Eskubideen eta betebeharren arteko talka ohiko bihurtzen da nerabeekin. Gogoko dute eskubide gehiago izatea. Aldiz, helduen munduan aurkitzen dituzten betebeharrekiko uzkur agertzen dira, saihestu nahian. Gurasoen lana izaten da bien arteko oreka lortzea eta nerabeek guztiak arduraz hartzea.
Adinean aurrera egin ahala, helduen mundurako ateak irekitzen dizkieten eskubideak irabazten joaten dira nerabeak: gauez ateratzen hasten dira, mugikorra izaten dute, kanpoan afaltzera joaten dira lagunekin, beste herrietara joaten hasten dira, herriko elkarteetan edo taldeetan parte hartzen hasten dira, beste herri batera joaten dira ikastera... Helduek egiten dituzten gauzak egiten hasten dira. Baina dena ez dira eskubideak, ifrentzuan daude hain gogoko ez dituzten betebeharrak. Helduen munduan, ordea, betebeharrak eta ardurak ere izaten dira, eta bizitzan aurrera egiteko ezin zaie muzin egin.
Gurasoen egitekoa izaten da nerabezaroan seme-alaben eskubideak eta betebeharrak zehaztea. Nerabezaroan espezializatutako Izar Arregi psikologoak dio bien arteko oreka horretatik sortzen dela diziplina positiboa, eta horrek izan behar duela gurasoen xedea. Horretarako bidea zein den markatzen du: “Etxean nerabe bat daukagunean eta diziplina positiboa ipini nahi dugunean, eskubideak eta betebeharrak zein diren negoziatzea eta adostea komeni da. Adostea % 100ean konforme egotea izango litzateke. Aldiz, alderdi guztietan ados ez baldin bagaude, negoziatu egin behar da eta denon artean zer onartzen dugun ikusi”.
Negoziatutakoa idatzita eta sinatuta utz daiteke, denak jakinaren gainean izan daitezen bai eskubideak eta bai betebeharrak zein diren eta baita betebeharrak betetzen ez baldin badira ondorioak zein izango diren ere. Halere, idatzita eta sinatuta egoteak ez du dena beteko dutenik bermatzen eta horretaz ohartarazten du Arregik: “Gurasook eta irakasleek ideia desegoki bat daukagu: seme-alabekin edo ikasleekin arau bat eta ondorioa negoziatzen baldin baditugu, ikasleek edo seme-alabek onartu egin behar dituztela uste dugu, baietz esan behar dutela, baina beti ez da horrela izaten. Baietz esaten dute, ulertzen dute, baina gauzatzeko garaian kexatu egingo dira”.
Gainera, beti sortzen dira salbuespenak eta horiek kudeatzeko garaian sortzen dira gorabeherak. Mugikorraren adibidea jarri du nerabeetan espezialitazutako psikologoak: “Etxe batean mugikorra astean zehar 22:30ean uztea adostuta daukate, eta asteburuetan eta jaiegunetan 00:30ean. Nerabeak araua ez baldin badu betetzen, hurrengo egunean 21:30ean utzi behar du. Eta bigarren aldiz betetzen ez badu, egun bat mugikorrik gabe pasa beharko du. Salbuespenak, ordea, egunero sor daitezke: lehenengo egunean lehen eguna duelako mugikorrarekin; beste egun batean etxerako lanak egiteko behar duelako; beste egun batean whatsappez ari delako jasotzen azterketarako oharrak; hurrengo batean argazkiak antolatzen soilik ari delako eta ez Internet erabiltzen; beste batean lagun minarekin haserretu delako... Kontua da, salbuespena izanagatik, hurrengo egunean 21:30era arte erabiliko duela esan behar zaiola, hala adostuta dagoelako. Eta hor dator gurasoen papera, hurrengo egunean: zeren nerabeak, jakitun izan arren, ez du 21:30ean mugikorra utziko, ez du esango ‘hartu mugikorra, atzoko arau-haustearen ondorioz gaur ordubete lehenago utzi behar dut’. Ez, hori gurasoei oso erraz jartzea izango litzateke, eta orduan beste arazo bat edukiko genuke: ez dagoela nerabezaroan, ergela dela, alegia. Beraz, biharamunean gurasoei dagokie 21:30ean mugikorra utzi egin behar duela esatea, eta hori da gakoa”.
Nerabeak, ahal baldin badute, ondorioak ez betetzen saiatuko dira, “helduak bezala”, gaineratzen du Arregik. “Helduok ados gaude alkohola edaten baldin badugu ezin dela gidatu esatean. Ez dugu negoziatzen, ados gaude eta baita alkoholemia kontrolak jartzearekin ere. Baina sagardotegitik bueltan ertzainak ikusten ditugunean ez diegu esaten ‘e, egin niri proba, ea positibo ematen dudan’. Whatsappez kontrola non dagoen abisatzen aritzen gara, nahiz eta kontrola egitearekin ados egon. Nerabeei gauza bera gertatzen zaie”.
Horregatik, araua eta ondorioak lotzea erraza da, baina gero hori praktikan jartzea, gauzatzea eta konstantzia izatea zaila da. Eta horretan datza gurasoen lana.
Arau gehiegirekin ito gabe
Arauak betetzea zaila denez, Arregik arau gutxi jartzea aholkatzen du, norberarentzat benetan garrantzitsuak diren gaietan ezartzea eta gainerakoetan ezikusiarena egitea. “Niretzat momentu honetan garrantzitsua baldin bada mugikorraren erabilera arautzea, horretan jarriko dut indarra eta araua. Eta ohea egitea edo ez egitea ez baldin bada hain inportantea, ez dut araurik jarriko. Arau gehiegirekin ito egiten dira”.
