“Nolako eskola amesten duzu?” geure buruari itaunduta, geuk ere “ikasle guztiguztientzako” erantzuten badugu, badaukagu zer eginik, badakigu nondik hasi. Egin dezagun gure esku dagoena, eta jarrai dezagun, gehiago egin dezakeenari egin behar duena exijitzen, sare eta lurralde guztietan.

 

Nolako eskola amesten duzu? Galdetu diegu, alerik ale, hezkuntzako adituei elkarrizketa nagusian. Eta askotan, bi aletatik batean, “ikasle guzti-guztientzako eskola”, amesten dutela esan digute. Oraingo honetan ere, Carlos Magro Mazo hezkuntzako aholkulari independenteak ikasle guzti-guztientzako eskola amesten duela erantzun digu. Beraz, gaur egungo eskolak ez dira, oro har bederen, ikasle guztientzako. Premisa horrek zer pentsatu handia eman beharko liguke hezkuntzan dihardugun guztiguztioi.

Eskolan leku segururik aurkitu ez duten ikasleen lekukotasunak jaso ditugu zenbaki honetan, arrazializatu izateagatik, edo transexuala izateagatik, edo ijito izateagatik… “ijito izanik ez zara inora iritsiko” errepikatzen zion irakasleak Antonio Duali ikasle garaian, eta institutu berera hezitzaile moduan praktikak egitera itzuli zenean, irakasle berak “ijitoa izanik ez zara inora iritsiko” esaten jarraitzen ei zion beste ikasle ijito bati… Ageriko irainez, tratu txarrez eta isekez harago, erreferentzien gabezia, materialen zurruntasuna, curriculumaren uniformizazioak haur asko eskolatik at uzten ditu, Dualen moduan. Baita ikasle batzuekiko espektatiba baxuak izateak ere.

Magro Mazok elkarrizketan dio hezkuntzaren printzipio nagusia “hezten den ikaslearen gaitasunetan sinestea” dela, ikasle guzti-guztien gaitasunetan sinestea, beraz, eskola guztientzako izango bada. Horretarako funtsezkoak dira, konfiantza eta begirada, haurrak, nerabeak eta gazteak, batetik, euren buruarekiko konfiantzaz hornitzea, baina baita, ikaslearen eta irakaslearen harremana ere konfiantzan eraikitzea. Ikasle guzti-guztiekin: “Konfiantzazko begirada izan behar dugu. Hezkuntzak giza subjektuaren aukerak esploratzen ditu, eta esplorazio hori hezkuntza erlazioaren bitartez garatzen da. Erlazio oso-oso etikoa da, hezitzailea ikaslearen kargu egiteaz konprometitzen da”.

“Nolako eskola amesten duzu?” geure buruari itaunduta, geuk ere “ikasle guzti-guztientzako” erantzuten badugu, badaukagu zer eginik, badakigu nondik hasi. Egin dezagun gure esku dagoena, eta jarrai dezagun, gehiago egin dezakeenari egin behar duena exijitzen, sare eta lurralde guztietan.


Etienne Poverel eta Angel Sagaseta de Ilúrdoz, gaur egun ezezagunak, Euskal Herriko eskoletan irakatsiko dira egunen batean

Jose Mari Esparza