Anabel Arraiza | Aktorea eta kantaria
Ama izan aurretik musika dexente entzun eta kontsumitu duen pertsona horietako bat naizela esanen nuke nik. Gure ama ikastolako irakaslea genuen eta orduan lantzen eta entzuten zena dut gogoan. Ikastolako lehenengo urte haietan, Haur Hezkuntzan nengoela, gogoan dut Ez utzi haurrei negar egiten, ongi portatu beraiekin disko hura! Portadan, fondo berde batekin eta ikurrinaren koloreetan nabarmen oinarriturik, poxpolin jantzitako neskatxa bat agertzen zen negarrez. Ez zen musika hutsa, liburuxka bat ere bazuen non abestien hitzak zetozen marrazkiekin apainduta eta baita hitzak gaztelerara eta frantsesera itzuliak ere. Oker ez banaiz Nafarroako Ikastolen Elkarteak aurrera eramandako proiektua zen hura. Zenbatetan entzun ote genituen abesti haiek! Kapitan pilotu, Martintxo, Gure katua Pitxitx…. azken hau etxeko genuela ematen zuen jada.
Adinean aurrera joan ahala nire bidea egin izan dut musika aukeratzeko orduan. Lagunek entzuten zutena eta orduan “modan” zegoena ere entzuten nuela ezin uka baina beti saiatu naiz nire gustukoa zena entzuten eta nire ideiekin bat zetorrenari jarraitzen.
Baina iritsi zen guraso izan gineneko momentua. Emozioz beteriko momentua guraso izan berri den bikotearentzat. Lehenengo haurra izan dutenei mundu guztiak aholkuak emateko eskubidea duen garaia eta inorenak onartzeko gai ez zarena, zure iritzia eta pentsamendua baitira momentu horretan indar gehien dutena. Gai honi buruz hitz egin izan dut pertsona gehiagorekin eta gehiengoak gauza bera pentsatzen zuela konfirmatua dut.
Gu oso musikazaleak izan gara beti eta gure etxean zein musika entzunen zen erabakitzeko unea iritsi zitzaigun. Onartu beharra dut gure lehenengo erreferentzia bilaketa amarekin egin genuela. Berak aholkatutako musika entzuten hasi ginen etxean. Gure lehenengo alabarekin disko mordoa izan genuen buelta eta buelta etxeko musika aparailuan:
Lehenengoa, Sortzen Ikasbatuaz-ek argitaratutakoa: Euskaraz mintz-@ kontu txikia. Jakin badakit liburuxka ere bazegoela baina gurean CDa genuen. Haurren lehenengo urteetarako oso abesti bilduma polita bezain aberatsa. Egunerokoaren egoera ezberdinetan erabiltzeko abestiak ditu CD honek. Sehaska kantak; jana ematerakoan abesteko kantak, Pin pin xoria adibidez; Kaka eta aireak botatzeko; Arre-arre mandako adibidez altzoan jolasteko; hatzekin jolasteko Txikiena txikiena edo Honek dena jan; Txaloka aritzeko Txalo txalo txin … edo eta mina hartzerakoan abestekoak direnak tartean. Oso modu xinplean baina aldi berean oso era duinean egindako lana dugu hau.
Bigarrena ere Sortzen Ikasbatuazek argitaratutakoa: Euskaraz mintz@ jolas tailerrak. Honen kasuan ere, liburuxka ez genuen baina bai CDa. Haurrek betiko jolasetan euskaraz aritzeko abestiz osatua zegoen. Era ezberdinetan jolasteko sailkatutako abestiak. Soka saltoan jolasteko hilabeteak aipatuz adibidez, edo oso ezagunak ziren Saltoka saltoka edo Bat eta bi; gomarekin jolasteko Jendea hondartzan abestia; korruan jolasteko Kote, kote, Ala kinkirrinera, Xagu txiki; Don Makarron esku jolasa edo eta Zubiri, zubiri beste askoren artean. Nire haurtzaroko jolasak ere izan direnak gure alabarekin (eta baita ondorengo beste bi seme-alabekin ere) konpartitu izan ditugu. Gutxi gorabehera 8 urte bitarteko haurrekin beti erabili ahalko ditugun abestien bildumen altxorra iruditzen zait horrelako diskoak etxean izatea.
Hutsik egin ez duten beste disko batzuk Urtxintxa Abestiak izan dira. Ikastolen Elkarteak egindako hainbat disko ziren: abestiak 1, abestiak 2... Gure etxean abestiak 7 arte behintzat bazeuden! 3, 4 eta 5 urteko haurrei begirako abestiak gehienbat. Bertan zeuden, Haur Hezkuntzako etapan zehar bidelagun izandako Ttantto marigorringoa, Txirritx Kilkerra eta Xango matxinsaltoa ere. Disko bakoitzean abesti mordoa dago eta aurrerago aipatutako pertsonaien abestiekin batera gure Euskal Herri honetan oso ezagunak diren abestiak ere badaude: Haurrak ikas zazue; Zu, zu, zu nor zara zu? Ostirala; Sagu txiki, sagu maite; Jon Braun; Ama, begira ezazu; Alferraren astea; Jon zikin; Hator hator; Ikusi makusi, Alaken…. Zenbat oroitzapen!
Eta azkenik, Hik Hasik argitaratutako 69 abesti jolasteko” bilduma ere aipatu nahi dut. Aurretik kaleratutako Haur-jolasen abestiak I, II eta III diskoetan agertzen ziren abestiekin osatua. Euskaraz jolasten abestiarekin hasten da eta ondorengoak jolasen arabera sailkatuak datoz: bidaiak egiten ditugunerako, zotz egitekoak, txalotako jolasak, txikientzako jolasak, korroan aritzekoak, zabuan kantatzekoak, soka saltoan aritzekoak, hatzen jokoak, gomatakoak, pilotarekin jolastekoak, lurrekoak, ilaran jartzekoak, ezkutatzekoak edo eta taldean aritzeko bestelakoak ere.
Gure etxean musikak garrantzi handia izan duen arren, aipatu nahiko nituzke hamaika bider ikusi ditugun bideo batzuk ere. Horietako bat Lokomotora txikia da. Izenburu originala The little engine that could eta 1991.urtean egindako filma. Ordu erdira iristen ez dena eta denborak aurrera egiten duen arren modaz pasatzen ez den horietako bat. Mezu baikorra transmititzen duena oso era atseginean. Gomendagarria! Eta beste bideoak Hartz txiki dira. Hartz txikiren bideo pilo bat genituen eta bata bestearen atzetik ikusten genituen. Aipatu ditudan bideo hauek, gehienbat Haur Hezkuntzan zeudenean ikusten genituen. Kalean hotz egiten zuen egun horietarako oso aproposak.
Esan beharrik ez dago aipatu ditudan disko guztiak ez ditugula gure seme-alabentzat erosi. Gure seme-alabekin abestu eta jolasteko aukera paregabea izan dira guztiak. Elkarrekin denbora pasatzeko uneak eman dizkigute eta horrek ondorioak ekarri ditu gerora ere. Gaur egun ikuskizun edo eta kontzertuetara elkarrekin joaten jarraitzen dugu, elkarrekin disfrutatzen jarraitzen dugu. Horrelako momentuak eman zizkidan eta ematen dizkit gure hizkuntza txiki handi honetan artista batzuek bere garaian egindako sorkuntzak! Mila mila esker beste askoren artean Imanol Urbietari egin digun ekarpenagatik!