Erditu osteko gorputza ez da gehiago haurdun egon aurreko gorputza bihurtuko, beraz, Haizea Barandiaran psikologo perinatalak dio, lehengo gorputzari adio esan eta bizitzaren aldeko errenuntzia egin duen gorputz berriari ongi etorria egin behar diola erditu ostean emakumeak, haurra garatu, erditu eta elikatu duen gorputzari bere balioa emanaz, eta prozesua ahalduntzearen bidetik eginaz.
Zenbat borroka norbere gorpu-tzarekin. Nerabezaroan bularrak nabarmentzen direnean, edo nahi adina nabarmentzen ez direlako. Aldakak zabaltzen direnean, edo geroago bularra erortzen denean. Ezin eroso sentitu norbere gorputzean. Laura Mintegi idazleak hitza jarri dio egonezin horri Eider Rodriguezek idatzi duen Idazleen gorputzak liburuan (Susa). “Gorpu-tzarekin ez naiz eroso sentitzen”. Emakume gorputzarekin beti borrokan, haurdunaldian soilik sentitu zen bakean bere gorputzarekin Mintegi: “Amatasunarekin lehenengoz sentitu nintzen gustura nire gorputzarekin. Aurkikuntza handia izan zen, eta behingoz gustua hartu nion emakumea izateari. Haurdunaldiak eder-ederrak izan ziren. Aje guztiekin: gorputza astun, hankak handituta, bihotzerrea...baina lehenengoz sentitu nuen nire gorputza”.
Bizilekua, gudu-zelai. Emakume askok, euren bizitza osoan zehar, borroka handiak izaten dituzte euren gorputzarekin, “presioak handiak direlako”, dio Haizea Barandiaran psikologo perinatalak. Kanonean sartzeko presioez ari da, dietez, bikini operazioez, halako bularrez, honako aldakez... eta, Laura Mintegik dioen eran, haurdunaldia une oso berezia da emakume bakoitzak bere gorputzarekin duen harremanean. “Sekulako aldaketa gertatzen da, lehenik fisikoki, baina baita barrutik eta emozionalki ere”.
Haurdunaldia, erditzea eta puerperioa gorputzaren aldaketaren une garrantzitsuak dira. Ezer bada, gorputza da orduantxe emakumea. Barandiaranek prozesu gisa plantea-tzen du haur bat haztean gorputzak bizi duen egokitzapena. “Haurdunaldian eta erditu ondoren gorputz berrien errekonozimendu bat egin beharraren prozesu bat dago, erditu osteko gorputza ez baita gehiago haurdun egon aurreko gorputza bihurtuko”, dio psikologo perinatalak: “Haurdunaldiaren aurretik emakume bakoitza norberarena eta norberarena bakarrik den gorputz batean bizi da. Gero, haurdunaldian zehar, gure gorputza aldatu egiten da haurraren garapena ahalbidetzeko, eta, momentu horretan, beste norbaitekin konpartitzen dugu ordura arte gurea bakarrik zen gorputza”.
Gorputza bi gorputz da. Horra aldaketa. Emakumearen gorputzaren aldaketak “bizitzaren aldeko funtzio bat du”, Barandiaranen hitzetan: “Erditu ondoren, emakumea bere gorputzean bakarrik gelditzen da berriro. Beraz, gorputz desberdin baterako egokitzapena da, ez da haurdun egon aurreko gorputzerako egokitzapen bat, haur bat hazi duen gorputz bat baitaukagu ordutik aurrera.”
Gizarteak, alabaina, erditu eta berehala gorputza lehengora itzul dadin presio egiten dio emakumeari, gaizki ikusiak daude, kanonaren arabera, ildaskak, bular eroriak, sabeltxoa, aldaka zabalduak... “Gizarteak ez du onartzen ama izan den emakumearen gorputzak bizi duen aldaketa. Maila emozionalean eta psikikoan ama bihurtu gara, eta gorputzean ere aldaketa hori gertatu da, eta onarpena behar du, korporalki ere desberdinak izango baikara aurrerantzean”.
Eta batzuek ez dute erraz egiten prozesua. Badira haurdunaldiak eragindako gorputz-aldaketak onartzen ez dituzten emakumeak, pisua eta bolumena hartzea gaizki daramatenak: “Haurdunaldi garaian gorputzean oso aldaketa txikiak izan dituzten emakumeen kasuak ezagutu ditut, haurdun daudenik ere nabaritzen ez zaienak, edota, haurdunaldian zehar, pisu berberean mantendu ahal izateko kirol asko egin dutenak edo dieta zorrotza jarraitu dutenak ere”. Gaizki-ikuste fisikoa, batzuetan, gaizki-sentitze emozional izatera ere iristen da: “Gorputzaren aldaketak onartzen ez dituztelako ikaragarrizko desper-tsonalizazioak ere gertatzen dira, ‘ni ez naiz hau’, sentitzen dute emakume batzuek, eta erditu eta berehala kirola egiten hasten dira eta janaria gehiegi neurtzen dute... pisua lehenbailehen galtzeko”. Despertsonalizazio horiek guztiek sufrimendu emozional handia eragiten dutela ikusi du psikologoak, baina harago, haurraren garapenari loturik ere arazoak ekar ditzakeela ohartarazten du: “Bat-bateko gehiegizko pisu galerak edoskitzean ikaragarrizko eragina izan dezake esnearen ekoizpena geldiarazteraino”.
