Gurasotasunaz hitz egitean hainbat erpinetatik solastu daiteke, eta horietako bat da baimen eta eskubideen arloa. Ongizate gizartean garapen bat izan dute eta legez lege aldaketak sartzen joan dira herrialde askotan. Informatuta egotea eta eskubideak eta prestazioak zein diren jakitea garrantzitsua da.
Une honetan Euskal Herrian egoera desberdina da Bidasoaz iparraldera zein hegoaldera, eta modu desberdinetan daude erregulatuta. Itziar Aizpurua Alkezar abokatuak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako egoera ezagutzen du xehetasunez. Lan munduko erregulazioan eskubide hauek denek ez dituztela azpimarratzen du, baizik eta lan munduan murgilduta daudenek, eta horien artean ere eskubide eta prestazio desberdinak dituztela autonomoek, lan kontratupekoek eta funtzionarioek. Kronologikoki, hauexek dira garai bakoitzean dauden baimenak eta eskubideak Hegoaldean:
Haurdunaldian:
- Baja normala: gaixotasun normala izango balitz bezala ematen den baja da, baja medikua, eta ez da soldata osoa kobratzen. 36. astetik aurrera hartzeko aukera izatea planteatu zen, baina azkenean 39. astetik aurrera geratu zen.
- Haurdunaldiaren arriskuengatiko prestazioa: lanak amari edo fetoari arriskua sor baldin badiezaioke, arrazoi horregatiko baja hartzeko aukera dauka. Mutuen bidez tramitatzen da eta soldata % 100ean kobratzen da. Eskubide hau haurdun dauden emakumeek bakarrik egikaritu dezakete, egoera biologiko hori babestea duelako xede.
- Haurdunaldiaren prestakuntzetara joateko baimenak: guraso guztientzat.
Erditzean eta erdiondokoan:
- Jaiotza eta zaintzagatiko prestazioa: lehen amatasun-aitatasun prestazioak deitzen zena da eta izen aldaketak paradigma aldaketa ekarri zuen oinarrizko printzipio eta kausetan, eta ondorioz, gurasotasunari lotutako hainbat eskubide aldatzea. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna bultzatze aldera eta gizonezkoek etxeko lanetan eta zaintza lanetan parte-hartze berdina izate aldera, eskubideak ere berdindu egin behar zirela ulertu zen, eta beraz, guraso guztiek –amak, aitak, adopzioko gurasoek eta harrera luzeko gurasoek– eskubide berak dituzte: besterenezina den 16 asteko baimena. Betiere gutxieneko kotizazio bat edukitzea eta baldintza batzuk betetzea eskatzen da.
- Bularreko haurra zaintzeko baimena: lehen Edoskitze baimena deitzen zena da. Lehen gurasoetako batentzat zen eta orain guraso bientzat aurreikusten da. “Edoskitze kutsua kentzen zaio eta ama batek haurrari bularra ematea baino zabalago ulertzen da”, Aizpurua Alkezarrek dioenez. Besteen kontura lan egiten dutenentzat edo lan kontratu bat dutenentzat da, autonomoentzat ez. 16 astetik aurrera, 9 hilabetera arte egunero ordubeteko baimena izaten da. Gehienek ordu horiek bateratu eta denak segidan gozatzen dituzte, gutxi gorabehera bizpahiru aste gehiago izaten delarik.
- Edoskitzeagatiko arriskua dagoen kasuetarako prestazioa: amak egiten duen lanak arriskuren bat sor baldin badezake edoskitze prozesuan, osasun eta segurtasuneko araudia aplikatu behar da. Emakume hori lanpostuz aldatu behar den edo, muturreko kasuetara iritsita, prestazio hau ematen zaion ikusi behar da.
Muineko eztabaida: ama biologikoaren egoera
Prestazio horiekin gizon eta emakumeen eskubideak berdintzeko ariketa egin da, baina horrek egoera berezi bat bistaratu du: ama biologikoena. “Eskubide guztiak legitimoak izan arren, denak berdintzerakoan ez ote gara ari ama biologikoak bizitzen dituen prozesu fisiologiko eta psikologikoak isilarazten edo ezkutatzen? Haurdunaldia bera eta hor sor daitezkeen arriskuak; erditzean eta erdiondoan sor daitezkeen lesio fisikoak eta psikologikoak –zesarea interbentzio kirurgiko larria da, esate baterako, eta ez da horrela tratatzen– edoskitzean sor daitezkeen konplikazioak, edoskitzeak eskatzen duen denbora eta abar. Berdintasunak ez du esan nahi eskubide berberak izan behar ditugunik; norberaren egoerari egokituta babes berdina ematea da berdintasuna”. Eztabaida, beraz, irekita dago. Eta baita berez eskubideek gurasoenak ala umeenak izan behar duten, horrek ere ikuspegia irauli dezake.
Kontziliaziorako eskubideak
Behin lehen hilabeteak pasata, kontziliaziorako eskubidea bermatzeko baimenak daude. Hauek normalean besteentzako lan egiten dutenentzat izaten dira, autonomoentzat ez.
- Eszedentziak: langilea enpresatik osotasunean ateratzen da eta ez du diru sarrerarik izaten.
- Lanaldi murrizketak: langileak ordu kopuru bat egiten du lan eta proportzio horretan kobratzen du soldata.
- Lan egiteko moduaren egokitzapena: legeak hainbat aukera irekitzen ditu: ordutegi malgua, telelana, asteburuko txandarik ez egitea, larunbata arratsaldeko txandarik ez egitea, lehenago sartzea lehenago ateratzeko, eguerdiko tartea murriztea eta abar.