugu, edota esperientzia jakin bat edukitzera bultzatzen baditugu, beraien borondatearen kontra”.

Sexualitate on bat, autoestimuan lagungarri
Norbere buruaren autoestimua modu askotara eraikitzen du bakoitzak, haurretan zein helduetan. Norbere buruarengan konfiantza eta segurtasuna bilatzea izango da norbere bizitzari zentzua emango diona eta horren arabera eraikitzen joatea norberarentzako proiektu esanguratsuena izango dena. Eta non kokatzen da sexualitatea misio horretan? Sanchok aipatzen duenez, “gugan eduki behar dugun konfiantza eta segurtasun hori gure bizitza sexualean ere oinarritzen da. Eta bizitza sexuala esaten dudanean esan nahi dut, gure neska ezaugarriak edo mutil ezaugarriak, edo horrela deskribatzen ditugunak, modu koherente batean bizi ahal izatea. Esaterako, gure jokabide erotikoetan ere —besteekin ditugunetan edo gure buruarekin ditugunetan—, esperientzia positiboak edukitzea. Kontzientziaz aritzea, emozioei izena jarrita eta gorputzeko atalen ezaugarriak ezagututa aritzea. Horregatik, sexualitatea modu egokian bizitzeak ekarriko diguna da autoestimuan ere modu positiboan eragitea”.

Nola lagundu bide horretan?
Beste hainbat gairekin gertatzen den bezala, sexualitateaz aritzerakoan ere guraso eta hezitzaileen helburua izango da haur eta gaztetxoen konfiantza irabaztea. Eta nola lortu daiteke hori? Sexologoak aipatzen duenez, “konfiantza irabazteko oso garrantzitsua izango da beraien ondoan egotea. Beraien kezkak erantzuten saiatu behar dugu, eta zenbait momentutan ez badugu erantzuna ezagutzen, esan ez dakigula eta elkarrekin bilatu dezakegula. Ez ditugu erantzun guztiak izango, eta beraien aurrean hori onartzea beharrezkoa da”.

Ildo beretik, autentikoak izatea oso garrantzitsua irizten dio Sanchok: “Naturalak izan nahi dugu baina hori ez dela posible iruditzen zait. Izan ere, gure belaunaldiaren ezaugarriengatik, jaso dugun sexu hezkuntza nahiko tamalgarria izan da. Salbuespenak egongo dira noski, baina gehienok tratu ez onetan oinarritutako sexu hezkuntza jaso dugu eta horregatik uste dut naturalak izatea ez dela posible. Zentzu horretan, hartu-eman horietan ortopedikoak, txapuzeroak izango garela iruditzen zait. Baina demostratu diezaiekegu hor egon nahi dugula eta hori da garrantzi-
tsuena, eta hori da autentikoak izatea. Nolabait ere gure mugak, gure beldurrak, gure ezjakintasunak onartzea, edota batzuetan baita gure hanka-sartzeak ere”.

Haurrak espero gabeko galdera bat egitea tokatuko da, galderaren baten erantzuna oso ondo ez ezagutzea, edota momenturen batean emandako erantzunarekin oso gustura ez gelditzea. Kasu horien aurrean, beste momenturen batean gaia berriro hartzea proposatzen du sexologoak eta lasai esatea: “‘Lehengoan eman nizun eran-tzunarekin ez nintzen oso gustura gelditu, uste dut ez nizula behar bezala erantzun’. Edota barkamena eskatu diezaiekegu. Guk ere barkamena eskatzen badugu, beraiek ere ikasiko dute barkamena eskatzen eta hori elkarbizitzarako elementu garrantzitsua izango da”.

Horrekin batera, galdera eta egoera deseroso horiek aniztasunari eta konfiantzari leku bat emateko aukera bezala ikusten ditu Sanchok. “Imajinatu galdetzen digutela noiz egin dugun txortan azkeneko aldiz. Deseroso sentitu gaitezke eta agian ez dugu erantzun nahi izango. Izan daiteke informazio hori pribatua iruditzen zaigulako edo, besterik gabe, lotsa ematen digulako. Kasu horretan, esan diezaiokegu informazio hori pribatua dela eta ez dugula berarekin partekatu nahi. Jarraian azaldu diezaiokegu jendeak maiztasun desberdinetan egiten duela; batzuk egunero egiten dutela, beste batzuk astero, bi urtez behin egiten dutenak badirela, edota beste batzuek egoera berezietan bakarrik egiten dutela. Modu horretan, egoera deseroso horretatik berari mundu bat irekitzeko aukera daukagu, posibilitate desberdinen mundu hori begien bistan jartzeko”. Aukera horiek aprobetxatzea garrantzitsua da sexologoarentzat, bestela, bukatzen joango direlako. Eta hori, batez ere, nerabezarora iristean gertatzen denarekin parekatzen du: “Ikusten badute ez dugula behar bezala erantzuten, aukera horiek gutxitzen joango dira eta ohikoa da nerabezarora iritsi eta esatea ‘ez dit ezer kontatzen’. Garai horretan ‘armairu enpotratuak’ bihurtzen dira ba-tzuk, eta ezin dugu armairu barrura sartu galdetzera, zeren izugarrizko inbasioa bizitzen dute. Horregatik komeni da txikitatik komunikazio egoki bat sustatzea, eta nerabezaro aldian ere, armairuaren ondoan zain egotea garrantzitsua izango da, kontatzeko daukatena entzuteko prest agertzea”. 