Zenbat gorputz, hainbat aburu
Emakume bakoitzak bere gorputz berria errekonozitzeko prozesua desberdin biziko du. Nolako harremana, halako prozesua. Andre bakoitzak bere gorputzarekin ordura arte izan duen harremanak zeresan handia du, Barandiaranen arabera, erditu ostean biziko duen prozesuarekin: “Emakume bakoitzaren historia pertsonalaren arabera, batzuk errazago egiten dute dolu hau eta besteak askoz erresistenteagoak dira”. Erditu osteko etapa hau, continuum gisa bizi du psikologoak: ”Haurtzarotik nerabezarora igarotzean gertatzen diren gorputz aldaketen aurrean malgua izan bazara, edo nerabezarotik helduarora malgutasunez bizi izan baduzu aldaketa, continuum edo trantsizio bezala, zure malgutasun mailak ere eragina edukiko du haurdunaldi ondorengo aldaketa hauen aurrean. Aldiz, oso zorrotza baldin bazara, zurruntasunak zailtasunak ekarriko ditu aldaketak onartzeko”.
Hortaz, nola egin prozesua modu osasuntsuan? “Norbere seme-alaba hazi, erditu eta elikatu duen gorpu-tzarekin adiskidetuz”. Lehenik, erditu aurreko gorputzari adio esanaz, eta ongi etorria emanaz haur bat, bi haur, edo hiru seme-alabak ernaldu eta erditu dituen gure gorputzari. Errenuntzia hau, Barandiaranen arabera, gorputzari dagokion errekonozimendua modu osasuntsuan emateko modua da: “Gizarteak errenuntzia galera gisa ulertzen du, baina, kasu honetan, nire aurreko gorputzaren errenuntzia egiten dut bizitzaren alde, nire gorputza gai izan da barnean nire seme-alaba(k) hazteko, erditzeko eta elikatzeko, eta hori aitortu egiten diot”.
Erditze-ostea, ahalduntze-garaia
Errenuntzia eta errekonozimendu-prozesu hau ahalduntze-prozesu bat da, psikologoaren arabera, eta maila pertsonalean eta kolektiboan egin behar da: “Maila indibidualean aitortu behar diogu gure gorputzari bizitzaren aldeko errenuntzia bat egiteko gai izan dela”. Horretarako espazioa bilatzea proposatzen du Barandiaranek, hitz egitea: “Erditu osteko denbora osoa haurraren beharretara begira dago, eta ez da fokua jartzen ama hori bere gorputzean ez denik errekonozitzen. Hitz egiten ez den gai bat da. Fokua horretan jarri behar da, hau gerta-tzen dela esan egin behar da”.
Hitza jarri, eta laguntza bilatu. Laguntza emozionala, nola fisikoa. Zesarea baten orbana zaintzeko, episiotomia baten urratua ongi berreskuratzeko, erditze instrumentalizatuen zauriak sendatzeko, zoru pelbikoaren tonua berreskura-tzeko... “Norbera zaintzea —fisikoki ere— eta ongi sentitzea ezinbestekoak baitira beste inor zaintzeko”.
Eta badira, baita ere, erditu ostean oso ongi sentitzen diren emakumeak, euren gorputza boteretsu ikusten dutenak ere. “Boteretsu, horixe da hitza. Emakume batzuek euren gorputza indartsu ikusten dute. Ikaragarria baita, izan, emakumearen gorputza egiteko gai dena—Barandiaranen arabera—: Izugarrizko gaitasuna da garatu, erditu eta edoskitzea, eta badaude emakumeak erditu ostean euren gorputzarekiko harremana zoriontasun erabateko gisa bizi dutenak”.
Ahalduntzeko, edo finean, norbere gorputzaren boterea errekonozi-tzeko hiru puntu nabarmentzen ditu psikologoak: lehena, fisikoki ongi sentitzea —eta ongi sentitzeko laguntza bilatzea—; bigarrena, prozesuari hitza jartzea eta inguruan sustengua bilatzea eta, hirugarrenik, malgutasunez jokatzea aldaketen aurrean: “Errenuntziak egunero egiten ditugu, eta, kasu honetan, bizitzaren aldeko errenuntzia bat egingo dugu”.