Nola sustatu dezakegu eskolatik haurren eta familien euskararekiko atxikimendua?

 

Gure herrian familia euskaldun asko gaude, baina ez da arnasgune bat. Euskara kalean ere entzuten denez, guraso askok ez daukate gaiarekiko berebiziko kontzientziarik eta datuak okerrera doaz. Nola sustatu dezakegu eskolatik haurren eta familien euskararekiko atxikimendua?

 

KEZKA HAU ohikoa izaten da. Atxikimendua landu daiteke, baina eragina oso mugatua da. Nire ustez, gutxienez, familiei argi azaldu behar zaie gurasoen aldetik zer nahiko genukeen eta zergatik: eleaniztasunari buruz eta hizkuntza-ohiturei buruz mezu egokiak eman behar zaizkie. Plangintza bat osa daiteke eta urtero mezuak ondo azaldu. Horri begirako baliabideak dituzue gune honetan: https://ebete.eus/guraso-berritsuak. Horrez gain, zenbait ekimen baliatu daitezke aktibazioa lantzeko (Euskaraldia, Korrika...). Eta baliagarria izaten da baita ere familiei euskara erabiltzeko gune babestuak eskaintzea: txango edo ekintza bereziak, non baldintza den parte hartzen dutenek euskaraz egitea (bereziki helduek). Tarte horietan gurasoek guztia euskaraz egitea lortzen da, eta horrek eragina du eguneroko harremanei begira.

Bestalde, oso lagungarria izan daiteke eskolan Gurasoen euskara batzorde bat osatzea eta guztiak elkarlanean aritzea.