Gurasoak, irakasleak, guraso eta irakasleak, haur txikien irakasle eta helduagoenguraso… borobilean daude guztiak eserita, eta zail da identifikatzea nor zein den, norirakasle, zein guraso. Eguzkiak kalera gonbidatzen duen arren, euren artekoharremanei buruz hitz egiteko elkartu dira guraso eta irakasleok Hazi Hezirekin,familiez eta eskolaz mintzatzeko. Joxe Amiama EHUko irakasleak gidatu du AEKrenIruñeko egoitzan, Alde Zaharrean egin dugun solasaldia.
Gurasoen eta irakasleen artean zubiak egotea premiazkoa da ala ez da?”. Nerea Calderonek hasieratik adierazi du harreman horren beharra, gehiago, 3 urteko alabaren amak, “ezinbesteko, beharrezko eta oinarrizko” jo du hezitzailearen eta gurasoen arteko harremana. “Zure ume txikia, zure altxor txikia, ezezagun batzuen eskutan uzteko oso inportantea da hezitzailea pertsona bezala ezagutzea. Umea haren eskutan uzteko lasai egon behar dut, eta horretarako konfiantza eduki behar dut”. Guztiak, guraso zein irakasle, bat datoz Nereak esan duenarekin, gurasoak konfiantza behar duela hezitzailearengan, umea haren esku uzteko.
Baina, nola egiten da konfiantza hori?
“Pertsona ezagutuz”, gehitu du Nereak berak: “Fidatzeko ezagutu egin behar dugu elkar; eta elkar ezagutzeko, hezitzaileak eta gurasoak egon egin behar dugu elkarrekin, hitz egin”.
Gurasoen eta irakasleen arteko konfiantza-harreman hori, alabaina, ez da gurasoaren mesedetan izango soilik, Edurne Lekunberriren arabera. Hezitzailea eta ama da bera, eta hezitzailea den neurrian oso beharrezkotzat ikusten du gurasoekin harremana zaintzea; zertarako? Umea ahalik eta ondoen hezteko: “Gurasoak dira euren umea ondoen ezagutzen dutenak; eta oinarrizkoa iruditzen zait informazio hori profesionalekin partekatzea, umearen mesedetan izango baita”. Haur eskoletan bai, gurasoen eta hezitzaileen arteko harremana zaintzen dela diote guztiek, ezinbestekoa dela; baina zer gertatzen zaio gurasoen eta irakasleen arteko harremanari umeak handien eskolan hasten direnean?. Lurdes Mitxausek eman du erantzuna, “umea gero eta handiagoa, harremana orduan eta urrunagokoa bihurtzen da, eta pena da”. Guraso eta irakaslea da Lurdes, eta 27 urteko alaba baten guraso bezala izandako esperientzian hiru fase argi bereizten ditu: “Haur eskolan oso goxoa izan zen harremana hezitzaile eta gurasoen artean; lehen hezkuntzan, dagoeneko, harremana ez zen neurri berekoa; eta alaba institutuan hasi zenean erabat galdu zen komunikazioa”.
Azken etapa horretan guraso elkartean zegoen, eta irakasleek gurasoekiko mesfidantza agertzen zutela dio. Ana Araujok, haur eskolako hezitzailea bera eta 12 urteko alaba baten ama, erabat ados dago Lurdesekin: “DBHn familiak etsaiak gara, zoritxarrez. Institutuan ezin duzu ezer galdetu”. Haurraren adina, beraz, aldagai bat da gurasoen eta hezitzaileen arteko harremanaren narriduran. Haur eskolaren ondoren, beraz, gurasoen eta hezitzaileen arteko harremana galtzen baldin bada, harreman hori ez delako beharrezkoa ote da? Edurneren iritzia kontrakoa da: berak bere seme Urtzi haur hezkuntzako bigarren zikloan hasi eta hezitzaileekinzeukan harremana lausotzea eta umearen gelan ezin sartzea gogorra egin zaiola dio, “harreman hori faltan bota dut. Bat-batean, ezin duzu gelara pasa, ‘ekarriko dizugu umea honaino’ esaten dizuete; umea handia omen da, autonomoa omen da. Baina, zergatik ezin naiz gelara sartu?”. Ez jakiteak, gelan zer gertatzen den ez jakiteak, amarengan fidagaiztasuna sortzen duela dio. Kontua, beraz , ez da gurasoen eta irakasleen arteko harremana ez dela beharrezko haur eskolatik aurrera, premia ikusi guztiek ikusten baitute. Baina egitate bat da harreman hori ez dela dagoeneko familiek eta eskolak nahiko luketen modukoa. Zergatik, bada? Harremana hoztearen eragileetako bat curriculuma dela uste du Lurdesek, Lehen Hezkuntzan ikasketak sartzen direla, eta hor hasten direla komunikazioak zailtzen. Xabi Mendibilek dio curriculumak helburuak eta espektatibak sortzen dituela, bai euren kasuan familia bezala, eta baita irakasleen artean ere. Horrek guraso askoren jarreran aldaketa ekartzen du Lurdesen arabera, “umea arazo akademikoak izaten hasten bada, gurasoen eta irakasleen artean ere arazoak sortzen has litezke; haur hezkuntzan ez bezala”. Horregatik, arazo horiek saihesteko, LHn eta DBHn behar-beharrezko ikusten du harreman hori zaintzea”. Marrak bai, marrak ez Nora Salbotxek, Amaiurreko landa eskolako andereñoak, hartu du hitza, eta curriculumaren zirrikituez baliatzeko gomendioa egin du, bai haurren emozioak zaintzeko nola irakasleen eta gurasoen arteko harremana zaintzeko tarteak bilatuz. “Curriculuma, era zorrotzean hartuko bagenu, eskola txiki batean egiten den deus ez litzateke egingo”. Curriculumaren helburuak betetzeko aukeratzen diren bideetan dagoela gakoa dio Norak. Bide horietan, baina, metodologia aldatu nahi baldin bada, adibidez, guraso zenbaiten artean zailtasunak izaten direla onartzen dute Xabik eta Lurdesek, “orokorrean familiek emaitzak nahi dituzte”. Norak adierazten du gurasoei eurek erabiltzen dute metodologia eta bere egin duten pedagogia azaltzeko premia, “baina ez da erraza”.
