Nafarroako Olloibar bailaran, Iruñetik 20 kilometrora, Ollo herriko Gure Sustraiak baserri eskolak jasangarritasuna du ardatz eta ingurumen hezkuntza, garapenerako hezkuntza eta ekonomia soziala uztartzen ditu haurrei eskaintzen dizkien tailerretan, ibilaldietan eta jardueretan. Pertsona guztiak naturara gerturatzeko, sentsibilizazioa eta irisgarritasuna zaintzen dute hango hezitzaileek.

Naturarekin kontaktua eskaintzen du Gure Sustraiak egitasmoak; kontaktua, konexioa erdiesteko. “Geure burua naturako elementu bat gehiago bezala ikusteko —azaldu dio Gorka Cubelos hezitzaileak Gure Sustraiak aterpetxe eta baserri eskolaren filosofia Hik Hasiri—. Gure helburua naturarekin konektatzea da. Ez soilik hemen ditugun animaliekin edo baratzeko eta basoko elementuekin, baita geure buruarekin ere, geure burua ere naturaren parte sentitzea nahi dugu Gure Sustraiaken”.

Pertsona guztien eskura jarri nahi dituzte naturaren onurak. Hori izan da sorreratik Gure Sustraiaken zigiluetako bat: irisgarritasuna eta behar bereziekiko sentiberatasuna. Eskaintzen dituzten tailerretan eta zerbitzuetan irisgarritasuna zaintzen dute, eta behar bereziak dituzten ikasleei egokitzen dizkiete azalpenak. Lekuak eta espazioak erraztaileak izateaz gain, hezitzaileak formaturik eta sentsibilizaturik daude. Baserria bera mugikortasun mugatua dutenentzako erdi-egokitua dago. “Hemen espazio barneratzaileak sortzen saiatzen gara eta beste errealitate batzuk lantzen eta ikusarazten”. Gaur egun adimen urritasuna duten 30 pertsona gazte bizi dira Olloko eremuan dituzten bi pisu tutelatuetan eta bertan bizi eta lan egiten dute, baserrian, bisitetan edo bizpahiru egun pasatzera datozen haurrekin elkarbiziz.

Jasangarritasuna dago 2002an abiatu zen proiektu pedagogiko honen ardatzean, “jasangarritasuna ingurumenari dagokionez; jasangarritasuna gizarteari begira garapenerako hezkuntzan; eta, hirugarrenik, ekonomia sozialari begira. Ekosistema batean gaude eta gu ere, pertsonak, ekosistema horren parte gara. Geure burua, askotan, piramidearen goiko puntan ikusi izan dugu pertsonok, eta horrela bizitzearen i ondorioak oso larriak dira naturarentzat, larrialdi klimatikoak, baliabideen eskasiak eta orain lehorteak erakusten diguten moduan. Hona etortzen diren haurrak ezin ditugu aldaketa klimatikoaren errudun bilakatu, baizik eta kontrakoa, egoera horri buelta emateko protagonista izan daitezkeela sentiarazi nahi diegu: naturatik dena jasotzen dugu, eta horretaz ohartzen bagara, gizarte aldaketa bultza dezakegu”.

Ekintza guztietan hiru ardatz 

Hiru ardatzetan oinarritutako eskaintza pedagogikoa egiten die Gure Sustraiak baserri eskolak ikastetxeei, goiz baterako, egun baterako, bi egunetarako, hiru egunetarako, astebururako nahiz aste osokorako: ingurumen hezkuntzan, garapenerako hezkuntzan eta ekonomia sozialean oinarritutako pograma pedagogikoak. Tailerrak eta ibilbideak tartekatzen ditu eskaintzak, ikastetxe bakoitzak, bere beharren arabera, osa dezan egonaldia. Besteak beste, ogi tailerra, ukenduen tailerra, kandelena, habia kutxena, nendo-dangoen tailerra, energia lantzekoak edota baso bainuak eskaintzen dituzte.

Eskaintza guztiek hiru ardatzak konbinatzen dituzte eta edukietan baino gehiago bizipenetan oinarritzen dira. “Programa horien helburua gure bisitariei ingurunearekiko jasangarritasun eta errespetuzko balioak txertatzea da, hala nola, haien eguneroko bizitzan alda ditzaketen ohiturak erakustea. Jarduera guztiek osagai pedagogikoa eta ludikoa dute eta nahieran konbinatzen dira interpretazio ibilalditxoak eta ibilbideak, tailerrak eta talde dinamikak”.

Metodologia barneratzailearen bidez, zeharka kontzeptu eta eduki ugari lantzen dituzte baserriko hezitzaileek haurrekin: garapenaren hezkuntza, bizikidetza positiboa, elkartasuna, inklusioa, errespetua, kulturartekotasuna, tolerantzia, eta abar. “Modu honetan gure inguru hurbilenarekin eta globalarekin interakzio bat lantzen dugu, jasangarritasunaren alderdi soziala, ekonomikoa eta ingurunearena ezagutuz”.

Oroz gain, Gure Sustraiaken aberastasun handiena bertako bizitza da. Astoak, ardiak, zaldiak, ahuntzak, zerriak, untxiak eta hegaztiak bizi diren etxaldea haurrei zabalik dago eta horrez gain, aterpetxea, baratzea, negutegia, animalien bazkalekuak, belardiak eta beste aukera ugari eskaintzen dituen ingurune paregabean dago aterpetxea. Harizti aberats bat du ondoan, Artetako iturburutik gertu dago eta gatzaga bat eskura duenez, ibilbide ugaritarako abiapuntua da Gure Sustraiak.