Grego eta Sorkun bihurtuko dira oholtza gainean Beatriz Egizabal eta Anduriña Zurutuza. Gaztetatik adiskide minak badira ere, hogei urte egin dituzte elkar ikusi gabe. Arrazoia? Familia. Maiatzean estreinatu dute Jo!antzezlana eta emanaldi gehiago izango dituzte udazkenean.
Sorkun eta Grego dira Jo! antzezlaneko pertsonaiak. Aurkeztuizkiguzue Sorkun eta Grego, mesedez. Nor dira?
Beatriz Egizabal: Gaztaroko adiskide minak dira, erdi bolloak dira, nahiz eta ez izan lesbiana. Gaztaroan, gauza berriak bizitzen hasten garenean bizi dugun adiskidetasun min hori irudikatzen dute Gregok eta Sorkunek. Adiskidetasuna, ordea, bertan behera gelditu da familia sortu dugunean.
Anduriña Zurutuza: Desagertu egiten gara sozialki ama izaten garenean.
B. E.: Ni Grego naiz. Grego emakume bat da, adinean aurrera doana eta nire lagun min Sorkunekin topatzean, biok konturatzen gara ez dugula elkar ikusi 20 urtetan. Gregok esplikatuko du zertan pasatu duen bizitza impasse txiki horretan.
A. Z.: Impasse “txiki” horren arrazoia familia osatzea da. Adiskideak banandu egiten gara familia sortzen dugunean. Sorkun ere antzeko egoeran dagoen emakumea da. Ikuskizunean bi pertsonaion arteko ezberdintasuna izango da Gregok bizipenak hitzez esplikatzen dituela eta Sorkunek fisikotik, ni antzerki fisikoagotik bainator.
Antzezlana iragartzeko kartelean boxeoko eskularruak jantzita ageri zarete. Amatasunari egurra emango diozue?
A. Z.: Bai, amatasunari egurra ematen diogu. Impasse horren ondoren topatzen gara eta Gregok eta Sorkunek erabakitzen dute elkarrekin zerbait egin nahi dutela, eta zer izango da ba? Gimnasiora elkarrekin joaten hastea pentsatzen dute. Gimnasioan egiten ditugun ariketen bidez, familiari loturiko hainbat gai jorratuko ditugu.
B. E.: Bi zati bereiziko nituzke antzezlanean. Batetik, sarreran, pertsonaiak aurkezten direnean, hor amatasunari buruz hitz egiten dugu, batez ere, hainbeste denboran ikusi gabe egoteko arrazoia amatasuna izan baita. Gero, gimnasiora sartuko gara eta gai ugari jorratuko ditugu: estetika, elikadura, erlaxazioa, norberarentzat denbora hartze hori… eta bukaeran, ariketen artean, boxinga egongo da.
Zergatik aukeratu duzue gai hori? Nolatan iritsi zarete zuek biok antzezlan hau sortzera?
A. Z.: Duela 20 urte Bea eta biok elkarrekin clowna egiten hasi ginen Oihulari Clownen eta konexio izugarria izan genuen. Gero bakoitzak bestelako gauzak egin ditu, baina beti izan dugu elkarrekin beste zerbait egiteko gogoa. Elkartzen ginen guztietan, ordea, bakoitzak bere familiako kontuak izaten zituen hizketagai eta inoiz ez genuen sortzen hasteko denbora hartzen. Behin elkarrekin zerbait berria sortzeko serio elkartu ginenean, argi geneukan geuretik aritu nahi genuela, benetan ukitzen gintuen zerbait jorratu nahi genuela.
B. E.: Komikotasunetik gatoz biok, hori da gure erregistroa eta umorea egin nahi dugu. Geure buruaz barre egiten moldatzen gara gu ondoen. Guretzat zerbait katartikoa eta terapeutikoa izan da antzerkian amatasunaz hitz egitea, baina impasse horretara eta adiskidetasuna apurtzera eraman gaituen gakoa ez da soilik umeak eduki izana, gakoa egitura hetero-monogamo- patriarkala da.
Ados. Beraz, amatasuna baino gehiago, patriarkatua duzue jomugan.
