Hernaniko ikastetxe guztiek bat egin dute Gu Geok plataforman.

 

Hernaniko ikastetxe guztiek bat egin dute Gu Geok plataforman, “ikastetxe guztietatik euskararen erabilera azkartzeko xedeari erantzuteko”. Euskararen erabilera sustatzeko, euskal kulturaren transmisioa indartzeko eta euskararen egoeraren kontzientziazioan sakontzeko helburuarekin, dekalogo bat onartu dute ikastetxe guztietako klaustroek.

 

Hernaniko ikastetxe guztiek bat egin dute euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Aratz Ikastolak, Elizatxo Ikastolak, Hernani BHI institutuak, Hernaniko Haur eskolak, Langile Ikastolak, Txirrita Ikastetxeak eta Urumea Ikastolak Gu Geok plataforma osatu dute, euskarari hauspoa emateko. Urrian aurkeztu zuten plataforma Hernanin, urtebeteko prozesuaren ondoren. “Herriko ikastetxeetan euskararen erabilera eta euskal kulturaren transmisioa bizitzen ari ziren moteltzeak kezkatuta”, galdetegi bat zabaldu zuten ikastetxe guztietako hezitzaileen artean, “herriko argazki orokorra egiteko”. 

Hernaniko ikastetxe guztietan euskararen erabilera moteltzen ari dela erakutsi zuen argazki orokor horrek, galdetegiaren erantzunekin osatutakoak, eta agerian jarri zuen “euskararen egoerarekiko kontzientziaren lausotzea ere”, Hoki Guerrero Urumea ikastetxeko zuzendariak azaldu zuenez. “Euskal kulturaren transmisioaren apaltzea hauteman dugu. Euskara eta euskal kulturaren transmisioa eskolako ikasgai edo ekintza zehatzetara mugatzeko joera dago”, erantsi zuen irakasleak, Gu Geok plataforma aurkeztean.

Hizkuntzen trataeran bereizketarik ez egiteko joera antzeman dute jada, hau da, euskararen zapalkuntza eta egoera minorizatua berariaz aintzat ez hartzeko joera: “Hizkuntza guztiei trataera bera emateko joera sumatu dugu, gizartean elebitasun orekatu batean biziko bagina bezala —adierazi zuen Agurtzane Rama Langile Ikastolako ikasketaburuak—. Elebitasuna ulertzeko modu desegokia da hori, euskarak bizi duen egoera soziolinguistikoari eta gizartean nagusi den diglosia egoerari muzin egiten dion jokabidea den heinean”. Hernaniko irakasleek nabarmendu dutenez, funtsezkoa da ikasleei diglosia egoeraren berri ematea: “Ikasleei ez zaie baliabide nahikorik ematen, euskarak bizi duen azpiratze eta minorizazio egoera ulertzeko. Horren ondorioz, gero eta konplexuagoa da diskriminazio positiboan oinarritzen diren eta euskalduntze prozesua sustatzea helburu duten neurri hezitzaileak aplikatzea ikasleen hizkuntza gaitasunaren nahiz euskaren erabilera ohituren kaltetan”.

Euskal kulturaren transmisioan ere, eten garrantzitsua sumatu dute irakasleek. Galdetegiak euskal kulturaren transmisioaren defizit handia nabarmendu du, Aratz Ikastolako Mari Carmen Guerrerok adierazi zuenez: “Euskara bere unibertsotik bereizteko joera antzeman dugu; alegia, euskara bere lurraldetik eta kulturatik bereizita transmititzeko joera, euskararen herriaren osotasuna aintzat hartu gabe: hizkuntza, kultura eta lurraldea”. Gabezia horri loturik eta Hernaniko ikasleek erabiltzen duten ikasmateriala azterturik, ondorioztatu dute “euskaren lurraldeari eta Euskal Herriaren errealitateari muzin egiten dioten testuliburu eta materialak direla nagusi” Hernaniko eskoletan “Historian eta Geografian  nahiz ekonomia eta gizarte gaietan”.

