Jose Ramon Mauduit, Gorputz terapeuta eta psikologoa.
Bizitzako lehen urteak pertsonen garapenean bereziki garrantzitsuak direla azpimarratzen du Jose Ramon Mauduit gorputz terapeuta eta psikologoak, hor finkatuko baitira heldu osasuntsuak izateko oinarriak. Beharrezkoa da gurasoek etapa hori egoki zaintzeko eta laguntzeko tresnak eskuratzea.
Ukitu hazkuntza eredua. Sormenezko bizitza baterako laguntzeko artea izeneko liburua kaleratu berri du Jose Ramon Mauduitek (Amezketa, 1949). Gure seme-alabentzat etorkizuna izango duen gizarte osasungarria eta humanizatua sortzeko moduaren bilaketari eskaini dio Mauduitek bere ibilbidea. Ibilbide horretan, masajea eta emozioak gorputzaren bidez adierazteko aukera topatu zituen eta Cristina Aznar zenarekin batera (ginekologoa eta terapeuta reichiarra zen), Ukitu hazkuntza eredua sortu zuen. Ia 40 urtez aplikatu dute eredua Donostiako Hazi Hezi zentroan.
Sormenezko bizitza aipatzen du zure liburuak izenburuan. Garrantzitsua al da gizakiok sormenezko bizitza izatea?
Bai. Gizakiak etorkizunean aurrera jarrai dezan hainbat gaitasun eduki behar ditu. Gure burmuinak ibilbide bat egiten du bizitzan zehar eta jaiotzen garen momentuan, egitura ikaragarria osatuta dago jada. Ondoren, aurrera jarraitzen ahalbidetzen diguten hainbat baliabide ditugu. Haurrak aurrera jarraitzeko prozesuan laguntza ona baldin badu, osatze prozesua ongi egingo du. Eta haurrak osatze prozesua egiten baldin badu, bere buruaz jabetuko da.
Prozesu hori eginez gero, hainbat gaitasun garatuko ditu. Haurrari 3 urte eta erdi edo 4 urte ingururekin estresa aktibatzen baldin bazaio edo zerbaitek min eman baldin badio, eskolara ez duela joan nahi eta etxean gelditu nahi duela esaten duela ikusi dugu, eta eskolan edo lagunekin gertatu zaiona jolasaren bidez sinbolikoki ateratzen duela. Zerbaitek ez dio onik egin eta jolasaren bidez bere burua ongi sentitzera bideratzen du. Eta hori gertatzen denean, esan nahi du haur horrek bere buruarekin ongi egoten uzten dioten tresna batzuk eskuratu dituela. Hori deskubritzea izugarria izan da guretzat. Horren bidez ikusten dugu gizakiak barne lasaitasunari lekua egiteko, munduan kokatzeko eta ingurukoekin dituen harremanak ongi bideratzeko gaitasuna duela. Gizakiak, beraz, badu etorkizunerako bidea.

Zer eragin du horrek gerora, haurraren hortik aurrerako garapenean?
10-12 urte bitartean independentzia emozionala gertatzen da. Gurasoengandik baliabideak jaso ditu eta hortik aurrera umea munduan nola kokatuko den ikusten hasten da. Bide horretatik joanez gero, inguruarekiko harremanak eta haien burua ongi kokatuta baldin badaude, 25 urte bete bitartean hurrengo pausoa autonomia izango da. Eta 25 urtetik aurrera, interdependentziaren garaia izango da. Ikusi dugu pertsona barneko lasaitasunetik eta gaitasunetik abiatuta kokatu daitekeela munduan eta inguruarekiko harremanek duten aberastasunarekin komunikatzeko erraztasuna duela. Horrek esan nahi du baliabide guztiak eskuratu dituela eta munduak sortzen dituen ezbeharrak eta egoerak gainditzeko eta bideratzeko tresnak dituela.
Gurasoek prozesu hori laguntzeko tresnarik ba al dute?
