Pump track-ak
Gero eta gehiago zabaltzen ari dira Euskal Herrian pump track direlakoak. Gurpilen gainean ibiltzeko zirkuituak dira, bizikletan, patinetean… Bertan, aldapan gora eta behera, aurrera eta atzera ibiltzen dira haurrak zein helduak. Izan ere, kirola egiteko leku aproposa dira eta adin eta maila guztietako pertsonak ibil daitezke zirkuituan bakarka, taldean zein familian. Eskolako irteerak egiteko aukera berria izan daiteke, mugikortasunaren aldekoa eta, gainera, doan
Haurrek zein helduek kirola egiteko leku aproposak dira pump track-ak. Bihurguneak, aldapak, jauziak… Irregulartasunez betetako zirkuituak dira eta lurrarekin, egurrarekin edo asfaltoarekin egindakoak izan litezke. Gainera, pump track bakoitzak kokalekuaren araberako berezitasunak ditu. Izatez, mendiko bizikletekin ibiltzeko zirkuitu txikiak dira, baina patinekin edota patinetearekin ere ibil daiteke bertan, edozein motako gurpilen gainean ibiltzeko baitira. Euskal Herri luze-zabalean gero eta ohikoagoa da herri barruan zein kanpoaldean pump track-ak ikustea, eta eskolako nahiz eskolaz kanpoko jarduera aproposa izan daiteke adin guztietan haur eta gaztetxoentzako. Gainera, mugikortasunaren eta jasangarritasunaren mesedetan, eskola-ingurunetik pump track eremura berera bizikletaz edo patinetez bide gorritik joatea ere ariketa erantsia izan daiteke irteera egun baterako. Haurrek kirola segurtasunez egin dezakete pump track-etan —beti ere kaskoa eta behar diren babesgarriak jantzita— eta zirkuitua nahi duten moduan egin dezakete; norberak bere mailara eta gaitasunetara egokitu baitezake pistaren erabilera. Haur eta nerabe bakoitzak bere gaitasunak eta mugak ezagutzeko baliagarriak dira gisa honetako zirkuituak. Mendira joan gabe, zirkuitu itxi batean, aldapetan gora eta behera ibiltzeko aukera ematen diete pista horiek; norbere gaitasunen arabera ibiltzen da kirol jarduera dibertigarriaz gozatuz eta lehiakortasunik gabe. Koordinazioa eta psikomotrizitatea lantzeko espazio ezin hobeak dira eta kirola aire zabalean egiteko aukera ematen dute. Soin-heziketako orduetarako ez ezik, txango bat antolatzeko leku egoki bilakatu dira pump track-ak. Gero eta pump track gehiago daude Euskal Herrian eta gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu; adin eta maila guztietako pertsonak ibiltzen dira gurpil gainean. Batzuek aisialdirako erabiltzen dituzte eta beste batzuek, berriz, entrenamendurako. Besoen eta hanken bidez inertzia eta orekari eustea da gakoa. Eta batez ere, ongi pasatzea.
Pump-track ugari eskura
Bi hamarkada dira AEBtan eta Australian lehenengo pump track-ak sortu zirela eta Euskal Herrian gero eta gehiago zabaltzen ari dira. Trapagaranen egin zuten lehena 2014 urtean eta ordutik hona etengabe ari da hazten pump track kopurua gurean. Trapagarangoaz gain, Bizkaian, Ugao-Miraballesen, Zornotzan, Karrantzan, Barakaldon, Atxondon, daude, besteak beste, eta Abadiñon 2022 hasieran hasiko dira bertako pump track-a eraikitzeko lanak. Gipuzkoan, esate baterako, Astigarragan, Legorretan, Beasainen, Villabonan, Legazpin, Idiazabalen edota Donostian, daude. Euskal Herriko herrialde guztietan aurki daitezke; Iruñean, Igantzin, Gasteizen, Hendaian, Donapaleun… badira pistak dagoeneko. Amikuzen urte honen amaieran eraikitzen hastekoak dira.
Batzuek zirkuitu bakarra dute eta beste batzuek gehiago. Beasainen, adibidez, haurrentzako eremua eta helduentzako eremua bereizi dituzte.