ETA IRISTEN DA. IRISTEN DA HAURDUNALDIA PASA, UMEA ERDITU ETA LEHENGO GORPUTZA EDUKITZEKO BORROKA. IRISTEN DA EDOSKITZE LUZE BATEN ONDORENGO BULAR ERORIEK LOTSA EMATEN DUTEN UNEA. IRISTEN DA SABELEKO ZIMURRAK GORDETZEKO BIKINIAREN ORDEZ BAINUJANTZIA JANZTEN DEN UNEA. IRISTEN DA ISPILUAN BEGIRATU ETA GORPUTZAREN ALDAKETEZ OHARTZEN DEN UNEA. 'AI ENE' BATEN ONDOREN GALDERA PAUSATZEN DA: ZER EGIN GORPUTZ HONEKIN? ERANTZUNA ARGIA BEZAIN KONPLEXUA DA: ONARTU ETA ZAINDU.
Jakitun izan arren ez direla berdinak ume baten gorputza, neska gazte batena, emakume heldu batena, ama izandako emakume batena edota adineko emakume batena; jakitun izan arren urteekin gorputza aldatu egiten dela, berau aldatu gabe eta beti gazte mantentzeko borrokan sartuta gaude gizarteko arauek bultzata. Eta naturari kontra egite horrek buruhauste bat baino gehiago sortzen ditu. Urteekin gorputza aldatu egiten da eta jada beste gorputz batean bilakatzen da, baina inork gutxik hitz egiten du horretaz gaur egungo gizartean; erditu berri den emakumeari ez zaio esaten aurretik janzten zituen galtzak ezingo dituela jantzi. Tabu asko daude gaur egun eta horietako bat da hau. Eta horrek, emakumeari bere gorputza onartzeko eta gozatzeko bidea zailtzen dio. Gizarteko arauek kanpotik markatzen duten horrek hartzen du indarra eta uneoro kanpotik esaten da zer eta nola egin. Horregatik sortzen zaizkie emakumeei zimurrengatiko eta bular eroriengatiko lotsak eta disimulatu beharrak.
Arau horietatik askatzea da soluzioa, baina ez da erraza. Gizarte honetan bizita, ez da lan samurra. Raimond Panikkar teologo katalanak ere hala esan zuen: “Gorputz gaixoa, lehen erlijioaren biktima eta orain medikuntzaren preso”. Gorputza bekatu eta ezer ez izatetik gorputza kontsumorako objektu izatera pasa gara, gorputza noble ez izatetik gorputzaren kultura.
Kontziente izan behar dugu gorputza aldatuz joango dela bizitza osoan zehar, eta hori onartu egin behar dugu
Txusa Balbas
Ginekologoa eta obstetra
Egoera horretan, arau sozialetatik askatzeak beste begirada eta zabaltze bat edukitzea eskatzen du. Txusa Balbas ginekologo eta osbtetrak argi esaten du emakumearen gorputza eta emakumea tratatzeko modua gizarte patriarkalaren eraikitze soziala dela. “Menarkiatik hasi eta menopausiara arte beti dago eraikitze hori, eta emakumearekin lotutako guztia penarekin lotzen da: zer pena hilekoa jaitsi zaiolako, zer pena jaitsi ez zaiolako, zer pena haurdun geratu delako, zer pena haurdun geratzen ez delako, zer pena haurra modu naturalean izan duelako, zer pena epiduralarekin izan duelako, zer pena bularra ematen diolako, zer pena bularrik ez ematea, zer pena hilekoa bukatu zaiola; baina ez al genuen esan pena zela hilekoa jaitsi zitzaionean? Zertan geratzen gara? Beti da ‘zer pena’ edo ‘zer beldurra’. Eta hori dena eraikitze sozialarekin lotuta dago, sistema patriarkalaren ikuspegitik esana dago”. Horregatik, sistema horren aurrean kultura matrilineala bultzatu behar dela dio Balbasek. “Kultura matrilinealean ez dago nagusitasunik, dena zeharkakoa da, amatasunarekin lotua. Gizonak ere badaude gizarte matrilinealetan, noski, baina zaintzen duten gizonak dira: lurra zaintzen dute, eskuetan duten guztia zaintzen dute, seme-alabak zaintzen dituzte. Aldiz, gizon patriarkala boterea da, boterearen ariketa, gerrak, hierarkia, egitura piramidala. Gizarte horretan gizona horrelakoa da, eta emakumeak balio horiek eskuratzen ditu edo mendean geratzen da. Aukera biak dira txarrak, eta horrexegatik, kultura matrilinealeko balioak hartzeko ahalegina egin behar dugu eta gutxika joan. Feminitatearen balioek elikatzearekin eta zaintzearekin dute zerikusia eta horiek zabaldu behar dira emakumeen eta gizonen artean. Eta horrek loturarekin du zerikusia: lurrarekiko, gorputzarekiko, ingurunearekiko, ingurukoekiko... lotura. Patriarkatuan, ordea, ez dago loturarik”.