 


Euskara bere unibertsotik bereizteko joera antzeman dugu; alegia, euskara bere lurraldetik eta kulturatik bereizita transmititzekoa, euskararen herriaren osotasuna aintzat hartu gabe: hizkuntza, kultura eta lurraldea

 

Mari Carmen Guerrero, Aratz ikastola


 

Galdetegiaren erantzunek erakutsi dieten argazkiarekin kezkatuta, oinarrietara jotzea erabaki dute ikastetxe guztiek aho batez, Guerrerok adierazi zuen moduan: “Euskal hezkuntzaren funtsezko printzipioa zein den gogora ekartzeko beharra sentitu dugu, hots: hezkuntza-komunitate guztiari dagokioeuskalduntze-prozesuaren eragile aktiboa izatea, irakasle, hezitzaile nahiz guraso izan. Gure aldetik, azpimarratu nahi dugu guztiok garela euskara irakasle, eta euskararen biziberritzean eredu izateko ardura daukagula ikastetxeok”. Kontuan hartu dute eskolaz kanpoko faktoreek eta beste sozializazio eremu batzuek eragin erabakigarria dutela, euskalduntzearen auzian, baina ,edonola ere, “hezkuntzan jauzi bat egiteko dagoen beharraz kontziente izanik, beren ekarpena egiteko erabakia hartu dute klaustro guztiek”. 

Horrenbestez, irakasleen, eskolen eta herriko eragile askoren artean urtebeteko hausnarketa prozesua egin ostean, dekalogo bat osatu du Hernaniko Gu Geok plataformak, “eskola guztietatik euskararen erabilera azkartzeko xedeari erantzuteko”, eta herriko ikastetxe guztietako klaustro guztiek onartu dute. Hauxe da dekalogoa:

 

 

1- Euskararen diziplinarteko izaera indartzea. “Ikasgai guztiak eta ikastetxeko egoera guztiak dira ikasleen hizkuntza gaitasunak eta hizkuntza joerak hobetzeko abagune, eta gutxieneko eskakizun hori barneratu beharko lukete”.

2- Euskal hiztun aktiboak heztea. “Ez da aski euskara irakastea. Euskal hiztun aktiboak sortu behar ditu eskolak, euskal unibertsoarekiko atxikimendua eraiki: arlo arrazionala eta emozionala garatu”.

3- Soziolinguistika, ikasleen prestakuntza arlo gisa. “Heziketa soziolinguistikoa garatu behar da, ikasleei gizartearen hizkuntza praktikei buruz hausnartzeko baliabide analitikoak eskaintzeko eta ikasleen hizkuntza jarreretan eragiteko, eta diglosia modu kritikoan interpretatzeko gakoak eman”.

4- Elkarbizitza eta kultura aniztasuna. “Euskal kulturaren biziraupenarekin konprometitzeak aniztasunaren alde egitea dakar. Kulturartekotasuna landu behar da, hizkuntza eta kultura gutxituen ardatzetik, euskara eta euskal kultura guztion topaleku izan daitezen”.

5- Arnasguneak eskoletan. “Berrikusi iIkasleen multzokatze ereduak: baliatu hizkuntza ohiturak zaintzeko eta indartzeko. Sortu euskararen erabilera sustatuko eta babestuko duten espazioak”.

 

 

6- Euskaldunon ahalduntzea. “Euskaldun izateaz harro, gure hizkuntza eta kultura eskubideak bermatu eta aldarrikatu behar ditugu”.

7- Curriculumaren euskal dimentsioa jorratzea. “Euskal Herriko mendiak, artea,estatistika datuak, pentsalariak, musikariak, youtuberrak… Landu Euskal Herriko zazpi herrialdeak erreferentzia gisa Matematikan, Zientzietan, Teknologian, Gorputz Hezkuntzan, Musikan eta gainerako arlo eta ikasgaietan. 

8.- Testuliburuak eta material didaktikoak. Aukeratu eta erabili euskararen herria (Euskal Herria) aintzat hartzen duten testuliburuak eta materialak”.