Nik esango nuke gaur egun heziketa prozesua ez dagoela ongi garatua. Eta hortik datoz patologia eta alienazioa. Baliabideak orekatuta ez dauden bitartean, patologian eta gatazketan murgildutako gizartea izango dugu. Horrek irteerarik ba ote den galdetzera bultzatzen gaitu eta, zalantzarik gabe, erronka handia dugu esku artean. Burmuinaren garapenean, kolaboraziorako eta kooperaziorako gaitasunak daude. Neuronen elkarketak indartsuak baldin badira, haurrak oinarri hobea izango du eta nerbio sistema zaintzen baldin badugu, haurrek ez dute liderrik eta borrokarik nahi izango. Hainbat etxetan ikusten diren harreman bortitzak haurrengana iristen dira eta hori jasotzen dutenez, kalean ere hori erabiltzen dute.
Nik esango nuke gaur egun heziketa prozesua ez dagoela ongi garatua. Eta hortik datoz patologia eta alienazioa. Baliabideak orekatuta ez dauden bitartean, patologian eta gatazketan murgildutako gizartea izango dugu
Haurdunalditik 3-4 urtera bitarteko zikloak berebiziko garrantzia duela azpimarratu duzu; hor kokatzen baita pertsonaren oinarria. Duen garrantziaz jabetzen al gara?
Denbora tarte hori erabat zatituta dago gaur egun. Ez dago orientaziorik emakumeei eta bikoteei tarte horrek eskatzen duen prozesua lasai eta barrenak eskatzen dien modura bizitzeko aukera izan dezaten laguntzeko. Guk bikote askori lagundu diegu, eta laguntza horrek zer onura eta zer erreakzio sortu dituen ikusi dugu. Lan horrek gizakiaren garapenaren antolatzaileak nola osatzen diren erakutsi digu eta bide horretan Cristina [Aznar, ginekologoa eta psikoterapeuta reichiarra] izan da pertsonarik garrantzitsuena.
Medikuntza ikasi zuen eta Afrikan ikusi zuen emakumeei erditzeetan eskaintzen zieten arreta hemen egiten zenetik oso desberdina zela. Han potroak eta umeentzako sehaskak alde batera uzten zituzten eta amak lurrean erditzen ziren. Afrikatik itzulita ikusi zuen Europan ere bazirela erditzea errespetatzen zuten tokiak: Michel Odent eta Phitiviers klinika ezagutu zituen. Ondoren Mallorkara joan zen, erditzeak laguntzen hasi zen. Cristinaren jarduteko moduak hiru alderdi zitue: bikotearekin hitz egitea, aurrez ezagutzea eta erditze ondoren ere harremanari jarraipena egitea.
Hona etorrita, gauza bera egin zuen. Erditze ondorengo laguntza eskaintzen hasi zen, eta amak erditzearen edota edoskitzearen gaineko zailtasunei buruz hitz egiteko espazioak eskatzen hasi zitzaizkion. Ni ere parte hartzen hasi nintzen, taldeak egiten hasi ginen eta lehen urtea amaituta, jarraipena eskatzen zuten. Gurasoak estresatu egiten ziren baina laguntzarekin, lasaitu egiten ziren eta pixkanaka arazoak desagertzen ziren.

Laguntza horrek, gurasoak lasaitzeaz gain, haurren gaineko behaketa sakonak egiteko aukera eskaini zizuen.
Bai. Ikusten hasi ginen haurrek burmuinaren garapen prozesuan atsedenaldiak egiten zituztela eta horien bidez ordura arte jasotako informazio guztia finkatzen zutela eta ondoren, berriro mundua deskubritzera zihoazela. Horrekin batera ikusi genuen haurrek garai horretan, hiru urte eta erdi edo lau urte inguruekin bularra uzten zutela. Beste gauza batzuk egiten hasten ziren orduan. Konturatu ginen haurrek hainbat baliabide garatzen zituztela eta orduan jada ama barneratuta zutela. Aurrez barneratutakoa gogoratzeko erreferentzia lortzen dute, eta gizakiak aldaketa izugarria egiten du garai horretan.
Haurrei uzten baldin badiegu, baliabideak bideratzen baldin baditugu eta haien nitasuna eta gaitasunak adierazteko modua ematen baldin badiegu, bizitzan dituzten beharrak zein diren eta haien bizitza nola erregulatu dezaketen ikusiko dute. Baina gure munduak ez du horretarako aukerarik ematen, eta orduan nola egin behar da bide hori? Hor dago koxka.
Eta nola egin dezakegu bidea?
