Haurdunaldian gorputzak erakuts ditzakeen ondoezak normaltzat jo beharrean, zer esan nahi diguten galdekatzea proposatzen du Josune Martirena psikologo eta psikogorputz orientazioko psikoterapeutak, benetako beharretara iristeko bide izan baitaitezke. Gelditzen eta entzuten ikasi behar da barnera heltzeko.
Zer esaten digu gorputzak haurdun gaudenean? Emakumearen gorputzak aldaketa handiak bizi ditu haurdun gelditzen denean. Batzuk oso begi-bistakoak dira, beste batzuk ez hainbeste. Aldaketa batzuei erreparatzen diegu, beste batzuei, ez hainbeste. Aldaketa batzuk ederrak dira; besteak ez hainbeste. Minak, ondoezak, sintoma arin edo sakonagoak erakusten ditu, batzuetan, haurdunaren gorputzak. Batzuetan arreta jartzen diegu, beste batzuetan, ez hainbeste. Horiei erreparatzea proposatzen du Josune Martirena psikologoak. “Batzuetan normaltzat jotzen ditugu haurdunaldian gorputzak erakusten dizkigun hainbat ondoez eta sintoma, haurdun egoerari loturikoak direla eta pasatzen uzten ditugu, baina emakume askok haurdunaldian zehar bizitzen dituzten ondoezak edo gorputz sintomak ez dira nahi eta nahiez bizi beharrekoak, gorputzari erreparatu eta ondoez eta sintoma horiek entzuten ikasten badugu, benetako beharrak identifikatzen has gaitezke”. Gerri, bizkar, lepoko minak edo goragaleak dira horren adibide, Martirenaren arabera, ez dira normaltzat jo behar eta pasatzen utzi behar.
Nahi izan behar da, eta jakin egin behar da. Ondoezek, tentsioek eta minek esan diezaguketena ulertzeko, sentitu egin behar dira sintoma horiek lehendabizi, sumatu egin behar dira aurrena, entzun gero, ulertu eta kanporatuko ditugu ondoren.
Josune Martirena psikologoa da, psikogorputz orientazioko psikoterapeuta eta osasuna bizitzaren hasierako unetik prebenitzeko gaian espezializatua. Hamar urte baino gehiago daramatza haurdunekin eta bikoteekin Haurdunaldia, bizitzea eta partekatzea ikastaroa ematen, eta gorputza du lan-eremu nagusia. Gorputzetik iritsiko gara norberaren baitara, ezinbestean. Argi ikusten du haurdunaren gorputzeko ondoezek norbere korapiloei buruz hitz egiten dutela. Argi ikusten du gorputzeko sintomen eta norbere beharren arteko lotura. Gainera, bizitzako beste fase batzuetan baino modu intentsoagoan azaleratzen eta gorpuzten dira behar horiek haurdunaldian, sintoma moduan edo emozio gisa. “Bat-batean negarrez hasten gara, edo bat-batean haserretu egiten gara, askotan zergatia jakin gabe. Haurdunaldian hormonak aldatuta daude, eta gorputza eraldatuta dagoen horretan zailagoa izaten da ‘kontrolatzea’ eta gure emozioak eta beharrak atera egiten dira”. Zirrikitu horiei heldu, jaramon egin eta ulertzea proposatzen du Martirenak: “Dena normaltzat jo beharrean, ikertu dezagun gorputzak erakusten digun ondoez horrek zer esan nahi digun”.
Beharrak identifikatzeko, gorputzari entzun behar zaio, beraz. Eta hor hasten dira zailtasunak. “Zailtasun handiak ditugu norbere benetako beharrak eta bestearenak entzuteko, daramagun abiadan gorputzari entzuteko zailtasunak ditugulako. Entzuteko zailtasunak ditugunean oso zaila da gertatzen zaiguna identifikatzea. Beraz, norberak behar duenari erreperatzeko zailtasunak badaude, nola pasako dugu gero premia hori hitzetara? Beharrak identifikatzen ez baditugu, ezin ditugu komunikatu”.
