Bakarrik ama izatea asko pentsatu ondoren eta oso modu kontzientean hartutako erabakia izan ohi da. Emakume horiek, ordea, ez dute bikotekiderik gabe ama izatea soilik deliberatzen, baita modu ez konbentzionalean familia bat osatzea ere.

Haurrak zainduta eta maitatuta sentitzea, segurtasun giroa eta konfiantzan oinarritutako espazioa sortzea, ahalik eta ingurune lasaiena eta alaiena eskaintzea… horixe dute helburu Pilar Castellanos, Jasone Larrinaga, Itziar Mateo eta Esther Canariasek. Nahita bikotekiderik gabe haurra izan duten amak dira laurak eta argi dute familia monoparentala beste edozein bezain egoki izan daitekeela umearen ongizatea bermatzeko. Bilbon elkartu dira Nahitako Ama Ezkongabeen Elkartearen biltzarrean. Elkar ezagutzeko ez ezik, bakoitzaren kezken eta bizipenen inguruan mintzatzeko ere baliatu dute topaketa. Hazi Hezi aldizkaria ere bertan izan da familia monoparentalen testigantza jasotzen.

Bakarrik ama izatea euren bizitza-proiektuaren parte da biltzarrean izan diren emakumeentzat. Eragozpen ekonomiko, sozial, laboral edota ideologiko oro gaindituta, eta determinazio osoarekin lortu dute Castellanosek, Larrinagak, Mateok eta Canariasek ama izatea. Hori bai, desio baino beranduago. Aurrez bikote-harremanak izan dituzte laurek, ez dute, ordea, bizi-proiektu komun bat partekatzeko moduko inor topatu eta horrexegatik erabaki dute bakarrik ama izatea. Hala kontatzen du Larrinagak: “Nik harreman bat izan nuen eta ezkondu ere egin nintzen. Momentu hartan, ordea, erlazioa egonkortzea zen nire lehentasuna, ez umeak edukitzea. Ama izateko prest nengoela sentitzen nuen nik, baina hura ez zen ez momentu ona eta ezta pertsona egokia ere”.

Kontzientzia. Horixe da lau andreek darabilten hitza euren amatasunaz dihardutenean. Asko pentsatu ondoren eta oso modu kontzientean hartutako erabakia izan dela diote: “Ez dago zertan umerik eduki, hori ere aukera bat da, baina guk bizitzaren aurrean bestelako erabaki bat hartu dugu, bikotekiderik gabe ama izatea, eta ondorioz, modu ez konbentzionalean familia bat osatzea”, argitzen du Canariasek. Izan ere, bikotekiderik gabe haurra izatea erabakitzen duten emakume guztiek ama izateko nahia, grina, sua, desira piztu zaiela senti-
tzen dute, baina deliberamendua ez da erraza izaten gehienean, hausnarketa prozesu luze baten ondorio baizik: “Nik une batzuetan oso argi ikusten nuen bakarrik ama izango nintzela, handik hurrena berriz atzera egiten nuen eta ‘ez, ez dut egingo’ esaten nion neure buruari”, gainera-
tzen du.

Erabakia hartzen denetik ama izan arteko bidea luzea eta gogorra izan ohi da sarri, emakume askok ez baitute lortzen lehenengo saiakeran haurdun geratzea eta umea eduki-
tzea. Castellanosek eta Larrinagak ez zuten horrelako arazorik izan. Intseminazio artifizialarekin lehenengoan geratu ziren biak haurdun eta lehenengoan izan zuten haurra. Lankide batek haurra bakarrik izan zuela ikusita ekin zion bide horri Castellanosek eta sei urteko Manuelen ama da orain. Larrinagak berriz, senarrarengandik bereizteak eragin zion samina gainditu ostean hartu zuen erabakia. Haurdunaldi eta erditze oso ona izan zituela dio eta Laiaren hazkuntza ere halaxe ari dela izaten. Bost urte ditu alabak uneotan.

Canariasen eta Mateoren esperientzia bestelakoa da. Gizarte seguran-
tzaren bidea hautatu zuen lehenak. Oso gogoan du medikuarengana joan eta bakarrik ama izan nahi zuela esan zioneko aldia: “Txineraz ari nintzaiola zirudien”. Adiministrazioko pasabideetan ate batzuk ireki eta besteak itxi egiten zitzaizkion Canariasi, baina azkenean, tratamendua egitea lortu zuen: “Urtebeteren buruan haurdun geratu nintzen, baina handik gutxira haurra galdu nuen eta doluaren erdian berriz ere hasi behar izan nuen prozesua”.