Zentzu horretan, guraso eta hezitzaileak gai honetan naturalak izatea goraipatuegi dagoela iruditzen zaio adituari, eta utopiatik gertuago dagoela. Horren aurrean, helburu errealistagoekin hobeto moldatuko direla pentsatzen du eta alderdi horretan aurrerapausoak eman ditzaketela. Gaineratzen duenez, “orain guraso eta hezitzaile garenon belaunaldiaren esku dago datozen haur eta nerabeek sexualitatea modu egokiagoan bizitzeko laguntza ematea, beraiek ere etorkizunean taxuzko bizitza erotikoak izan ditzaten”.

Haurrak txikiak direnetik gai hauek lantzera animatu nahi ditu sexologoak guraso eta hezitzaileak: “Adibidez, bi urteko haur bati azaltzea ‘begira hori da zakila edo pitilina’. Sinonimoak erabiltzea ere ez dago soberan hizkuntza familiarra eta teknikoa jasotzen joateko, baina poliki, ez dago presa handirik”. Batez ere, haien gorputzarekiko maitasuna eta afektua dira adituarentzat transmititu beharrekoak, ondorengo urteetara prestatuta iristeko: “Ikusten ari gara 10-11 urteko nesken artean beraien aluari buruz galdetzen diegunean, ‘ze nazka’ izaten dela ohiko erantzun bat. Horregatik, entrenamendua behar dugu eta zentzu horretan, oso garrantzitsua da txikitatik gorputzeko atal guztiak izendatzen joatea, esaterako”.

Sexu identitatea eta gizartearen presioa
“Sexudunak izateak daukan ondorioa da denak ezberdinak garela”, azpimarratzen du Sancho sexologoak. Sexuak emakume eta gizon bakoitza bitxi eta bakar bihurtzen du eta guztiak desberdinak izatea da normala den gauza bakarra. Desberdintasunak desberdintasun, pertsona guztiak gizarte batean biltzeak, baina, eragina du pertsona bakoitzak sexudun izate hori bizitzen duen moduan. “Onartuak izateko eta integratuak sentitzeko, saiatzen gara gizartearen barnean denok normalak izaten eta gizon eta emakume bezala estandariza
tzen”.
Sexologoak azpimarratzen duenez, gai hau lantzeko orduan oraindik ere izugarrizko esfortzua egin beharra dago, baita gurasoen arteko komunitateetan ere: “Demagun badela mutiko bat bizikleta arrosa nahi duena, edo arropa arrosak jantzi nahi dituena. Gurasoak, haurra babestu nahian, saiatzen dira arrosa ez erabiltzera gonbidatzen eta abar”. Baina beharrezkoa izango da Sanchoren ustez gai honen inguruko ikuspegia aldatzea eta komunitatean konplizitatea bila-tzea: “Gurasoak seme hori defendatzen saiatu daitezke, baina beste gurasoekin aliantza eta konplizitatea sortu eta lortu beharko lukete, haiek euren seme-alabengan ere balio hori helarazteko. Bestela, oso zaila da modu isolatuan hori aurrera eramatea”.

Baikor agertzen da, hala ere, aditua. Kontatzen duenez, “azken 10 urteotan guraso asko ikusi ditugu beraien haurraren alde apustu egiten, hau da, semeak kolore arrosa erabili nahi badu, aurrera; edo alabak ilea moztu nahi badu, aurrera. Modu horretan, oso esanguratsuak diren urrats txikiekin lortu dezakegu gure seme-alabak maitatuak sentitzea eta onartuak izatea. Gero kalean borroka egin beharko dute eta hori gogorra eta mingarria izan daiteke. Baina beharrezkoa izango da gaia komunitatea osatzen duten kideen artean lantzea”.


Pornografiaren kontsumoa aldatzen ari da 

Azken urteetako datuei erreparatuz gero, badirudi pornografiara sarbidea gero eta adin goiztiarragoetan egiten dutela gaztetxoek. Balear Uharteetako Unibertsitateak kaleratu berri duen ikerketaren arabera, tablet eta gailu informatikoen bidez, gero eta goizago jotzen dute haurrek pornografiara, eta muga 8 urtean jartzen hasiak dira dagoeneko.

Nerea Sanchorentzat ere azkenaldian hizpide asko ematen ari den gaia da gaztetxoak eta pornoaren kontsumoarena. Aipatzen duenez, “beste garai batean bagenituen baliabide batzuk porno hura ez zela eredu on bat esateko, fantasiaren arloari zegokiola eta errealitatearekin lotura eskasa zuela. Baina, gaur egun, pornoak errealitatearekin izugarrizko lotura dauka. Bideoak egiazkoak dira, agertzen direnak jada ez dira aktoreak, eta etxean egindako porno pila bat dago”.