Lotura hori da Balbasen iritziz edertasunaren arauetik ateratzeko bidea. “Zu zeure gorputzarekin lotuta baldin bazaude, ez dizute esango kanpotik zein eder egon behar duzun edo leku guztietan betegarriak jarri behar dituzula. Baina, horretarako, lehendabizi onarpen lan bat egin behar da. 50 urterekin ez dugu 20 urterekin genuen gorputza edukiko, eta ezta beharrik ere. Kontziente izan behar dugu gorputza aldatuz joango dela bizitza osoan zehar. Eta ez da galera bat, ez dago dolurik, baizik eta eraldaketa bat, gure bizitzako beste momentu batean gaude eta hori onartu egin behar dugu. Onarpen prozesu bat da”.
Giza naturarekin eta norbere gorputzarekin lotura berreskuratzea
Onespen lan hori egiteko, giza izaera berreskuratzea funtsezkotzat jotzen du ginekologo eta osbtetrak eta giza izaera horretan lau eremu bereizten ditu:
- Kanpoko adimena: pentsamenduak, abstrakzioa, arau sozialak, ereduak, hizkuntza eta adimena; "hau da, guk pentsatzea espero dena, guk sentitzea espero dena, guk zer gorputz edukitzea espero den, gu zerekin identifikatzea espero den, guk zer baztertzea espero den eta abar".
- Kanpoko sentiberatasuna: emozioak, gorputza eta irudia —norberarena eta besteena—, sentsazioak.
- Espiritua: norbere barruan, gizaterian, lurrean, zeruan, unibertsoan eta izaki guztietan dagoena. Partekatua da, denona. Ez dauka erlijioarekin zerikusirik. Bareatusuna, lasaitasuna, lotura.
- Arima: artea, mitoak, historiak, barne sentikortasuna, alderdi pertsonala, bihotza.
Beste begirada batekin, beste gorputz bat
Gizarte honetan gorputza beste modu batera ikusteko eta zaintzeko hainbat urrats eman daitezke, begirada askea izateko lagungarri izan daitezkeenak:
- Ukimena: norberak bere buruari masajeak emateak eta gorputza ukitzeak gorpuztea esan nahi du. Gorputza ez dago umearen baitan soilik, norberaren gorputza sakratua da. Etxea garbitzeko denbora hartzen den moduan, norbere gorputza ukitzeko tartea hartzea norbera zaintzea da.
- Besteen masajeak jasotzea ere zainketarako modu bat izan daiteke, masajeak hartzera joatea, alegia.
- Ariketa egitea eta paseatzea: ibiltzeak, naturarekin harremanetan jartzeak, naturan oinutsik ibiltzeak, mendira joateak eta abar gorputza suspertzen dute eta hori erditu berri den emakumeak egiteko modukoa da. Edonola ere, paseatzea ez da kirola egitea, gimnasiora joatea eta gihartsu egotea.
- Elikadura: gorputzaz hitz egitean janariaz hitz egin beharra dago halabeharrez eta oso garrantzitsua da ongi elikatzea. Elikadura haurdunalditik zaintzen hastea komeni da.
- Dantza librea: dantza libreak orain eta hemen egoteko aukera ematen du, eta pentsatu gabe dantzatzeak arimarekin elkartzen eta gorputzean integratzen laguntzen du.
- Meditazioa: isiltasunak eta presentziak arimaren eremuan sartzen laguntzen dute, dena eta ezer ez dagoen eremuan.
- Yoga: norberarekin eta besteekin kontaktuan jartzeko balio du yogak.
- Pentsamendua: burua ere zaindu behar da komunikabideen eta boterearen hedabideetatik datorren informazioa ez irensteko. Ahalik eta gutxien manipulatutako pentsamendua mantentzea komeni da.
"Gaur egungo gizartean eremu horietako batzuk beste batzuk baino gehiago indartzen dira eta desoreka hori gainditu beharra dago gure gorputza den bezala onartzeko bidean. Eremu bakoitza bestean iragazi daiteke. Esate baterako, kanpo sentiberatasunean bakarrik egonez gero, nahi edo ez, eraikitze sozialaren biktima izango gara eta gure gizarteak eta komunitateak bere arauak emango dizkigute. Aldiz, eremu horretan espiritua eta arima iragazten baldin badira, errealitatea onartu daiteke eta orduan beste ikuspegi bat izan dezakegu, indartsuagoa. Kasu horretan, bular eroriak beste modu batera ikusteko aukera izan dezakegu”, azaltzen du Balbasek.