Erreferentzia batzuk badaude eta gizaki guztiengan daude gorputzaren formazioa, autoeraikuntza, hobekuntza eta zehaztasuna. Gizakiak dependentzia emozionaletik independentzia emozionalerako bidea egiten baldin badu, ondoren autonomia eta gerora interdependentzia etorriko dira. Burmuinaren garapenak prozesu horretara garamatza. Hori bideratzeko arazoa dugu gaur egun, patriarkatuan baliabideak ez daudelako horretara zuzenduta eta gizakiaren onurari bide egiteko bideratuta. Patologian gaude, laguntza ahula da, haurren heziketan hutsuneak sortzen dira eta une honetan ez da posible esatea mundu honek benetako aldaketa egingo duenik. Gizakiak kolaboraziorako eta kooperaziorako joera du, baina patologia batekin gatozenez, ez dugu konfiantzarik besteengan.
Haurrei uzten baldin badiegu, baliabideak bideratzen baldin baditugu eta haien nitasuna eta gaitasunak adierazteko modua ematen baldin badiegu, bizitzan dituzten beharrak zein diren eta haien bizitza nola erregulatu dezaketen ikusiko dute
Akonpainamendua modu egokian egiteko UKITU + SENTITU + KOKATU formula sortu duzu. Azalduko al zeniguke zer esan nahi duen?
Nola ukitu zaituzten eta nola sentitzen duzun, halako kokapena izango duzu munduan. USKOZAINTZA izena jarri diot: ukitu, kokatu, sentitu eta zaintza biltzen ditu kontzeptuak. Uskozaintzaren bidez zer gertatzen da? Gizakiak bere burujabetasunari lekua egin diezaion bideratzen dugula. Patologia lantzen hasten gara eta patologiaren osagairik garrantzitsuena estresa da. Beraz, estresa nola gainditu behatzen dugu. Haurrek euren nerbio sistemaren garapenean laguntza baldin badute, neuronek egiten duten konexioa ona izango da.
Heziketak hainbat elementu gako behar ditu: irisgarritasuna, atentzio pertsonalizatua eta enpatia. Atentzio pertsonalizatua behar dugu haurrak behar duena osatzen joaten laguntzeko. Horrela izan ezean, patologia dago. Gaur egun gurasoak haurrekin gero eta gutxiago daudela ikusten dugu.
Patologia areagotzen ari da eta hori saihesteko haurdunalditik bertatik prestatzen eta formazioak egiten hasi beharko genuke. Heldu izaten ikasi behar dugu. Egoten jakin behar dugu, erritmoa errespetatzen, elkarrekikotasun enpatikoa oso kontuan edukitzen eta batez ere, geure buruarekin bakean egoten. Ezagutza gure barnean orekatuta baldin badago, horrek motibazioa, zentzua eta xedea ematen dizkio bizitzari eta gizartea beste modu batera planteatuko dugu.
Alderdi sozialari ere garrantzia ematen diozue, ezta?
Sozialki zer-nolako beharrak dauden eta prozesu patologikoak nola dauden ikusi behar da. Zenbait alderditan gabezia handia dago oraindik ere. Gabeziak bideratzen joaten gara eta horretarako kolaboraziorako eta kooperaziorako aukera sortu behar da. Euskal Herriak zentzu horretan indarra du, baina nik uste dut hori finkatzea eta gizarteak guztion arteko eginbeharra dela sentitzea falta dela.
UKITU+SENTITU=KOKATU formulan, ukitu alderdiak garrantzi handia du. Kontaktuaren garrantzia adierazten du. Zer garrantzi du kontaktuak gerora heldu osasuntsuak izan gaitezen?
Bartzelonan medikuntza japoniarra ikasi nuenean konturatu nintzen arnasak mugimendu bat duela eta gorputzak baduela berez beste mugimendu bat. Gorputzaren berezko mugimenduan eragiten baldin baduzu, gorputza erregulatzen joaten da, arnasa sakonago hartzen. Hor ikusi nuen ukitzeak, gorputzaren erantzuna zekarrela. Eta jaiotzetik kontaktu hori izateak nolako garrantzia duen pentsatu nuen. Elikadura, harremana eta erreprodukzioa ezinbestekoak dira bizitzan. Harremana ukitzean dago eta ukitze hori nolakoa, heziketa ere halakoa izango da.
