Oinherri Euskal Herriko Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkarteko kideak dira Arrate Gaztelu eta Aitziber Leoz.

 

Oinherrik Arrasateko Txatxilipurdi Elkartearekin eta Hiruki Larroxa Kooperatibarekin elkarlanean sortu du Nola landu sexualitatea hezitzaileen egunerokoan liburuxka. Sexualitatea bere osotasunean bizitzearen eta aniztasunaren aldeko eskuliburu praktikoa da.

 

Nola landu sexualitatea hezitzaileen egunerokoan. Sexualitatea lantzeko tresna praktiko bat behar al zuten hezitzaileek?

Hezitzaileek, oro har, esku-hartzean erabilgarriak eta egunerokoan integragarriak diren tresna praktikoak eskatzen dituzte, eta sexualitatea ez da salbuespen. Liburuxka honen jatorria, hain zuzen ere, horixe da: erantzun bat ematea arlo honetan sumatutako hutsuneari. Hezitzaile askok sexualitatea noiz edo nola landu zalantzak dituzte. Baita nola aurre egin haur edo gazte batek galdera ausart bat egiten duenean ere.

Horregatik, tresna hau ez da soilik edukietara mugatzen; eguneroko egoera errealak ditu abiapuntu, eta sexualitatea dimentsio zabalean ulertzea proposatzen du. Ez soilik genitalekin edo arriskuekin lotua, baizik eta plazera, harremanak, identitateak eta botere-harremanak barne hartzen dituen ikuspegitik.

 

Oinherrin hainbat lan ildo dituzue martxan, nondik abiatu da sexualitatearen gainean lan egiteko behar hau?

Oinherri Euskal Herriko Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkartea da, eta 2020tik herrien sare bat dugu martxan. Gaur-gaurkoz, 50 herri inguru daude sarearen barruan. Herrietan egiten dugun aholkularitza eta bidelaguntza lanaren bitartez, herrien beharrak jasotzen ditugu, eta komunak diren gaietatik sortzen ditugu, herrien eskaeren eta gaiaren momentuko egoeraren arabera, lan ildoak. Hirigintzakoa eta parte hartzekoa aspalditik ditugu martxan, herrien beharretatik abiatuta.

Sexualitatearena, ordea, Oinherritik sortutako proposamena izan zen. Ikusten genuen, batetik, sexualitateko beharra bazegoela hamar urteko ibilbidearen ondoren, eta gainera, aurretik ere, gaira hurbilpena egiteko saiakera egin genuen. Bestetik, gure orain arteko liburuxkek harrera bikaina izan badute ere, praktikatik lantzeko beharra ikusi dugu azken urtean, eta beraz, bagenekien sexualitatearen lanketa egiteko tresna bat sortu nahi genuela, liburuxka teoriko soil baten ordez. Gainera, hezkuntza ez-formalari zentralitatea eta garrantzia eman nahi genion, balioan jartzen dugulako haurrentzat eta nerabeentzat espazio horiek (Ludotekak eta Gaztetxokoak) sexualitatea garatzeko ezinbesteko espazioa direla.

Bi urteko prozesua izan da, eta esperimentaziotik sortu da dena, Txatxilipurdi elkarteko hezitzaileekin elkarlanean.

 

Zer-nolako kezkak esperientziak… zenituzten abiapuntuan?

Abiapuntuan bi kezka nagusi genituen. Lehenik eta behin, ohartu ginen sexualitatea lantzea, oraindik ere, erronka handia dela hezkuntza-eremuan, baita aisialdi hezigarrian edo hezkuntza ez-formalean ere. Gai deserosoa da askorentzat, eta horrek askotan egoerak isiltasunaren bidez, edo, gehienez, prebentzio mezu mugatuen bidez kudeatzea eragiten du. Horrek ondorio argi bat dakar, haurrek eta gazteek sexualitateari buruzko ezagutza informal eta, sarritan, desegituratu batekin egiten dutela topo, gehienetan sare sozialetan, pornografia mainstream-ean edo jatorri sexistako diskurtsoetan oinarritua.

Bigarrenik, hezitzaileen esperientzietan oinarritutako hutsune praktiko bat antzeman genuen, borondatea eta konpromisoa bazuten, baina ez zuten argi nondik abiatu. Ez zuten tresnarik egoera konplexuei heltzeko; hala nola, haur batek gorputzaren inguruko galdera bat egiten duenean, edo jolas erotikoak agertzen direnean. Horrelakoetan, askotan, zalantzak, beldurrak edo erantzun egokirik ez izatearen frustrazioa agertzen da. Eta, gure esperientzian, horrek ez dakar frustrazioa soilik, batzuetan, erreakzio neurrigabeak edo zentsura ere sor daitezke, eta horrek haurren eta gazteen garapen sexuala baldintza dezake.
 

Nolakoa izan da liburua egiteko prozesua?