B. E.: Guztiz! Kontua da, umeak dauzkazunean patriarkatuak eztanda egiten dizula aurpegian!
A. Z.: Haurrak izan aurretik inork ez dizu esaten benetan zer datorkizun, guztia super polita eta zoragarria dela esaten da, eta hain zoragarriak ez diren gauza gogor horiei guztiei buruz ez da hitz egiten.
B. E.: Ez da batere hitz egiten familiaren eta bikotearen egituraren barruan dagoen biolentziaz. Eta biolentzia aipatzen dugunean ez da inork jotzen gaituela, baizik eta egitura bera biolentoa dela esan nahi dugu. Horrek sufrimendu handia ekartzen digu, amatasunaren esperientzia porrot moduan bizi dugulako. Behingoz gure familia osatu dugu, dena ondo doa itxura batean, baina zerbait dago emakumeak geure buruarekin gustura ez sentitzera eramaten gaituena! Arazoa gu geu garela pentsatzen dugu eta terapiara joaten gara geure burua konpontzeko. Baina ez dugu auzitan jartzen egitura bera dela arazoa. Guk drama hori umoretik jarriko dugu auzitan.
Bideak berak eraman gaitu gu benetan lokatzetan non gauden ikustera: familian. Hor bai, hor egin diezaiokegu barre geure buruari
Beatriz Egizabal
Jo! antzezlaneko aktorea
Beraz, zuen antzezlanarekin terapia soziala egiten duzuela esan al daiteke?
B. E.: Gure asmoa, batez ere, jendeak ondo pasatzea da. Eta ondo pasatze horretan hausnarketa batzuk eta zirkuitulabur batzuk eragiten baldin baditugu gustura geldituko gara. Gai horiei buruz hitz egiteko tabu asko daude eta guk gure errealitatea oholtza gainean jarriko dugu. Bai emakumezko zein gizonezko, guztiak senti daitezke identifikatuak antzezlana ikustean, eta euren buruez barre eginaz obrak terapia moduan balio badie, primeran.
Badago pizkunde bat euskal sorkuntzan amatasuna ikuspegi kritiko eta feministatik jorratzekoa. Korronte horrek animatu zaituzte?
B. E.: Feminismoaren laugarren olatu honek gauza asko hankaz gora jarri ditu eta hausnarketa asko eragin ditu, baita amatasunaz ere. Ama izan garen feministok hitz egin nahi dugu. Diskurtso feminista daukagun emakumeok hainbat gairen gaineko berrirakurketa nahi dugu, behar dugu: hala menopausiarena, nola amatasunarena. Etxe barrukotzat hartu izan diren gaiak oholtza gainean jartzen ari dira. Baina ez dago boom bat. Modan gizonak daude, egon dira eta, oraindik ere, gizonen gaiak daude modan, baita antzerkian ere. Emakumeak gu zeharkatzen gaituzten gaiak oholtzara ekartzen hasten garenean esaten zaigu modan gaudela… baina ez da egia.
A. Z.: Guri gainera, beti esaten zaigu antzerki edo umore feminista egiten dugula, eta gizonenak sekula ez du etiketarik eramaten. Gure antzezlana publiko guztientzako da, gure umorea publiko guztientzako baita. Gainera, emakume umoregile moduan erreferentzia oso gutxirekin ari gara bidea egiten, geure bidea urratzen ari gara eta ez da batere erraza.
Aipatu duzue, biok lan egiteko modu desberdina duzuela, Egizabalek hitza du euskarri, Zurutuzaren lana fisikoagoa izan ohi da, Marie de Jongh-en behintzat. Nola uzartu dituzue bion egiteko moduak?
A. Z.: Ikuskizunean testuak du indarra, baina erregistro fisikoak kontrako ikuspegia ematen dio lanari. Bakoitzaren indarguneak baliatzeko eta uztartzeko ahalegina egin dugu. Elkarrekin sortu dugu guztia.
B. E.: Elkarrekin sortzeko gogoa geneukan, baina bidean erabat aldatu da proiektua. Lehen ideia euskal dantzei ikuspegi feminista batetik begiratzea zen (barreak), baina gu ez gara dantzariak eta dagoeneko dantzariek askoz lehenagotik egin dute kritika hori! Nola egin diezaiokegu barre eta kritika geurea ez den gai bati? Bideak berak eraman gaitu gu benetan lokatzetan non gauden ikustera: familian. Hor bai, hor egin diezaiokegu barre geure buruari.