Gaur egun oraindik helduaren protagonismoan gaude. Gizakia hain hauskor ibili ez dadin bidea aurkitu nahi dugu, baina ez da aurkitu gizakiak bere osotasunari eusteko modurik. Eta liburuan ematen dudan mezu garrantzitsuenetakoa da posible dela. Barnean hainbat gaitasun dakartzagu eta horiek orekatuz gero eta oinarritik zainduz gero, matrilinealtasuna esaten zaion gaitasuna berreskuratuko dugu. Beste gizaki baten ongizatearekin erabateko identifikazioa izatea izango litzateke. Amak bera ongi egonik haurra ongi egotea nahi du. Gaur egun, ordea, ez dakigu gure seme-alabak nolakoak izatea nahi dugun.

Etorkizunari begira baditugu erreferentziak; badakigu nola egiten diren laguntzak haurren gaitasunetatik abiatuta haiei erraztasunak emateko eta harremanetan gaitasun kritikoa izateko. Zeren gaitasun kritikoa askotan aipatzen dugu, baina gaitasun kritikoa, nola? Norberak eta ondokoek dituzten baliabideekin gizarteari ekar diezaiokegun onura ikusteko gai izan behar dugu. Oinarri horien bidez osasuna, genero berdintasuna eta ingurukoekin ditugun harremanak ahalik eta onenak izatea bermatuko genuke. Baina helduok ez dakigu nondik gabiltzan eta autoezagutza eta autoeraikuntza ez ditugu bultzatzen. Haurrei haien gorputza ezagutzen ere ez diegu uzten; txikitatik pardelarekin ibiltzen dira eta genitalak ezagutzeko aukerarik ere ez dute. Haurrak ez daude haien gorputz eskeman orekatuta eta kokatuta.
Gizakiaren gaitasunei lekua egiteko gai ez baldin bagara, lehiakortasunera begira egongo gara eta horrek txikizioa ekarriko luke
Guraso gisa kanporantz begira al gaude? Nola ikusten dituzu gurasoak?
Galduta dabiltza. Guraso batzuek etxea edo lana falta dute, ez dakite harremanak nola egonkortu… Amatasuna berandutzen joan da eta emakume asko larrituta daude ama izan nahi dutelako eta ez dakitelako nola. Bikote harreman batzuk ez daude prestatuta haurdunaldiari aurre egiteko eta haurra izatean lasai egoteko eta laguntza egokia egiteko. Bikote askok gatazka handiak dituzte eta bikotekidea alboan izanik ere, emakume ugari bakarrik sentitzen dira. Amek beste amekin komunikazioa izan behar dute, horrek kokatzen laguntzen dielako.
Haurrak modu horretan hazi eta hezi nahi dituzten gurasoek, non topatu dezakete bidea? Zure liburua irakurri dezakete, baina hortik harago, nora jo dezakete?
Hazi Hezin oraintxe amaitu ditugu saioak azken taldeekin. Urrian gaiari buruzko formazioa eskaintzeko asmoa dut eta gurasoentzat oso interesgarria izan daiteke.
Ez gara kontziente 0-3ak nolako garrantzia duen. Nola transmititu diezaiokegu jendeari duen garrantzia? Nola sortu dezakegu behar hori eta nola egin konturatu gaitezen etapa horretan egindakoa etorkizunerako inbertsioa dela?
Hori da; inbertsioa da. Baina ez dago interesik arreta goiztiarrean lan egiten dutenek egitura propioa dutelako eta ez dutelako hortik atera nahi. Prebentzioak oinarri eta emaitza zientifikoak ditu; nerbio sisteman dago, ez da asmakeria.
“Erreakzionatu beharrean gaude”. Baieztapen irmo horrekin amaitu duzu liburua. Zer ondorio izango ditugu erreakzionatu ezean?
Esan nahiko du konplikazio ugari sortzen joan garela. Gizakiaren gaitasunei lekua egiteko gai ez baldin bagara, lehiakortasunera begira egongo gara eta horrek txikizioa ekarriko du. Espero dut ez dela hori gertatuko; mundua oso zabala da, esperientzia asko daude eta gero eta gehiago ikusten ari gara zerbait ongi egin nahi dugula eta hobetzen joan nahi dugula.