‘Sokari helduz’, guraso eta nerabeen arteko komunikazioa hobetzeko tailerra egin dute Usurbilgo Gaztelekuan. Itziar Areta zentroko koordinatzailearen arabera, garrantzisua da gurasoak seme-alaba nerabeen errealitatera hurbiltzea eta beraiek entzutea. Horretarako tresnak landu dituzte gurasoekin egin duten tailerrean.

Nerabetasuna identitatea eraikitzeko garaia da. Etapa honetan emozioak biziak eta aldakorrak dira, eta urte hauetan ‘nor naiz ni?’ galderari erantzuten saiatzen dira. Askotan, beraien autonomiarengatik borrokan hasten dira eta gurasoentzat ere etapa berezia izan ohi da. Guraso eta nerabeen artean dagoen atxikimendua mantentzeko asmoz, eta elkarrekin egoteaz harago, guraso eta nerabeen arteko komunikazioa hobetzeko helburuarekin, Usurbilgo Gaztelekuan Sokari helduz tailerra egin dute. Ostargi Gizarte Elkarteko Itziar Areta eta Saioa Aginako zentroko hezitzaileek gidatu dituzte saioak, Gaztelekuko nerabeen gurasoekin.

Itziar Areta pedagogoa da ikasketaz eta Gaztelekuko hezitzaile-koordinatzailea den aldetik, urteak daramatza nerabeekin lan egiten. Bere ustez, nerabeekin komunikazioa hobetzeko garrantzitsua da beraien errealitatera hurbiltzea eta beraiek entzutea: “Beraiekin ados egon gaitezke edo ez, baina kontatzen diguten hori da beraiek mugitzen dituena, eta komunikazioa eraginkorra izateko, beharrezkoa da begirada hori jasotzea”. Abiapuntu horri ulermen hezitzailea deitu diote eta aipatzen dutenez, horretara irekita egon behar dute gurasoek. Jarrera hori hobeto uler-tzeko adibide bat jartzen du Aretak: “Nerabe batek kontatu zigun behin ez zela klasera joan eta etxera joan zenean errieta egin ziotela eta zigortu. Baina gurasoei ez zitzaien interesatu zergatik egin zuen piper, eta nerabea hori kontatzeko gogoarekin geratu zen. Horregatik esaten dugu interesa agertu behar dugula. Eta horrek ez du esan nahi horrek ondorio batzuk izan behar ez dituenik. Baina interesatu behar zaigu zer pasatu zaion momentu horretan, zergatik erabaki duen hori, norekin egon den… Nerabea entzutea garrantzitsua da momentu horretan, eta gero ekintza horren ondorioez hitz egingo dugu”.

Hortik abiatuta, komunikazioa hobetzeko tresna desberdinak landu zituzten Sokari helduz tailerrean. Aretak aipatzen du tresna bezala zeinen garrantzitsua den elkarrizketarako momentu egokia aukeratzea. “Nerabeek edozein momentutan botatzen dituzte gai desberdinen inguruko beraien inpresioak. Izan daitezke, drogei buruzkoak, sexuari lotuak, mugikorraren erabilpena, lagunen arteko harremanak…”. Nerabeekin momentu hori harrapatu behar dela aipatzen du, hortik elkarrizketa bat abiatzeko. Bestalde, elkarrizketarako momentuak ere bilatu egin behar dira, helduon aldetik, proposamenak eginez: elkarrekin bizkotxo bat eginez, kirola eginez… gustuen arabera, eta horrela komunikaziorako momentua bilatu.

Hezitzaileak azaltzen duenez, arreta erakustea garrantzitsua da nerabeekin komunikatzen garenean. Arreta erakustea, bai hi-
tzekin, baina baita begiradarekin eta gorputzarekin ere. “Askotan nerabeen sentsazioa da helduok galdeketa bat egiten diegula, eta hori kontuan izan behar dugu. Ez dira galdera asko jarraian egin behar, eta batzutan komeni da tartean zerbait propioa sartzea: helduak antzeko egoera batean egindakoa izan daiteke, edota beste guraso batek kontatutakoa, esate baterako”. Horrekin batera, berak esandakoa errepikatzeak ere asko laguntzen duela elkarrizketa zabaltzen gaineratzen du pedagogoak, eta hori ulertzeko adibide bat jartzen du: “Nerabeak aipatzen du, adibidez, irakasleak esan diela hurrengo egunean azterketa jarriko diela, eta ez diela abisatu lehenago, eta bera ez dagoela ados. Orduan, interesgarria da berari errepikatzea irakasleak esan diela hau eta bestea, eta bera ez dagoela ados. Hori egiten duzunean berak informazioa zabalduko du, edo esan dezake ezetz, ez dela horrela izan. Baina bi kasuetan helduko zaio komunikazioari, elkarrizketari”.

Komunikazio hobea lortzeko bidean, beste tresna inportante bat da, Aretaren arabera, entzutean itxarotea, eta bukaerara arte entzutea. 
“Gatazka bat gertatzen denean, kontatzen ari direnean itxaroten entzun behar da, epaitu gabe. Itxaron eta entzun. Askoz emankorragoa da itxarotea eta bukaeraraino iristea. Gero hitz egingo dugu etikari buruz”.

Horrekin batera, amaieran beharrezkoa da hitz egindakoa berari bueltatzea: “‘Kontatu didazunaren arabera, zer bururatzen zaizu? edo horrekin zer egingo duzu?’ galdetu geniezaioke”. Horrekin bere psikologia martxan jartzen lagunduko diogu, bere soluzioak bilatzen. Nahiz eta oraindik ardura konpartitua izan, adin txikikoa delako, pixkanaka bere bizitzaren errespontsabilitatea bere gain hartzen joango litzateke.

Bestalde, nerabeekin joera handia dago zer egin behar duten esateko, baina kontuan izan behar dugu askotan gure soluzioek ez dietela balio. Gainera, denbora guztian esaten ari bagara zer egin behar duten, ez dituzte beraien estrategiak abian jartzen.

Aretak gaineratzen du zeinen garrantzitsua den adin tarte honetan autoezagutza lantzea. “Nerabeak ideia bat izan dezake, baina gero besteen iritzia beste bat izan, eta horren aurrean nerabeak ikusi beharko du nola sentitzen den, berak zer nahi duen... Eta horren guztiaren arabera erabaki. Horrela landuko du autoezagutza eta bere identitatea eraikitzen joango da”.

Tailerraren balorazioa positiboa izan dela diote antolatzaileek. Guraso eta hezitzaileen artean espazio bat eraikitzeko beharretik abiatuta sortu zuten tailerra eta prozesua emankorra izan dela uste dute. Aurrera begira, datorren urtean ere dinamikarekin jarraitzeko asmoa daukate, eta zehazten dutenez, garrantzitsua eta oso emankorra da arreta nerabeengan jartzea.