Haurraren adinaz eta curriculumaz gain, eskolaren tamaina gurasoen eta irakasleen arteko harremanetan eragiten duen hirugarren aldagaia dela argi gelditu da solaskideak entzunez. Lurdesek 37 urte daramatza Paz de Ziganda ikastolan, txiki-txikia zenetik gaur 1.200 ikasle edukitzera igaro da. “Hasieran beste harreman bat geneukan gurasoekin; guztiok familia bat osatzen genuen; orain, ez ditugu ezta irakasle guztiak ere ezagutzen; eta gutxiago gurasoak”.
Herri txikietako eskola txikietan, oro har, harreman horiek guztiz beharrezkoak dira Noraren arabera, eskola ziklo osoan zehar. “Eskola txiki batean ez dago gurasoen eta eskolaren arteko harremanen alde ala kontra egoterik, ze halabeharrezkoak dira harreman horiek, derrigorrezkoak eta ekidinezinak; eta gainera, ez ditugu ekidin nahi”. Harremanak hain dira estuak eskolaren eta familien artean herri txikietan, ze irakasleek badakitela etxe bakoitzean noiz jaio den txahal bat edo bildots bat, edo noiz dagoen amona gaixo. Harremanak, gainera, ez dira gurasoekin bakarrik, haurren familia zabal horrekin baizik, aitona-amonak edota izeba-osabak ere lasai asko sartzen baitira eskolan. “Adiskidetasunaren eta profesionaltasunaren arteko marra oso estua izaten da eskola txikian”, adierazi du Norak.
Marra hori, adiskidetasunaren eta profesionaltasunaren arteko marra, egon egon behar dela ados daude guztiak. Bakoitzak dituela bere rolak eta funtzioak, hezitzaileak batzuk; eta gurasoek beste batzuk. Eta rol eta funtzio horien gainean hitz egitea proposatzen du Norak, guraso eta irakasleen arteko bileretan mahai gainean jartzea gaia. Anak argi du mugak egon badaudela, eta egon behar dutela, “eta hortik ez duzu pasatu behar”. “Noraino irakaslea eta noraino gurasoa?”, galdetzen du Lurdesek. “Batzuetan, gu, irakasle bezala, pasatu egiten gara, eta hau edo beste eskatzen diogu familiari; eta beste batzuetan gurasoa pasatzen da marra horretatik”.
Muga horiek denborarekin identifikatu ditu Anak, eta Lurdesekin bat dator biak ama izan zirenean ohartu zirela irakasle bezala zenbait muga gainditzen zituzten ordura arte. “Ama izatean konturatzen zara hezitzaileak ez duela ezer agindu behar; entzun egin behar du gurasoak esaten diona, eta gero, izatekotan, iritzia eman”. Lurdesek ere dio asko aldatu zituela ikuskera eta guraseoi hitz egiteko modua bera ama izan zenean.
Gardentasuna, lagungarri
Gurasoen eta irakasleen artean mugak eta arauak jarri jarri behar direla diote guztiek, bereziki ikastetxe handien kasuan, baina mugak ezartzeak harremanak hoztea ekar dezakeela zehaztu du Xabik, “eta orduan mesfidantza sor liteke”, erantsi du. Konfiantza bermatzeko eta harremanari eusteko giltzarrien bila jarrita, Xabik dio giroa zaintzea dela gurasoen eta irakasleen arteko bizikidetza ona izateko funtsa. “Giroa zaintzen baduzu, gauza asko dauzkazu irabazita”. Bereziki ikastetxe handien kasuan, zuzendaritza talde on bat eta guraso elkarte on bat edukitzea, “irizpideak ondo markatuak dituztenak eta aldi beran ekarpenak jasotzeko malgua dena, egoera kudeatzeko aukerak egongo dira”.
Gurasoen eta irakasleen arteko harremana umearen heziketarako zer nolako mesedea den jakitun, harreman hori sustatzeko mesfidantza gainditzea ezinbesteko pausotzat dute, “gurasoek eta irakasleek elkarren etsaiak ez izateko”. Mesfidantza hori ez jakiteak sortzen duela nabarmendu du Edurnek, bai irakasleen kasuan eta baita familien kasuan ere. “Zer gertatzen den ez jakiteak beldurrak sortzen ditu; eta beldur horiek gainditzeko modurik onena gardentasunez lana egitea da”.
Eurek Egunsenti haur eskolan “egun pasa” eguna egiten dute, eta gurasoek eskolan igarotzen dute eguna euren seme-alabekin. “Mito pila erortzen dira egun horretan. Jendeak eskolan egiten duguna ikusten duenean konfiantza handia hartzen du”. Egunsentin egiten duten egun pasaren antzeko proposamen zehatzetara etorriz, Amaiurreko eskolan ondare kulturalarekin eta ez-materialarekin zerikusia duten gaiak guraso, aitona-amona edota herritarrekin lantzen dituzte; edota jangela gurasoen arteko auzolan moduan antolatzen dute, gurasoak eskolan murgiltzeko espazioak eta lanak bilatuz.