Xabier Sarasua, Iraleko irakaslearen iritzi artikulua.

 

Oraindik zuen hitzak ulertu ez arren, ederki iristen zaizkit zuen maitasuna eta goxotasuna. Amatxoren barruan horren zainduta egon naizenez, konfiantza osoa daukat zuengan, eta badakit niretzat onena nahi duzuela. Horregatik diotsuet: fida zaitezte zuen guraso senaz eta nirekiko maitasunaz. Zuena da ardura. Bizitzako lehen 3 urte hauek dira garrantzitsuenak; izatekotan, aldi honetantxe jasoko ditut, betiko, barne konfiantza eta sendotasuna. Beraz, borrokatu ni hezteko zuen betebeharrerako formazio eta baliabideen alde. Zuen kalitatezko denbora behar dut, nire burua ezagutzeko eta komunikatzen eta pentsatzen ikasteko; maite nauzuela senti dezadan eta, zuek maitatuz, maitatzen ikasi. Zuen bizipoza izango da nirearen iturririk oparoena. Hortxe garatuko dut ondoen nire autoestimua, eta horrek esploratzeko eta ikasteko gogo izugarria ekarriko dit. Orduan eramango nauzue parkera beste umeekin jolastera.

Eskolatzeko garaian, gogoan izan eskola, erreforma eta metodologia berriez apaindu arren, ez dagoela pentsatuta haurroi bizitzarako prestatzen laguntzeko, baizik eta ordena kapitalista neoliberalak behar dituen indibiduoak moldatzeko. Eraman nazazue behintzat ume gutxi eta adinka segregatu gabe dituen batera, haurron erritmoak errespetatzen dituzten eta harreman aberatsak sustatzen dituzten helduen zaintzapera, lehiatu ordez ikas dezadan elkar zaintzen eta elkarri laguntzen. Ziurtatu heldu horiek ere zainduta daudela, bestela nekez heziko gaituzte poztasunean.

Bestalde, ez izan presarik nik gauza asko ikasteko, eta ez bete jarduerez nire denbora. Jolas librean ikasiko dut ondoen.

Eta ez ahaztu: lagundu errotzen, identitate sustraitu bat gara dezadan. Batetik, lagundu lurra eta bizitza nire zentzumenez deskubritzen, eta ez utzi mundu birtualak benetako mundutik deskonekta nazan, ez etxean eta ez eskolan. Bestetik, etxeko hizkuntza eta kultura jaso nahi ditut, baita herrikoa ere, haietako parte izan nahi dut eta. Horrekin batera, era askotako umeak ezagutu nahi ditut, eta batzen gaituen horretatik elkarrekin taldea eraikitzen ikasi, lur honen eta gure aurrekoen abaroan.

A! Badakit aske nahi nauzuela, baina ez ni utzi nire identitatea eta izaera sendotasunez garatzeko heldulekurik gabe; emadazue lurzoru egonkor bat, bere akats eta guzti. Ingurune seguru horretan pixkanaka nire izaera eta berezitasunak adierazten ditudanean, ni maitatzeko arrazoi bat gehiago izango dira zuentzat.

Nik ere izugarri maite zaituztet.