Adituarentzat pornoak transmiti-tzen dituen baloreak ez baitugu nahi, ezin diogu utzi sexu hezkun-tzaren lekua hartzen. Balio horien artean aipatzen du, esaterako, pribatutasuna: “Guk ez dugu nahi gaur egungo gaztetxoek beraien bizitza sexuala publiko bezala irudikatzea. Baizik eta zerbait intimoa, pribatua eta aukeratutako espazio batean gertatzen dena izatea nahi dugu”. Beste balioetako bat izango litzateke, adituaren arabera, agertzen diren harreman motena: “Ez dugu nahi harremanak hutsak edo afekturik gabekoak irudikatzea. Ez dugu nahi erabilera bakarreko objektu bihurtzea ondokoa edota gu geu. Afektuzko harremanei balioa eman nahi badiegu, garrantzitsua izango da horiei lekua egitea eta garrantzia ematea”.

Pornoan agertzen diren jokabideen inguruan ere mintzo da Sancho: “Pornoak oso jokabide exekutiboak, falozentristak ikustarazten ditu. Gizonezkoek emakumeen gaineko dominazioa erakusten duten bideo asko eta asko dago. Bestelakoak ere badira, baina badirudi mezu hori iristen dela, eta aldiz, emakumea plazer-subjektu bezala ez dela kontsumitzaileen imaginariora behar bezala iristen”. Egoera horren aurrean ezinbestekoa da sexologoarentzat sarketak ez diren beste jokabide erotiko guztiak balioan jartzea eta bost zentzumenen botere erotikoa azpimarratzea. Eta sarketa ere ukimenaren arloan aukera bat gehiago izatea. Izan ere, helburua sarketa izango dela suposatzen da eta beste guztia tramite bezala hartzen da kasu asko eta askotan. Emakumeek, eta gizonek ere bai, sarketaz gain, plazera modu askotara bizitzen badute, hori balioan jartzea ezinbestekoa izango da.

Carmen Ruiz Repullo Soziologian doktorea da eta Skolae programaren diseinuan eta egituraketan parte hartu duen adituetako bat izan da. 19 urteko esperientzia du parekidetasunaren gaietan eta, batez ere, pornografiaren kontsumoaren gaia ikertzen dihardu duela bost urtetik. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian deklaratzera deitua izan denean egindako adierazpenetan esan duenez, “sexualitatea hor dago, baina ez badiogu eskolan erantzun afektibo-sexual bat ematen, eta familiak ez badio gai honi heltzen formazioan aurrera eginez, argi dagoena da haurrak pornografia horretan heziko direla. Horregatik Skolae-k, txikitatik heziketa afektibo-sexual hori lantzen joateko pautak ematen ditu. Horrek zer esan nahi du, pornografiaz hitz egingo zaiela? Ez. Afektuaz, mugez, gorputzaz, hitz egingo zaie. Zertarako? Guztiz biolentoa eta agresiboa den hiper-errealitate hori ez gailentzeko. Bestela, interpretatuko dute hori dela beraien hezkun-tza afektibo-sexuala, eta horrela dauzkagu inguruan dauzkagun manadak”. 


Prebentziorako gakoak 

Prebentzioan modu eraginkorrean aritzeko gakoez hitz egin du Sanchok. Horretarako, lehenengo eta behin “oso garrantzitsua da gorputzeko atal guztiak behar bezala izendatu eta deskribatzea”.Ondorengo pausoa, emozionalki gorputzetik datozkigun bizipenek zer emozio sorrarazten dizkiguten behatzea izango litzateke, eta “inportantea” da, bere ustez, eszitatuta sentitzeari ere izena jartzea. Hirugarren urratsa litzateke pribatutasuna azpimarratzea eta esatea: ‘begira, gorputzarekin egiten duzuna modu selektiboan egin behar duzu’. Ez dago debekatua, inondik inora, baina intimitateak bere garrantzia dauka, eta intimitate hori nolabait norbere zaintzarako izango da. Era berean, sekretu onak eta txarrak bereizten jakitea prebentziorako oso beharrezkoa dela dio: “Sekretu onak dira sorpresak, opariak, emozio positiboak sorrarazten dituztenak. Aldiz, sekretu txarrak beldurra, kezka edo angustia sorrarazten dutenak dira”. Zentzu berean, komenigarria ikusten du senideak, lagunak eta ezagunak zein diren bereiztea, eta edozein kasutan, ez behartzea, esaterako, musu bat ematera. Sanchoren ustez, oso garrantzitsua da hau guztia lantzen joatea, bestela  “nola bereizten dute, adibidez, beraien autoerotismoa edo norbaitek beraei ukitzea, denak gaizki sentiarazten badie? Hori guztia eginda ere gauzak gertatu daitezke, baina haur horrek erreminta askoz gehiago izango ditu momentu jakin batean laguntza eskatzeko”.