Arrasateko Txatxilipurdi Elkartearekin eta Hiruki Larroxa Kooperatibarekin elkarlanean sortu dugu liburuxka hau. Laborategi saioak deitu genituen saio praktikoak egin genituen Txatxilipurdiko Ludotekako eta Gaztelekuetako hezitzaileekin. Sexualitatearekin lotuta, hezitzaileen egunerokoan aurkitzen zituzten egoerak identifikatzeko eskaera egin genien. Egoera anitzen "egoeren egoerak" osatu genituen eta horiek dira liburuxkan dituzuenak. Horrez gain, egoerarekin lotuta dauden irizpide orokorrak kontuan izanik, egoera horri esku hartze bat proposatzeko eskatu genien. Hiruki Larroxak edukiz blaitu du liburuxka Txatxilipurdiko hezitzaileek bizitako esperientzietatik abiatuta.

 

Liburuxkaren helburua ez da soilik informazioa ematea, hausnarketa kritikoa piztea eta eredu hegemonikoak zalantzan jartzeko gaitasuna garatzea ere bada, ezta?

Liburuxkaren funtsezko helburua ez da hezitzaileei "zer esan" edo "zer egin" esatea, baizik eta sexu-hezkuntzan oinarri duen ikuspegi kritiko bat garatzen laguntzea. Sexualitatea ez dugu informazioa transmititzeko gai neutro gisa ulertzen, baizik eta botere-harremanek eta gizarte-eskema normatiboek zeharkatzen duten dimentsio moduan. Hausnarketa kritikoa piztea ezinbestekoa da: hezitzaile bakoitzak bere jarrera, bere barneko eredu morala eta bere praktika hezitzailea aztertu behar ditu.

Hegemonikoak diren sexualitate-ereduak (zisheteroaraua, genero-bitartasun zorrotza, familia nuklear heterosexuala, errendimendu sexualaren logika, eta abar) ez dira kasualitatez eraiki; sistema sozial jakin baten isla dira, eta askotan, desira, identitatea eta harremanak estutzen dituzte. Guk ez ditugu alternatibak soilik planteatu nahi, baizik eta eguneroko praktiketan haustura espazioak sortu nahi ditugu, eta horretarako, tresnak eman. Alegia, egoerak irakurtzeko betaurreko berriak, emozioak kudeatzeko gaitasuna, eta batez ere, haurren eta gazteen ahalduntze sexualean laguntzeko baliabideak eskaini nahi ditugu.

Ez dugu eredu "baten" alde egiten, baizik eta aniztasunaren alde. Gure proposamena sexualitateari buruzko ikuspegia irekitzea da eta plazerez, afektibitatez eta askatasunez beteriko espazioak eraikitzea. Horrek gure sozializazio sexual propioaren eta jasotako hezkuntzaren arrastoak zalantzan jartzea ere eskatzen du.
 

Emozioa, gorputza, harremanak… zertaz ari gara sexualitateaz ari garenean?

Sexualitatea bere osotasunean bizitzeaz ari gara. Liburuxka honetan sexualitatea dimentsio zabala eta integrala duen errealitate gisa ulertzen dugu. Sexualitatea ez dugu genitalitatearekin, arriskuekin edo transmisio sexualeko infekzioekin lotuta ulertzen, baizik eta harremanekin, autoezagutzarekin, plazerarekin, desioarekin eta afektibitatearekin uztartuta dagoen bizipen-ehun oso bati buruz ari gara.Horregatik, sexualitatea lantzen dugunean, emozioez ari gara. Gure desioak nola sentitzen ditugun, zerk mugiarazten gaituen, zer beldur, zalantza edo poz lotzen zaizkien gure esperientzia erotikoei. Gorputzez ere ari gara; ez gorputz biologiko gisa bakarrik, baizik eta sentimenduak, mugarriak, autoestimua eta besteekin harremanetan jartzeko moduak adierazten dituen gorputz sozial gisa. Eta harremanez ari gara, noski; nola eraikitzen ditugun loturak, zer rol jokatzen dugun harremanetan, nola kudeatzen ditugun baimena, mugak, zaintza edo erantzukizuna...

 

Marko adostu bat eraikitzeko balio du liburuxka honek? Zeintzuk lirateke marko partekatu horren ardatzak?

Bai, gure ustez liburuxkak funtzio bikoitza du: alde batetik, eguneroko jardunean lagungarri izan daitezkeen tresna eta dinamiken katalogo praktikoa eskaintzen du; eta, bestetik, hezitzaileon artean marko partekatu bat eraikitzen laguntzen du. Izan ere, sexualitatea lantzean, askotariko sentsibilitateekin, beldurrekin eta inertziekin topo egiten dugu, eta horrek zaildu dezake ikuspegi koherente eta eraldatzaile bat artikulatzea.

Liburuxkaren bidez, hezitzaileon artean hizkuntza komuna eta orientazio etiko partekatu bat eraikitzea bilatzen dugu. Hau da, sexualitatea lantzeko ez ezik, harremanak eraikitzeko, zaintza sustatzeko eta identitate-aniztasuna errespetatzeko oinarri sendo batzuk ezartzea.

Marko partekatu horren ardatz nagusiak honako hauek lirateke: ikuspegi integral eta afektiboa; feminismoetatik eta ikuspegi kritikotik eraikia; aniztasunaren defentsa aktiboa; hezkuntza eraldatzailea eta parte- hartzailea; eta zaintzaren kultura.