HAURTZAROA GAITASUNEZ ETA AHALMENEZ BETERIKO GARAIA DELA SINETSIRIK ETA FAMILIAK AHALDUNTZEKO XEDEZ, ‘PLISTI PLASTA’ FAMILIA ETA JOLAS GUNEA IREKI DUTE LIZARRAN.

Duela gutxi sortu duzue Plisti Plasta. Familian egoteko eta jolaserako gune gisa definitu duzue. Zer da zehazki? 
Hiru zutabetan egituratuta, hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu Plisti Plastan. Batetik, goizeko jolas gunea daukagu. Familiek, euren nahien arabera, haurrak gurekin uzten dituzte 9etatik 13etara. Bi hezitzaile gaude —Itsaso Martin eta biok— 0 eta 3 urte arteko 11 haurrekin, eta jolasean eta mugimendu askean oinarrituz egiten dugu lan, barruko eta kanpoko espazioa uztartuz. Bigarrenik, arratsaldeko jolas gunea daukagu. Familian egon eta jolasteko espazioa da. Astean zehar 17:00etatik 19:00etara eta larunbatetan 17:30etik 20:00etara edukitzen dugu irekita. Bi espazio bereizten ditugu arratsaldeko jolasgunean: bata, haur txikientzat, seguru eta lasai egon daitezen; bestea, berriz, mugimendu askoko eta esperimentazioko etapan dauden haurrentzat. Hareatoki bat ere badaukagu, sekulako arrakasta duena. Eta hirugarrenik, familia gunea daukagu.  

Familia gunea da lanketa handiena eskatzen dizuena.
Bai. Izan ere, familia gunearen egiteko nagusia da gurasoak ahalduntzea. Gaur egun, haurren zaintzaren eta heziketaren gainean, toki askotatik presio handiak izaten dituzte familiek. Haurrarekiko begirada ezkor bat sumatzen dugu. Pediatrak esan diezazuke: “Oraindik ez da katuka ibiltzen?”. Eta aiton-amonek: “Oraindik ez al da hitz egiten hasi?”. Gurasoekin elkar-tzen garenean, saioaren lehenengo partean, haurra behatzen dugu elkarrekin eta dagoeneko egiteko gai den horretan jartzen dugu arreta. Adibidez zera esan dezakegu: “Begira nola ematen duen bira”, edo “ikusi al duzu nola sartzen dituen gauzak kaxan?”. Hala, gurasoak positiboki baloratzen hasten dira euren seme-alabak egiteko gai diren hori, eta pixkanaka, umearen ekintzen aurrean segurtasunez eran-
tzuteko gauza sentitzen dira eurak ere. Gurera datozen familiek izugarri eskertzen dute epaituak ez izatea.  

Materiala, espazioaren antolaketa eta giroa asko zaintzen dituzue Plisti Plastan. Zein oinarri pedagogiko har-tzen dituzue kontuan?
Piklerren oinarriak kontuan hartzen ditugu, baita Reggio Emiliatik datorkigun ikuspegi zabal hori ere, edota Berlingo Strandgut espazioa bezalako ereduak, etab. Zentzu horretan bi oinarri nagusi izaten ditugu kontuan: batetik zaintza uneei —jaten ematekoa, pixoihala aldatzekoa, loaraztekoa…— garrantzia ematea; eta, bestetik, jolas librea, uste baitugu haurraren garapenerako jolasa dela zentralitatea. Materialei dagokienez, berriz, gehienak desegituratuak dira eta egurrezkoak, metalezkoak, kortxozkoak… plastiko gutxi dago. Baina material egituratuak ere baditugu —panpinak, sukaldea, oihalak…—, bereziki jolas sinbolikoa ahalbidetzeko.

Kanpoko espazioari ere berebiziko garrantzia ematen diozue.
Bai, gu egunero irteten gara kanpora; egin euria, ari elurra, ibili haizea… Bat egiten dugu pedagogia berdearen irizpidearekin, eta argi daukagu ez dagoela eguraldi txarrik, arropa desegokia baizik.

Familiak, oro har, zeren bila datoz?
Gizarte honek abiadura handiko ekin-tzak eta estimuluz beteak eskaintzen ditu, eta haurrek ezin dute jolasaz disfrutatu. Familientzat hona etortzea arnasa hartzea bezala da. Espazio honetan haurrak segituan jolasera lotzen direnez, mendekotasunetik autonomiarako bidea egiteko leku aproposa da, eta familiak horren jakitun dira.