Gorputzari entzuteko, gelditzea proposatzen du Martirenak. “Haurdunak eguna eta astea okupatuta edukitzen du, abiadan bizi gara gaur egun, eta ez da erraza bat-batean gelditu eta gorputzari entzuten jartzea”. Tailerrera iristean nola dauden begiratzera gonbidatzen ditu: “Nola datozen ikusten hasten gara, eguna eta astea nola daramaten errepaso mental bat egiten dugu, egoera bizitzeko moduak gorputz sentsazioetan nola eragiten duen ikusteko, eta barruan daukaten informazioa kanpora ateratzeko”. Gelditutakoan, gorputzera pasatzea proposatzen die haurdunei eta bikoteei: “Arnasketarekin kontaktua hartuz, luzaketa-ariketak eginez, gorputz bakoitzean dauden korapiloak ikusten dira, eta pixkanaka-
pixkanaka, gorputzeko sentsazioak pentsatzeko, bizitzeko eta erlazionatzeko moduarekin lotzen hasten dira”. Gelditu eta gorputzari entzun, hori da formula, Martirenaren aburuz: “Emakume askok ez diote beren buruari entzuten eta entzuten ez bada, ez dira beharrak detektatzen, ez hitza jartzen eta kanporatzen”.
Gelditu eta entzunda, beharretara iristen da bikotea. Azaleratzen den behar nagusietako bat, erritmoei lotua dago. “Gorputzari begiratzean, ohartzen dira zer abaiduran eta zer okupaturik bizi diren bikoteak, eta, aldi berean, abiadura horretatik gelditzea zer zaila den konturatzen dira”. Gizarte presioa nabarmentzen du psikologoak, egiteari eta produktibitateari garrantzi handia ematen dion gizartean baikaude: “Zenbat eta gauza gehiago egin, orduan eta baliotsuagoa gara gizarte mailan, eta sinesmen horren arabera gauzak egiteari uztea ez diogu baimentzen geure buruari, ez haurdunaldian eta ezta erditze ostean ere”. Martirenak, honakoa galdetzen die bikoteei: “Erditu ostean, orain arte egiten dituzuen gauza horiek guztiak egiten jarraitzea eta, gainera, haurraren beharrei erantzutea pentsatzen al duzue?” Hori galdetzean, irribarrea ateratzen zaie bikoteei, eta “ahal bada bai”, erantzuten dute. “Hasieratik esaten diegu hori ezinezkoa izango dela. Hala ere, nahiz eta guk informazio hori eman, gero ekintzak aldatzea oso zaila dela ikusten dute, eta askotan gehiago ezin duten arte, lehen egiten zituzten gauzak egiten segitzen saiatzen dira emakumeak eta bikoteak ume txikia jaio ondoren ere”.
Haurdunaldian zehar, erditzeari begirakoak izan ohi dira bikoteek dituzten behar eta kezka handienak. Erditzea, ordea, continuum baten parte da. Martirenak ez du ikusten erditzea aparteko gauza baten gisa eta isolatuki prestatu beharreko zerbait bezala, aurreko gorputz esperientziek eta harremanek prozesuan lotura dutela dio: “Geure burua zaintzeko daukagun erak, pentsatzeko erak eta harremantzeko erak geure gorputzetan isla daukate eta zer esanik ez haurdunaren gorputzean. Gero eta korapilo gehiago askatu, gero eta tentsio gehiago askatu, gorputza malguago izango dugu. Erditzeko garaian fluxu horiek lagundu egingo dute, eta erditze prozesua errazagoa izango da”.
Beharrez ari garelarik, espektatibez eta fantasiez jabetzeko ariketa ere egiten dute gorputzari entzutean, “bikoteek buruan dituzten espektatibak lurrera jaisteko ariketa egiten dugu. Bai bikoteek gurasotasunaren inguruan izan ditzaketen fantasiak identifikatu eta jabetzeko, eta baita haurraz dituzten espektatibak ere identifikatzeko. Espektatibak jaitsi eta errealitatera zenbat eta gehiago egokitzen den bikotea, haurraren zaintzaren bizipenarekiko gozamen maila igo egiten da”. Haur jaioberriaren beharrei buruzko informazioa izatea —"nahiz eta hasiera batean premia guztien berri izateak izutu ere egiten dituen bikoteak"—, amak behar horiek asetzeko dituen baliabideak ezagutzea eta bikoteak egin ditzakeen ekarpenez kontziente izatea garrantzitsua iruditzen zaio Martirenari: “Horrek lasaitasuna eta konfiantza areagotzea ekartzen die, batez ere beraiengan gehiago konfiatzea edukitzea dakar, ez hainbeste kanpokoarengan”. Eta ikusten dute baita ere, zailtasunak daudenean laguntza bilatzea garrantzitsua dela. "Gakoa da gertatzen diren gauzak normaltzat ez jotzea eta pasatu zain ez gelditzea, min eta ondoez horiek entzutea eta zer esan nahi diguten identifikatzen ikastea. Batzuetan norberak askatu ahal izango ditu, edo bestela, laguntza izango dutela jakiteak konfiantza ematen die emakumeei eta bikoteei, ahaldundu egiten ditu”.