Antzeko bidea igaro du Mateok ere. Bakarrik ama izatea naturaltasun osoz bizi izan du, guraso dibortziatuen alaba izanik, bera ere amak hazi eta hezi baitzuen: “Ni ez naiz aitarekin inoiz bizi izan, eta garai hartan kontrakoa uste bazen ere, horregatik ez zait ezer falta izan. Ingurukoen moduan egin dut aurrera”. Horrexegatik, lehen unetik ingurukoei lasai eman zien bakarrik ama izateko zuen asmoaren berri; “ez neukan ezer ezkutatzeko, ezta zergatik gaizki pasa ere”. Lehenik intseminazio artifizialaren bidez saiatu zen klinika batean, baina ez zen haurdun geratu. Gero, beste klinika batera joan eta in vitro ernalketa erabiltzea erabaki zuen. Hainbat obulu beiraztatu (obozitoa izoztea gerora erabili ahal izateko) egin zituen gainera. Haurdun geratu zen Mateo, baina bederatzigarren hilabetean haurra galdu zuen: “Larraitz nire barruan hil zen arren, erditu egin behar izan nuen; oso gogorra izan zen. Ama izan nahi banuen, hiru hilabeteren buruan berriz ere saia-
tzeko gomendatu zidaten. Eta une hartan erabaki zail asko hartu behar izan nituen. Shock egoeran nengoen, baina aurrera egitea lortu nuen”. Segituan emaile beraren obulu beiraztatuarekin proba egin zuen, baina ez zen haurdun geratu eta hurrengoan bi obulu beiraztatu sartzeko eskatu zuen. Hilabetearen buruan bat galdu zuen, baina besteak aurrera egin zuen eta handik sortu zen Ekhiñe: “Oso oso prozesu zaila izan zen, lehen haurra bederatzigarren hilabetean galtzearen dolua, tratamendu psikiatrikoa eta haurdunaldia, guztia batera eraman behar izan nuen. Dena bakarrik. Soilik nire amaren laguntzarekin. Eta orduan konturatu nintzen bikotekiderik gabe ama izatean, ardura guztia, zama guztia nire gain zegoela. Askotan jendeak lagundu egin nahi dizu, baina ez daki nola”. Urte eta erdi beiraztatuta edukitako obulutik sortu zen Ekhiñe orain dela bi urte eta erdi, eta hura ondoan duela, pozik dago orain Mateo. Bidea astuna izan dela eta behin eta berriz indarrak aterata aurrera egin behar izan duela dio, baina esfortzuak merezi izan duela. Uneotan emaile beraren beste bi obulu ditu beiraztatuta eta beste umeren bat ekarri edo ez pentsatzen ari da.

Bakarrik ama izatea erabakitzen duten emakumeek bizi izaten dituzten zenbait egoeraren aurrean ingurukoen laguntza eta babesa izateak berebiziko garrantzia du. Familiak edota lagunek jokatzen duten rola funtsezkoa izan ohi da haurren hazkuntza nahiz heziketarako, baina baita bikotekiderik gabe ama diren emakumeen ongizaterako ere. “Laguntza-sare bat edukitzea ezinbestekoa da, sendiko kideek lagun dezakete, baina baita beste lagunek eta guraso-kideek ere, eta niri horrek lasaitasun handia ematen dit. Espero ez dudan arrazoiren bat tarteko, Laiaren bila eskolara berandu banoa, bere gelakideren baten ama edo aitari dei egiten diot eta haiek zaintzen dute tarte batez”, aipatzen du Larrinagak. Baina, laguntza-sare logistikoari ez ezik garrantzi handia ematen dio Canariasek alderdi afektiboari ere. Badaki ibilbide osoan zehar ezinezkoa dela uneoro norbaiten lagunza izatea, baina hor daudela jakitea bakarrik ere asko da: “Familiartekoen nahiz lagunen sarea zaindu egin behar da, eta eurengana jotzen jakin. Nik, adibidez, aurreko astean lau egunerako Bar-
tzelonara joan behar izan nuen eta egun horietan haurraren kargu nor egingo zen lotzea inportatea da, baina hori bezain garrantzitsua izan liteke norberaren ongizate emozionalerako lagun dezakeen jendea inguruan izatea. Sare hori bakoitzak elikatu behar du. Esperientziak erakutsi dit horrenbeste aipatzen den tribu hori osatzea eta zaintzea garrantzitsua dela”.

Sarritan, lanaldi-laburtzeak hartu nahi izaten dituzte bikotekiderik ez duten amek. Ez da erraza izaten, ordea. Izan ere, familia horien etxean soldata bakarra sartzen da eta eurak dira diru-sarrera hori ziurta dezaketen familiako kide bakarrak, eta uneotako lan-baldintzak eta egoera ekonomikoak ere ez diete gehiegi laguntzen. Castellanosek aipatzen duen eran, lanaren eta familiaren arteko kontziliazioaz asko hitz egiten da, lan-hitzarmenetan jasotzen da eta administrazioak ere aintzatesten du, baina errealitatean “kontziliazio aukerarik ez dago; lana eta familia uztartzeko politikek beti atzean diru-galera izaten dute, eta guk kasu askotan hori ezin dugu onartu”.