Giza izaera hori onartzeak norbere gorputza zaintzea dakar. “Eta hori oso inportantea da —gaineratzen du ginekologoak—. Emakume askok haziera zoragarriak egin dituzte, baina euren buruarekin ahaztu dira. Hegazkineko laguntzaileek ere maskara erortzen bada lehenbizi helduak jartzeko esaten dute, eta ondoren jartzeko umeari. Horrek ez du esan nahi lehenbizi heldua denik, baizik eta helduak ez duela bere buruarekin ahaztu behar. Horrexegatik, oso ondo daude edoskitzea, titia eskatutakoan ematea, haurrarekin lo egitea eta abar, baina norbera ere hor dago eta existitzen da”.
Norberaren gorputza hasieratik zaindu behar dela gogorarazten du Balbasek, alegia, haurdunalditik bertatik hasita. “Emakume batek ez du itxaron behar umeak 10 urte izan arte bere burua zaintzen hasteko. Erditze egunetik bertatik hastea komeni da”. Eta hori da egin den akatsetako bat.
Norberaren gorputzaren zainketarekin gorputza bizi egiten da eta biziz gero zaindu egiten da. Gorputzari, arimari, instintuari eta buruari entzunda bertan egoteko gai gara, buruan presente eta ariman presente, eta horrela izango gara erabakiak hartzeko gai. “Modu horretara zaintzen baldin badugu gure gorputza, benetako eta sakoneko zainketa izango da eta gai izango gara ‘gorputz honekin joango naiz hondartzara’ esateko, edo ‘astero masajistarengana joango naiz gorputz honentzat’, ‘yoga egingo dut gorputz honentzat’, ‘eguzkia hartuko dut gorputz honekin’ edo ‘sentadilla batzuk egingo ditut’. Sakoneko zainketa horrekin, gorputza tenplu gisa hartzearekin, zimurrek ez gaituzte kezkatuko”.
Kolektiboki errazagoa litzateke
Esatea erraza da, baina egitea zaila. Horren kontziente da Balbas bera ere, eta horregatik dio interesgarria izango litzatekeela komunitatean egitea, modu kolektiboan. “Emakumeok borroka asko egin ditugu: sexualitatearena, gure harremanak nola eraiki nahi ditugun markatzea, independentzia ekonomikoarena eta abar. Beti gaude borrokan, aldarrikatzen, ezin zaio inoiz erne egoteari utzi. Oso kontziente bizi behar da. Prozesu hau dena kontziente izatearen abentura da eta abentura hori goizean goizetik hasten da, nekagarria da: bost zimur gehiago ikusi eta izutu egiten gara, erosketak egitera joan eta janari asko ontziratua dago, janari industriala nonnahi... denbora guztian adi egon behar”. Baina, aldi berean, bere alde ona du: kontziente bizitzeak adi bizitzea esan nahi baitu. Eta adi bizitzeak bertan egotea esan nahi du. “Eta hori da egin behar duguna, bertan egon, ahalik eta kontzienteen egon. Zeren bertan egoteak errespetatzea esan nahi du eta errespetatzeak begirada edukitzea esan nahi du; norbait errespetatzen dugunean, norbait hori ikusten dugulako da”. Horregatik dio Balbasek emakumeak egin behar duen lehendabiziko gauza bere burua errespetatzea dela, hau da, bere burua eta gorputza ikusi, epairik gabe begiratu pentsatzen eta sentitzen duenari eta bere gorputzari. Aldatzen den gorputza dela onartuz eta modu sakonean zainduz.
Gorputza tenplu
Ipar Amerikako indioek ez dute tenplurik eraikitzen, euren mandatu espiritualak aztarnarik ez uzteko agintzen baitie. Ez dute ezta etxerik ere eraikitzen, tipietan bizi dira. Beste zibilizazio askotan kontrakoa gertatzen da eta arrasto handiak uzten dira. Gaur egungo Mendebaldeko zibilizazioak aurreko guztiek elkartuta baino arrasto eta zabor gehiago utziko du.
Ipar Amerikako indioentzat bi tenplu daude: natura eta gorputza. Gorputza tenplutzat hartzen dute eta sakonean zaintzen dute, ez “zimurra ederra da” esaldi hutsalean oinarrituta. Euren espiritualtasuna oso sakona eta xumea da eta gorputzaren aldaketak beste modu batera bizitzen dituzte. Hasteko, ez dira kontsumoaren biktima eta emakume indiarrak ez dira gaizki sentitzen bularrak zintzilik edukitzeagatik, emakume afrikarrak sentitzen ez diren bezala. Lanketa sakon bat egiten dute gorputzarekin arimaren eta espirituaren alderdiak landuz, eta, orduan, norberaren zaintzak beste zentzu bat hartzen du.