Ainhoa Astiz Goñi | Iruritako Herri Eskolako irakaslea
Gurasotasuna sumendi emozional baten moduan irudika nezake eta bizitza bera lehertu egiten denaren sentsazioa dakar berarekin. Hori hala izanik ere, ezinbertzean, irakasle ikuspegian ere aldaketak sumatu ditut ama izan naizenetik.
Gaurkoan, labur-labur, bi hausnarketa-hari aipatuko ditut, norbaiti intersgarri eginen zaizkiolakoan.
Guraso izan naizenetik, helduok umeari buruz dugun irudiaz oraindik eta gehiago hausnartu izan dut. Izan Pikler, Malaguzzi, Montessori… gure lanbidean jorratu nahi ditugun bideendako, eskolan oinarri komun eta sendo bat izatea beharrezkoa dela pentsatzen dut. Horretarako, Hik Hasirekin egindako bidaia pedagogiko batean, aunitz miresten dudan Josu Txapartegik egindako galdin-modua berreskuratu nahiko nuke: “Zuretzat, zer da haurra?”. Horra hor, erroa, oinarria.
Haurraren irudiaz ez ezik, irakasleon jarreraz edota portaeraz ere hausnartzera eraman nau gurasotasunak; eta, horretarako, formakuntza batean jaso nuen eta nigan eragin handia izan zuen galdera ekarriko dut paperera: “Eta zu, nola dibertitu zara gaur lanean?”.
Umeek errespetua, zaintza, maitasuna, mugak, presentzia… behar dituzten bezala, umorea ere beharrezkoa dutela erranen nuke, eta doike, horretarako, ezinbertzekoa da helduok gozamenez jardutea lanean.
Kontuak kontu, haurraren lehendabiziko urteen garrantziaz jabetuta, dugun ardurari eutsi eta haurtzaroari zor zaion atentzio, zaintza eta trataera bermatzeko bidean, komunitatean egin beharko dugu aitzinera, errespetutik eta epairik gabe: bai gurasotasunean, eta baita irakasle lanbidean ere.