Sentitzen, pentsatzen, bizitzen ari garen hori besteari zehaztasunez adierazteko grina, beharra. Bestea sentitzen, pentsatzen, bizitzen ari den hori doitasunez ezagutzeko nahia. Azken batean, inguruan ditugunekin komunikatzeko desira. Hori da aho-hizkuntza garatzeko prozesu konplexua martxan jartzeko gai den motor bakarra. Hala zioen Mar Coromisas logopeda kataluniarrak Hik Hasi-k urrian antolatutako Mugimendua eta Hizkuntza jardunaldietan, zenbaki honetako gai nagusian azaldu bezala. Bata eta bestearen arteko harremanaren xarmak bakarrik lortuko du haurra motibatzea halako kode sinbologiko konplexua bereganatzeko.
Eta, hain zuzen, bataren eta bestearen arteko harremana, gizarteko harremanak dituzte ardura nagusi Arremanitz Kooperatiban. Tratu onen kultura sustatzeko egiten dute lan, komunitatean oro har eta gazteen artean bereziki, Ibon Agirrezabalaga de Mingo-k zenbaki honetako elkarrizketa nagusian azaldu bezala. Izan ere, bata bestearenganako tratu onetan oinarritutakoak baino gehiago, gatazkan oinarritutako gizarte-harremanak nagusitzen direla uste dute. Hori bai, entretenimenduaren gorazarrean eta “profident irribarrearen” atzean ezkutatzen da gatazka, gizarteak ez baitio begiratu nahi. “Baina, izkin egiten diolakoan, betikotu egiten du gatazka”. Tratu onen kultura sustatzeko bidean, Agirrezabalagak gatazka horri aurrez aurre begiratu eta mahai gainean jartzea proposatzen du, bataren eta bestearen beharrak eta desirak aintzat hartu eta elkarren artean konponbide bat adostea izango baita gatazka hori gainditzeko modu bakarra.
Bada, batak bere sentimenduak, pentsamenduak eta bizipenak besteari komunikatzeko grinak, bestearen sentimenduak, pentsamenduak eta bizipenak ezagutzeko desirak haurtzaroan aho-hizkuntzarena gisako prozesu konplexuak abiarazteko indarra izan badu, zergatik ez du balioko, helduen artean, elkarrekin gatazkak konpontzea bezalako bide korapilatsua abiarazteko?