“Hemen gaude, gero eta gehiago gara”
Familia ez da ezer monolitikoa; begi bistakoa da gainera gero eta familia-mota gehiago daudela: guraso bananduak dituztenak, gurasoetariko bat hilda dutenak, familia homoparentalak, harrerako familiak, familia monoparentalak… Familia-eredu moduan, eurak ere kontuan hartzeko eskatzen dute bikotekiderik gabe ama izatea erabaki duten emakumeek. Izan ere, familia mota horien kopurua gorantz doa eta familia monoparentalak arautuko dituen lege bat eskatzen dute. Irmotasunez dio Mateok: “Gizarteari esan behar diogu hemen gaudela eta gero eta gehiago garela, ez diogu inori posturik kendu nahi, baina gu ere errealitatearen parte garela adierazi bai”.

Familia-motak eta haurren testuinguruak gero eta anitzagoak diren heinean, ohiko normetatik ateratzen diren ereduak orduan eta hobeto hartzen direla diote Mateok, Larrinagak, Castellanosek eta Canariasek. Hasieratik euren ingurunean gauzak argi eta naturaltasunez esatearen aldeko hautua egin dute laurek, eta ez dutela inolako arazorik izan aitortzen dute. Babesa, errespetua eta maitasuna jaso dituzte, nola familian, hala lagunartean, eskolan zein herrian.

Kanpokoekin ez ezik, haurrekin eurekin ere txiki txikitatik lantzen dute gaia: Zer galdetuko dit? Eta aita biologikoa nor den jakin nahi badu? Gai izango ote naiz gauzak behar bezala azaltzeko? Nola eragingo ote dio horrek? Amen ohiko zalantzak izan ohi dira, batez ere haurra hazten hasten denean. Maiz, ordea, hasieran zirudiena baino errazagoa izaten da erantzunak ematea. Larrinagak adierazten duen moduan, batzuetan gurasoak larritu egiten dira seme-alabei euren historia nola kontatu pentsa- tzen hasten direnean edota haien galderei erantzuteko gauza izango ote diren zalantza egiten dutenean. Unea iristen denean, ordea, gauzak irudikatuta baino askoz ere naturalago joan zaizkie: “Kontuan izan behar dugu gure haurrek ez dituztela guk ditugun aurreiritziak eta euren egoera normaltasunez hartzen dutela eta euren historia naturaltasunez bizi dutela”. Bere kasuan, gainera, alabak ez dio inoiz galdetu aitarik duen edo ez, baizik eta galderaren muina umea bera izan da: “Nondik nator ni?”. Behin eskolan irakasleak eguzkilore haziak eman zizkion Laiari eta etxera joandakoan haiek erein, ureztatu eta zaindu zituzten erne eta hazi ziren arte. Gero, adibide hori erabili zuen Larrinagak haurrari bere prozesua kontatzeko.

Ibaiek, Canariasen semeak, jaio zenetik behin eta berriz entzun du bere historia. Amak haurra sabelean zuenetik batari eta besteari kontatu dio bere prozesua. Egun batez, ordea, Ibai jaioberria zela, Canarias konturatu zen umeari zuzenean ez ziola inoiz kontatu: “Helduentzako bertsioan kontatu izan dut beti nire prozesua, baina nola esan hori bera haur bati?” Probak egiten hasi zen eta istorioa ahots goraz semeari konta- tzen. Bi istorio mota erabiltzen ditu: bata fantasiazkoa, eta bestea, ahalik eta errealena. Behin giza-gorputzari buruzko liburu bat iritsi zitzaion eskuartera eta bertan haur baten historia kontatzen zen. Gizonezko eta emakumezko bat besarkatuta ager-
tzen ziren irudi batekin hasten zen historia: “Ibai, honek ez dauka zerikusirik zure historiarekin, eta oraintxe esango dizut zurea nolakoa izan zen: ama izateko gogo izugarria neukan, eta aitarik ez zegoen, orduan gizon eskuzabal bat agertu zen eta bere hazia oparitu zuen. Guk ez dugu gizon hori ezagutzen, baina oso eskertuta gaude eta askotan gogoratzen gara berarekin. Hazi horri eta medikuen laguntzari esker, hementxe zaude”. Canariasek berak hartu zuen iniziatiba, uste baitu bizitzako kontakizunek esanahi berezia har- tzen dutela kontatzen diren unearen eta moduaren arabera: “Ez da gauza bera historia heldu bati kontatzea, nire amari adibidez, edota Ibairi berari. Bere historia da eta horrek indar handia izan dezake haurrarentzat”.