Guraso modura, garrantzitsuak diren eta lehentasuna duten arauak adostea gomendatzen du psikologoak. Eta arauak eta ondorioak behin eta berriro hartu beharko dira; berrartu, berrartu eta berrartu. “Hori baita diziplina positiboa: negoziatzea, arauak adostea, ondorio logiko eta naturalak jartzea, hori bermatzea, eta berriro ere birplanteatzea eta errepasatzea”.
Kexatu egiten direla jakinik ere, adostutakoa betetzea lortu behar dute gurasoek. “Gure lana kexak belarri batetik sartu eta bestetik ateratzea da. Baina adi, hori ez da ez entzutea edo enpatiarik ez edukitzea. Ez, ez ditzagun nahastu nerabeak ulertzea eta enpatia edukitzea. Seme-alabak beti ulertu behar dira eta beti eduki behar dugu haiekiko enpatia, eta hain zuzen ere, ulertzen ditugulako eta enpatia dugulako esaten diegu ezetz”.
Konstantzia eskatzen du horrek, eta arau batzuek ongi funtzionatu arren, behin eta berriro errepasatzea komeni da. Ikasturte hasiera arauak errepasatzeko une polita izan daiteke, eta familiako bilerak ere oso interesgarriak dira. Asteko egun eta ordu jakin bat adostea denak elkartzeko eta gai desberdinen gainean hitz egiteko, modu goxoan eta gustagarrian, “pizza bat janez, esate baterako. Horrela, nahiz eta haserre edo adostasunik lortu gabe bukatu, gutxienez une atsegin bat pasatzeko aukera izango da”.
Ondorio naturalak eta logikoak
Arauez eta ondorioez aritzean, Arregik ondorio naturalak eta logikoak aipatu ditu, eta horiek bizitzak berak erakusten dituenak dira. “Guraso biak lanean baldin badira, seme-alabek erraz ikasten dute ogia erosita etxera etortzen. Ahanzten baldin bazaie, ezin diete gurasoei errua bota, bazekitelako lanean zirela eta ogia erosteko dirua poltsikoan zutelako. Ahaztu egin zaie eta, beraz, ogirik gabe bazkaltzen dute edo erostera joaten dira”. Horiek dira ondorio logikoak eta naturalak.
Norberaren gauzetaz ardura hartzea ere lortzen da: logela eta arropak txukun edukitzea, adibidez. Zailagoa izan ohi da lan komunak egitea; euria hasi duelako zintzilikatuta dauden arropak sartzea, ontzi-garbigailuak bukatu baldin badu barrukoak ateratzea eta jasotzea; 20:00ak baldin badira eta gurasoak iritsi ez baldin badira mahaia jartzea; sofako manta lurrean baldin badago hura jasotzea... Lan horiek ikustea kosta egiten da eta Arregik dioenez, “horrelakoetan zereginak taula batean jartzeak lagundu dezake”.
Etxeko guztien oreka
Anai-arreben artean ika-mikak ohikoak dira eskubideez eta betebeharrez hitz egiten hastean: nork zer, zenbat eta noiz egiten duen, konparaketak... Arregik argi dio eskubide berdinak izatea bakoitzak bere egoeraren araberako ardurak eta betebeharrak edukitzea dela, bestela ez direla eskubide berdinak izango. “Pentsa dezagun horma bat daukagula eta atzean pelikula bat dagoela. Seme edo alaba altuenak ongi ikusiko du; ertainak aulki bat beharko du hormaren atzean dagoena ikusteko; eta txikienak tronua beharko du. Hiru baliabide desberdin erabili dira: zaharrenari ez zaio ezer jarri, bigarrenari aulki bat eta hirugarrenari tronu bat. Zergatik egin da hori? Hirurei eskubide bera bermatzeko. Eta zein da eskubidea? Hormaren atzean dagoen pelikula ikustea. Aulkia eman dioguna ez dugu gehiago maite, edo tronua eman dioguna are gehiago. Ez, hirurak berdin maite ditugulako edo hirurei berdina opa diegulako egin dugu hori. Bakoitzaren beharren araberako baldintzak jarri behar ditugu”.
Anai-arreben artean normalean zaharrena konturatzen da txikiak zer eskubide dituen eta gazteena ere ohartzen da zaharrenak zein eskubide dituen.
Gurasoen beharrak vs nerabeen beharrak
Etxe bakoitzeko arauak eta ondorioak desberdinak dira, nerabeei ematen zaizkien eskubideen eta eskatzen zaizkien betebeharren modura. Gurasoen esku dago horiek zehaztea, seme-alabekin negoziatzea eta beteko direla bermatzea. Arregi psikologoak azpimarratzen du erabaki horiek denak gurasoek beren beharretatik hartzen eta justifikatzen dituztela normalean. Diziplina behar duen gurasoak seme-
alaba parrandan joan ez dadin hartuko ditu neurriak edo jarriko ditu arauak, hori delako haren beharra. Aldiz, irtetea gustatzen zaion gurasoak ateratzen utzi egin behar zaiela pentsatuko du eta horrek autonomia lantzen lagunduko diela esanez justifikatuko du.
Guraso bakoitza bere beharretatik abiatzen da nerabeari gauza bat edo bestea eskatzeko. Denek nahi dute guraso onak izan eta denek egiten dute ahal dutena eta ahal duten tokitik. "Horrexegatik, nahigabe zein tokitatik ari garen ikusi behar dugu, kontziente izan eta landu", dio Arregik. "Orduan konturatuko baikara nondik ari garen eta, ondorioz, malguegi edo zorrotzegi jokatzen ari garen". Lanketa pertsonala egin ostean argiago ikusten da zein arau edo zein baldintza jar dakizkieken seme-alabei.