9- Euskarazko kulturgintzaren zaleak sortzea. “Adostu estrategiak, gazteek euskarazko kulturgintzaren sorkuntzarekiko zaletasuna izan dezaten. Bilakatu hori ikastetxeen lan ildo, eta bihurtu irakasle guztiak eragile. Ekar ditzagun eskolara abeslariak, idazleak, aktoreak… Busti eskola euskarazko kulturgintzaz. Ekarri erreferentzia diren emakumeak zein gizonak era orekatuan, integratu emakumeen jakinduria, eta landu haien ekarpen sozial nahiz historikoa”.

10- Hezkidetza eta euskara. “Landu Euskal Herriarekiko atxikimendua hezkidetzan oinarritutako ardatzak aintzat hartuta”.

Prozesuak aurrera jarraituko du

Dekalogoa ez da paperean geldituko; ikastetxe bakoitzak bere prozesua jarraituko du, eta urratsak egingo ditu aurrera. Hainbat ikastetxek euren hezkuntza proiektuan txertatu dute dekalogoa; Urumea ikastetxeak eta Langile Ikastolak, adibidez. Langile ikastolan, gai pedagogikoak lantzen dituen curriculum batzordearen bidez landu dituzte, lehenik, galdetegia eta emaitzak eta, ondoren, dekalogoa, Ramak adierazi zuenez: “Hor ikusi genuen dekalogoan dauden puntu batzuk betetzen ditugula dagoeneko ikastetxean, eta beste batzuei buruz hausnartu egin behar dugula. Etapa guztietara eraman genuen dekalogoa, eta, guztiek onartu ondoren, dekalogoarekin bat egiten genuela adierazi genuen. Ondoren, gure hezkuntza proiektuan txertatu genuen dekalogoa, eta etortzen diren irakasle berriek badakite gure eskolaren hezkuntza proiektuaren parte dela dekalogoa”. 

Antzeko prozesua egin dute Urumean; Euskara Batzordetik, ordea, Garbiñe Makatzagak azaldu zuenez: “Lehendabizi, galdetegiaren emaitzak partekatu genituen; atera ziren kezkak mahai gainean jarri ziren, eta geure burua non ikusten dugun aztertu genuen. Aurrerapausoak ematen jarraitzeko guretzat erabilgarri zer den aztertu genuen. Gero, talde eragilean dekalogoa jorratu ondoren, berriro eskolako Euskara Batzordean aztertu zen; ziklo eta etapa guztietako ordezkariak daude batzorde horretan. Ziklo bakoitzean aztertu zen zer egiten duten; adibidez, zer mapa eredu erabiltzen dugun, nola lantzen dugun ahozko hizkuntza… Dekalogoari begira gure indarguneak eta ahulguneak zein diren aztertu genuen”. Klaustroan dekalogoa onartu ostean, ikastetxeko hezkuntza proiektuan txertatu zuten. “Ikastetxeko hezkuntza proiektuek biziak eta dinamikoak izan beharko lukete, eta guk hezkuntza proiektuan txertatu dugu, ikastetxearen esparruan sartzeko”.

Dekalogoa aurrera eramateko, hasi dira ikastetxeak dagoeneko aldaketak egiten. “Urumean, testuliburuak erabiltzen ditugu, eta, gure testuliburuetan, ez dira zazpi lurraldeak ateratzen; baina irakasleek, dagoeneko, ikas egoera gisa hori lantzeko material gehigarria erabiltzen dute. Beraz, aldaketa hori lehendik eginda zegoen, baina idatziz jasotzeak eta hezkuntza proiektuan txertatuta egoteak irakasle berriak datozenerako hori dagoeneko sistematizatuta egotea dakar, eta denek berdin funtzionatzea”, azaldu zuen Makatzagak.

Hemendik aurrera, Gu Geok plataforma dekalogoa gauzatzeko eta esperientziak partekatzeko baliatuko dute; “bakoitzak berera ekarri behar du dekalogoa, askotariko errealitateak baitaude. Baina elkarren berri izateak eta besteen esperientziak ezagutzeak lagundu egingo digu”, adierazi zuen Ramak.