Guraso izaten ikasi egiten da. Bat ez da ama bilakatzen haurra izate hutsarekin. Aita izaten ere desikasi eta ikasi egin daiteke. Hazi Hezi-ren seigarren zenbaki honetan guraso izateko ikasketa- eta sozializazio-prozesuez aritu gara atal desberdinetan, eta aldizkari hau egiten lagundu diguten aditu eta arituek honako hitz hauek lotu dizkiote ikasketa-prozesu horri: askatasuna, aukera, erabakia...

Elixabete Imaz antropologoari egindako elkarrizketan ikusi dugu jendarteak zer nolako eragina duen ama izateko ikasketa-prozesuan. “Ikasi egiten dugu ama izaten, ez da bat-batean gertatzen. Eredu bat jasotzen dugu, eta sozializazio-eredu bat aktibatzen da. Gizartearen aldetik exijentziak daude, eta norberak ere eredu bati erantzun nahi dio”, azaldu du elkarrizketan zehar Imazek. Elkarrizketa amaitzeko, honakoa dio irakasleak: “Nik espero dut etorkizunean pertsonek aukera anitzak izango dituztela beren bizitza garatzeko”.

Gai nagusian aitatasuna —aitatasunak— izan dugu hizpide. Aita engaiatu izateko ikasketa-prozesua azaldu digu Iñaki Kasaresek. “Gizonezkook lehiarekin eta gogortasunarekin lotutako gizon-eredua izan dugu, eta gizon-eredu horretatik kanpo atera-tzea arriskutsua zen, norbere gizontasuna zalantzan jartzen baitzen. Gizon-eredu hori oso hertsia da, eta eredu horrek ez digu uzten tarte handirik maitasunarekin lotzeko, zaintza-lanetarako edota harreman psikoafektiboetarako”.

Seigarren zenbaki honetan ere present izan dugu gurasoak ez direla aitak eta amak osaturiko bikoteak soilik. Aloña Jauregiren hitzak ekarririk, “aita eta ama dituzten familiak bakarrik aipatzen dituzten ereduek dagoeneko ez dute balio”. Gurasotasun-eredu anitzez aritu gara. Zenbait jende “oso itxita” ikusten du oraindik ere Jauregik; “rolen eta arauen arabera, itxita, jokatzen du jende askok, barrutik sentitzen duena egiteko askatasunik gabe”.

Elkarrizketan, Gai nagusian nahiz Gurasoak mintzo atalean, behin eta berriz atera dira askatasuna, aukera edota erabakia berbak hizpidera. Eta ideia horietxek ekarri nahi ditugu editorialera; gurasotasun- eta haziera-ereduaz askatasunez erabakitzeko aukera izan dezagun. Arantza Larrea emaginaren esaldia da, zehazki, izenburura eraman dugun hori. “Norbere bizitzeko moduarekin eta pentsatzeko erarekin lotua dago umeen haziera; horren arabera aukeratuko ditugu jarraitu nahi dugun haziera-eredua eta gure intereseko teoriak. Emakume bakoitzak askatasunez erabaki dezala”.